Protestak herrialde arabiarretan. Leku-lekutan

Gerra justua

Amagoia Mujika,
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Atzo astebete hasi zuen nazioarteko koalizioak Gaddafiren kontrako erasoa, eta Obamak eskua altxatu du. Lehenbailehen, asteburu hau igaro bezain pronto utzi behar du protagonismoa; etxean garesti ordainaraziko diote, bestela. John Boehner errepublikanoak, Kongresuaren bozeramaileak, ez daki zertara datorren AEBek Libiako gerran gidaritza izateak —diru gehiegi xahutzen ari dira— , eta Ekialde Hurbilari begira etekinak zein izango diren azaltzeko eskatu dio; Bahrainen, Yemenen edo Sirian interesak jokoan dituzten honetan, batez ere. Hark erantzun du estatubatuarrei esker milaka hildako saihestu direla, gerra guztietan bezala, beti, giza balioak dira-eta garrantzitsuak, inoiz ez interesak.

Gerra justua baita hau, inork gutxik zalantzan jarritakoa. Helburua Libiako herritarrak babestea delako, diktadoreak bonbardatzen dituen horiek, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren onespenarekin, eta Errusiaren eta Txinaren abstentzio bihozberarekin. Eta herrialde arabiarren babesa duelako. Eta ez dutelako lurraldean esku hartu nahi, Gaddafi derrigortu baizik sarraskia geratzera. Baina Gaddafiren bonbardaketak ez dira geratu, eta Bengazi suntsi dezake mendeku gisa, oposizioak —koalizioaren laguntzarekin— Ajdabija kendu diolako. Albisteetan biktimak zokoratu dituzte; hildakoak, zibilak, eta egoera dagoen baldintzetan, behin esku hartzen hasita, ezin da baztertu —eta ezkutatu— gerra bere forma guztietan.

AEBek gidatutako koalizioak aliantzari pasako dio lekukoa —etziko esaten ari dira—, Libiaren kontrako zigorrak aztertzen ari zirela, otsailaren 24an, NATOk kontrakoa esan zuen arren; ez zuela epe laburrera esku hartzerik pentsatuta, Libia ez zelako mehatxu aliantzarentzat. Ostegunekoa da, berriz, besterik esaten duen adierazpena. Aire eremuan debekua bereganatzea erabaki dute itsasokoa osatzeko, baina ez hori bakarrik, «autodefentsan» ekin dezakeela jakinarazi du Rasmussenek, erakundearen idazkari nagusiak, Libia NATOrentzat mehatxua delako. Gutxienez, kezkagarria bada iradokizuna.

Arabiar Ligak aire eremuaren debekua nahi zuen, baina sinestuta zegoen zibilak babesteko zela soilik. Orain minduta dago herritarrak erortzen ari direlako. Orain eskuak burura eraman ditu NATOk NBEren 1973 erabakia bere egin duen honetan; beldurra du erabakitakoa harago eramango duela.

Munduan ez da inoiz justiziaren izenean egin ez den gerrarik. Baina zergatik orain? Erantzun diezaiola Obamak Boehnerri, eta, giza balioengatik egiten bada, zergatik ez Bahrainen edo munduko beste edozein lurralde mingarrietan? Cameron eta Sarkozy jada esku hartze politikoaz hitz egiten hasi dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.