Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Genero bortxa politikoa, hauteskunde arma

2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Egutegiak hartaratuta genero indarkeria hizpide izan dugu egunotan munduan. Baita Mexikon ere. Gurean, baina, egun batzuk arinago hasi ginen gai mingots bezain mingarri horren inguruan, Hauteskunde Auzitegiak emakumezko kazetari baten kontrako ebazpena kaleratu zuenean, emakumezko diputatu bati buruz esandakoak genero indarkeria politikoa zela ebatziz.

Andrea Chavez Morenako diputatuak Denise Dresser kazetaria salatu zuen. Zergatik? Dresserrek zera iradoki zuelako abuztuaren 15ean: eztabaida mahai batean Chavez, agintean den alderdian gora egin eta, zehatzago, etxekoak ekitaldi batera eramango zituen hegazkin militar bat bere zerbizura izateko, agidanez, Adan Augusto Lopez Gobernazio sailburu ohiarekin «oheratu» zela. Hauteskunde epaileek ebatzitakoaren arabera, kazetariak isuna ordaindu beharko du, mila bat euro ingurukoa, barkamena eskatu beharko dio diputatuari, emakumeen eskubideen gaineko ikastaroa egin beharko du, epaiaren laburpena X sare sozialean duen profilean argitaratu, eta, Dresserentzat «larria» eta «eskandalagarria» dena, urte eta erdiz bere izena Hauteskunde Institutuak duen generoaren araberako bortxa politikoagatik zigortutakoen zerrendan egongo da.

Ebazpenaren kontrako helegitea jartzeaz batera, kazetariak iritzi zutabea plazaratu du, ernegatuta: «Boterearentzat inpunitatea dago, herritarrontzat berriz, larderia. Hori bada, ebazpen historikoa. Ez da garaipena baina, zentzugabekeria hutsa baizik».

Mexikoko Parlamentuak orain urte bi, 2021eko abuztuan, genero indarkeria politikoa hauteskunde delitu gisa onartu zuenetik, politikagintzan jardun nahi duten emakumeak babesteko, ika-mika dezente eragin ditu araudiaren erabilera arinak. Chavez diputatuaren salaketaren aurrekoa da, esaterako, Xochitl Galvez oposizioaren presidentegaiak Andres Manuel Lopez Obrador egungo presidentearen kontra ipini, eta irabazi zuena. Galvezen hautagaitzari kritika zorrotzak eta ironikoak egin zituenean, eskuineko senatariaren ibilbide politikoa «desitxuratu» izana egotzi zioten epaileek Lopez Obradorri. Goizeko agerraldietan haren izena erabiltzea debekatu zioten.

Aste honetan bertan, Vicente Fox presidente ohiari egokitu zaio salatua izatea. Ohi duen hizkera xaloan, zera zioen Foxek, X sare sozialean, Mariana Rodriguezen inguruan, alegia: «Asko dago irribarre hori eta konpainia dama horren atzean». Rodriguez datorren urteko hauteskundeetan hirugarren lehiakide izango den Samuel Garcia presidentegaiaren emaztea da.

Mexikoko Parlamentuak orain urte bi genero indarkeria politikoa hauteskunde delitu gisa onartu zuenetik, ika-mika dezente eragin ditu araudiaren erabilera arinak.

Rodriguezek berehalakoan erantzun zion presidente ohiari: «Jauna, ez naiz ni konpainiako dama. Emakumea naiz, lizentziaduna, enpresaria, emaztea eta ama. Ez dizut uzten niri horrela hitz egiten, ezta beste ezein emakumeri ere. Ez gara gu osagarriak, ez objektuak, eta ezin diguzu errespeturik galdu, are gutxiago hain modu baldarrean». Epaileen erabakiaren zain, Foxek ezabatu egin du bere X-ko profila.

Alderdiek hauteskunde lehian sartu dute araudia bete-betean, batak besteari min egin, eta arerioaren sinesgarritasuna ahultzeko. Ez zen hori legegileen asmoa. Ezta hurrik eman ere! Izan ere, emakumeen aurkako bortxa politikoaren barruan sartu zituzten emakume izate hutsagatik emakumeengana zuzendutako eraso guztiak, eta era guztietakoak, haien eskubide politikoak urratzeko edo baliogabetzeko asmoz egindakoak, kargua betetzea barne.

Horrexegatik, arestian aipatu hiru kasu horiek legegilearen zinezko asmoak desitxuratzeko balio izan badute ere, genero indarkeria politikoa delitu izateak, Mexikon, on egiten die politikagintzan dabiltzan, edo aritu nahian ari diren emakume xume askori. Elpidia Torres Morelos eskualdeko zinegotzi indigenari kasu. Torresi joan den martxoan eraso zion herriko alkateak, udalbatzan zergatik egin zuen huts argituz medikuaren ziurtagiria eman zionean. Ondoeza sexuarekin lotu zuen barrezka gizonak, aurrean zituen guztien algarak lekuko. Orain gutxi jaso du zinegotziak epaileen babesa.

Garai berekoa da Puebla hiriko hauteskunde epaileen ebazpena. Hiru kazetari zigortu dituzte, eta haien izenak generoaren araberako bortxa politikoagatik zigortutakoen zerrendan sartu, azken udal hauteskundeetan garaile atera zen Claudia Riverari oldartu izanagatik. Kazetariok gogor kritikatu zuten emakumea garaile izan zen hautaketan bere gorputzean ustez izan zituen aldaketengatik. Isekarako gai izan zituzten beraien hedabideetan emakumearen janzkerak, larruazalaren kolorea, ilea eta baita pisua ere.

2024ko hauteskundeetan, 23.000 kargu izango dira lehian, eta, horietatik, 10.000 emakumeentzat izango dira. Halaxe agintzen du hauteskunde legeak. Horrexegatik, eta ika-mika antzuak antzu, genero bortxa politikoa aintzat hartua izateko gakoa beharko du izan, dudarik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.