ander perez zala
2024ko Galiziako Parlamenturako bozak. Analisia.

Galiziako kanpainako pertzepzioak

2024ko otsailaren 17a
05:05
Entzun

Galiziako Parlamenturako hauteskundeen kanpainaren aurreko inkestetako batean, iragan urtarrilaren 25ean argitara ateratakoan, alderdien emaitza posibleak emateaz gain, CIS Espainiako Azterketa Soziologikoen Institutuak beste bi datu giltzarri eman zituen. Herritarren %79k uste zuten PPG Galiziako Alderdi Popularrak irabaziko dituela biharko bozak, baina soilik %37k nahi zuten alderdi hori gailentzea.

Kopuru horiek agerian utzi zuten zein garrantzitsuak diren pertzepzioak politikan. PPGren nagusitasuna agerikoa da Galizian, batez ere parlamenturako bozetan, eta horrek etsipen eta desmobilizazio historikoa sortu du ezkerreko boto emaileen artean.

BNG Bloke Nazionalista Galiziarren eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistaren kanpainako erronka eta helburua, hortaz, pertzepzio hori aldatzea izan da. Aldaketa posible dela, PPGk gehiengo osoa galdu dezakeela, 2005ean gertatu bezala. Alde horretatik, deigarria izan da bi alderdi horien estrategia, baina, batez ere, BNGrena: kanpaina positiboa egitea, ilusioarena, Agora! (Orain) lelopean. Itxaropenak askoz ere gehiago mobilizatzen baitu beldurrak baino. Halere, lelo horrek ultimatum —negatibo— moduko bat ere ematen du, zeharka; ez bada aurten —«orain»—, ez dela inoiz izango aldaketarik.

Behintzat, ezkerrak jakin izan du goranzko joera bat diseinatzen. Eta hori aintzat harturik abiapuntua ez zela erabat egokia izan. Joan den uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozetan, ezkerreko alderdiek eskuinekoek baino 30.000 boto gehiago lortu zituzten Galizian, eta, beraz, helburua eskaintza hori errepikatzea zen; hau da, albiste txarra izan zen Sumar eta Podemos oraingoan ez elkartzea.

Galiziako Parlamenturako hauteskundeak, noski, ez dira Espainiako Gorteetarakoak. Ezkerreko boto emaileak gutxiago mobilizatzen dira, ziurrenik, PPGk galdu ezin duelako pertzepzioagatik; hori da hipotesietako bat. Beste teoria bat da Espainiako Gorteetarako bozetan PSOEren alde egiten duten batzuek PPGri ematen diotela botoa Galiziako Parlamenturakoetan.

Hurrengo datu interesgarria: CISen urtarrileko inkesta horren arabera, BNGren Xuntarako presidentegai Ana Ponton da baloraziorik handiena duen hautagaia. Kanpainan argitaraturiko beste inkestek ere hori berretsi dute. Ez da gutxiagorako informazioa, lehen aldia baita oposizioko buruzagiak irudi hobea duela Galiziako gobernuburuak baino. Eta Pontonez iritzi ona dute, gainera, PPGren boto emaileen %40k; antza, alderdi horri botoa eman dioten batzuek ezkerreko alderdi subiranistaren alde bozkatuko dute bihar.

Aurrez aipaturiko guztiak pare bat ideia indartu ditu atzo arteko ibilbidean, zeinak hilaren 5eko TVG Galiziako telebista publikoan egindako eztabaidan islatu ziren. Batetik, Pontonen irudi presidentzialista, eta botoa BNGn kontzentratzea dela irtenbidea PPG Xuntatik botatzeko; eta, bestetik, koalizio gobernu bat adostuz gero PSdeGk egingo lukeela Galiziako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko bitartekari lana.

Baina esandakoa: pertzepzioak pertzepzio dira, eta ez dira beti betetzen. 2020ko kanpainan ere indartsu zebilen aldaketaren mezua eta erretorika —ez aurten bezala, noski—, eta, azkenean, PPGk aulki bat gehiago lortu zuen —42, denera—. Hori bai, testuingurua oso ezberdina zen: koronabirusaren pandemia betean egin zituzten —parte hartzea %49 izan zen—, eta Alberto Nuñez Feijook hiru legegintzaldi jarraian eginak zituen Xuntako presidente karguan.

Aurtengo bozetara itzulita, eta parte hartzea aipatuta, ezkerreko alderdiek gutxienez %65ekoa izatea beharko dute egiazko aukera izateko —nahiz eta horrek ez duen ezer bermatzen—; behintzat, aurreko hauteskundeetako datuak aintzat hartuz gero. Erronka handia da hori lortzea; Espainiako Gorteetarako azkenetan %60 ingurukoa izan zen, kasurako.

Horrez gain, hauteskunde sistema aztertuz gero, agerian geratzen da, proportzionalki, Lugo eta Ourense probintziek pisu handiagoa dutela berez dagokiena baino. Hain justu, PPGk bi probintzia horietan lortzen ditu emaitzarik hoberenak; hortaz, ezkerraren itxaropena Coruña eta Pontevedra dira, eta, oro har, Galizian, ezkerreko boto guztiak elkartuta gutxienez babesen %45era iristea. Bide batez, adi Democracia Ourensanari eta atzerriko boto emaileei.

Zein da sentsazioa, behin kanpaina amaituta? PPGk ezer ez gertatzea nahi zuen, eta, egiari zor, kontrakoa gertatu da, denetik ikusi eta entzun baita asteotan. Alfonso Rueda faboritoa da oraindik ere, eta aukera du gehiengo osoari eusteko, uste den baino aukera handiagoa; baina, aldi berean, hilabete hasieran baino egoera askoz ere txarragoan dago. Eta ezkerra, askoz ere hobean.

BNGk eta PSdeGk lortu dute pertzepzioa aldatzea, ezkortasun historikoa atzean uztea. Eta bihar agerian geratuko da ea, hori egiteaz gain, aldaketarako ideia ere irabazi duten. Bi gauza desberdin baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.