Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Gentrifikazioan gringoak arazo dira, baina ez arazoa

2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gentrifikazioaren aurkako protestak izan dira egunotan Mexiko Hirian. Atzo bertan azkena. Kexuak aldarri xenofobo bilakatu ziren ezustean. Hori gutxi balitz bezala, halakoetan jada ohikoegiak bihurtu diren eta estolderien kiratsa darion arren anarkista gisa aurkezten den bloke beltzekoen ukitu zakarrek oraindik gehiago desitxuratu zituzten sustatzaileen asmoak. Mexiko mexikarrentzat, hemen espainolez hitz egiten da eta antzeko mezuak zeramatzaten afixak mundu zabaleko hedabideetan eman zituzten argitara, beste irudi batzuekin batera, non erakusten baitzen hainbat dendatako erakusleihoak nola lehertzen zituzten barruko guztiak arpilatzeko eta UNAM unibertsitatearen kulturguneari zer triskantza egin zizkioten. Claudia Sheinbaum presidenteak gogor txarretsi ditu manifestazio horietan entzundako dei xenofoboak eta izandako indarkeria, baina aitortu du, zintzoki gainera, etxebizitza arazo larri bihurtu dela azken urteotan mexikarrentzat.

Egia da estatubatuarren presentzia, nabarmena ez ezik, itogarria ere gertatzen ari dela hiriaren erdiguneko bizpahiru auzotan, baina ez da egia txikiagoa gringo horiek guztiak behingo kontua direla Mexiko Hiria bere osotasunean hartuta. Antzekoak dira Airbnb eta bestelako plataformen kontrako arrazoiak eta egiak. Arazoaren parte dira, baina ez dira egiazko arazoa. Fabrizio Mejia idazle eta analista politikoak egunotakoez hausnartu du, eta, haren ustez, haserrea ez du gentrifikazioak eragin, ordezkapenak baizik: «AEBetako erdiko klase batek Mexikoko erdiko klase bat lekuz aldatu du. Ametsa hautsita, xarma galduta, Starbuck bat kale kantoi bakoitzean izateak ematen duen nortasun globala zapuztuta, eskuin despolitizatu horrek erraietatik atera zaion argudioarekin erantzun du, xenofobiarekin alegia. Eta ez da gringoaren errua. Lurzorua merkantzia gisa hartzearena da errua, eta etxebizitza poltsikoan diru gehiago duenari esleitzearena, hain zuzen».  

MEXIKO. PROTESTA.
Gentrifikazioaren kontrako protesta bat Mexiko Hirian, joan den igandean. MARIO GUZMAN / EFE

Ez da gaitzik, baina, onik ez dakarrenik. Protestak hizpide bihurtu du etxebizitzaren auzia eta, bereziki, Mexiko Hirian pairatzen den etxe falta. Hiriko agintariek beraiek onartzen dute hiriburuan 70.000 etxebizitza berri beharko liratekeela egin urtero. Iaz, halere, 3.500 besterik ez ziren altxatu. Horrek garestiago egin du etxebizitza erosi edo alokatzea, eta ondorioz urtero-urtero 20.000 familiak Mexiko Hiria utzi eta inguruko eskualdeetan hartzen dute bizitoki, nahitaez.

Viri Rios ekonomialariak serio aztertu du gaia, auziaren gaineko xehetasun guztiak ezkerretik landuz. Haren hitzetan, agintarien apustua izan zen joan den mendearen azken hamarkadetan Mexiko Hiritik jendea uxatu, eta etxeak kanpoan egitera behartzea. Maila ekonomiko guztietako 800.000 sendik hiriburua utzi eta Mexiko Eskualdean egin zuten etxea, aberatsen auzoetan batzuek, Ameriketako Estatu Batuetako aldirietakoen antzera, eta txiroen guneetan gehientsuenek, horiek bai ezinbestean. Horrekin batera, baina, ez zela garraio sare publiko egokirik osatu ohartarazi du Riosek. Anabasarako ongarriak izan dira horiek.

Ehunka mila langilek bi eta lau ordu arteko bidaia egiten dute egunero etxetik beharrera joateko, eta, orduaren arabera, apur bat gutxiago berriro bueltan  

Mexiko, munduko herrialderik zentralizatuena ez bada, bigarrena izango da. Administrazioaren egitura guztiak hiriburuan daude, baita multinazional gehientsuenen egoitzak ere. Bizitokia kanpoan, lantokitik urrun. Ehunka mila langilek bi eta lau ordu arteko bidaia egiten dute egunero etxetik beharrera joateko, eta, orduaren arabera, apur bat gutxiago berriro bueltan. Sorgin gurpil horretatik ihes egitea amets bihurtu da askorentzat. Horregatik, gurasoek hiriko burrunbatik ihes egin zuten bezala, haien seme-alabek lantokitik gertu hartu nahi dute etxea orain, etxebizitza berririk kasik ez duen hiri batean. Horrek bai, horrek eragin du gentrifikazioa hiriburuan, auzorik xumeenetan ere alokairuaren prezioa itogarri bihurtzeraino.

Orain agerian geratu da aspaldikoa zen arazoa, Mexiko Hiriak hamarkadetan ez duela hiri plangintzarik izan, hain zuzen ere. Bertokoa ez denarentzat ulergaitza den arren, hirigunearen zatirik gehienak okupatuak izan ziren arestian, nork bere etxea eraikitzeko, ahal eta jakin izan zuen moduan. Gero etorriko ziren, botoen truke, agintariekin tratua egin eta ura, argindarra eta gainerako zerbitzuak lortzea. Horrela handitu zen hiria, zabaleran bakarrik. Izan ere, Mexiko Hirian eraikinen batez besteko garaiera 1,8 pisukoa da, oso txikia inguruko herrialdeetako hiriburuetakoekin alderatuz gero: bost pisu Santiagon, sei Sao Paulon, eta bost Buenos Airesen. Horrela handitu zen gainera hiria, erdigunetik haratago langile kastakoentzat batere atseginak eta seguruak ez ziren auzoz beteta.

Ingurumari horretan ez da falta izan, noski, higiezinen espekulazioari lotutako hamaika errealitate, beste horrenbeste gogoeta idazteko ematen dutenak. Egunotako protestek hizpide bilakatu dute auzia, eta egunero ari dira hedabide guztietan bezala agintarien agerraldietan ere etxebizitzaren inguruan hitz egiten. Hori bai, oso gutxik aipatu dute herri xumearen auzoak biziberritu eta atseginagoak egiteko dagoen premia; edo autoari agintea kendu eta garraio sare publiko sendo bat osatzeko beharra. Eta inork ez du eskatu, nik dakidala, aipatu auzo xume horietan enplegu duina sortzeko. Lekutan geratzen zaie mexikarrei Parisen horren sonatuak diren «15 minutuko hiria» eta halako kontzeptuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.