Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Guadalupekoa, salgai dagoen ama matxinoa

2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Mexikarrak Guadalupe-Reyes izeneko zubi ezin luzeagoan sartuta daude. Abenduaren 12an hasi, eta urte berriaren seigarren egunarekin amaituko den lasaitasun aldian hiria gelditu egin da. Trafikoa izugarri gutxitu da, kale ikuskizunak edozein bazterretan daude, bazkari eta afariak egunero dituzte mexikarrek, eta aipatu epealdia bukatu bitartean kale salmenta biderkatu egin da. Euskal Herrian gertatzen denaren pare tropikalizatua. Egia. Irakurleari, agian, Guadalupeko Amaren aipamena egingo zaio bitxi. Eta bitxiago, gaur egungo Mexiko ulertu nahi badu, Guadalupekoa ikasi beharko duela, bai ala bai.

Joan berri den abenduaren 12a bitartean, hamar milioi mexikar baino gehiago pasatu dira Guadalupeko Amaren irudiaren azpitik. Kopurua ez da gehiegizkoa. Mexiko eta Brasil dira, oraino, Eliza Katolikoak munduan dituen gotorlekurik handienak. Metropoliko fededunekin bakarrik beteko litzateke aipatu kopurua, baina herrialde osotik 70.000 erromes heldu ziren hiriburuko basilikara, hainbat egunez oinez, autoz edo bizikletaz egindako erromesbidean.

Ulergarria da fededunen portaera. Gaitza ulertzen, baina, zenbat ateok, zenbat gorrik, eta zenbat anarkistek eta enparauek du bere burua guadalupanotzat. Zapatistek beraiek, armaz altxatu zirela 30 urte bete dituzten horiexek, Guadalupe Matxinoa izan dute bidaide; musua paliacate zapiaz estaltzen duen Andre Maria, alegia. Fermin Muguruzak, edota Doctor Deseo eta Berri Txarrak taldekoek ondo ezagutu zuten Alicia kulturguneko atarian, hantxe zegoen tamaina handiko andre matxinoa, hiriko punk eta rockero guztien babesle. Hori egiten zaio bitxi kanpotarrari.

Izan ere, Guadalupekoaren gainekoak kontatzen dituenaren usteen araberakoak dira. Eliza Katolikoarentzat, 1531ko abenduaren 12an, Guadalupekoa Juan Diego Cuauhtlatoatzin gazte indigenari agertu zitzaion Tepeyac izeneko muinoan, orain hiriburukoa den gunean. Horixe dio bertsio ofizialak.

Berrehun bat urte geroago, baina, Servando Teresa de Mier fraide domingotarrak kristorenak eta bost bota zituen igandeko predikuan. Haren hitzetan, herri aztekak Guadalupeko Amaren irudia gurtzen zuen Quetzalcoatlekin batera. Elizak heretikotzat jo, eta hamar urteko deserria ezarri zion domingotarrari Espainian.

Tesi horren arabera, Hernan Cortes Tenochtitlan hirira heldu baino arinago, ama beltzaran bat gurtzen zuten bertakoek, seme gerlaria izan zuena, euren herria agindutako lurraldera eramango zituena. Nora? Uraren gainean eraikiko zuten hirira. Gaur egungo Mexiko Hirira, hain zuzen. Andrazkoaren izena ez zen Guadalupe, Tonantzin baizik, eta semea ez zuen Jesus deituko, Huitzilopochtli baizik. Hortaz, eta aipatu tesiaren defendatzaileen esanetan, horixe da espainiarrek beren komenentziara egokitu zuten errealitatea, herri aztekari izatea bera ukatu, eta sinesmenik sakratuenak kentzeko.

Ez da harritzekoa ikastea Guadalupeko Amaren irudiak gidatu dituela Mexikon izan diren matxinada gehientsuenak. Besteak beste, independentzia aldarria Guadalupekoaren irudia eskutan zuela egin zuen Hidalgo apaizak, eta iraultza garaian, irudi hori zeramaten jatorrizko zapatistek hiribururako bidea armaz hartu zutenean.

Tesia ez da horren aldrebesa. Ez, Eliza Katolikoaren barruan diren askorentzat. 1996an piztu zen zalaparta, noiz eta Guillermo Schulenburgek, garai hartan Guadalupeko Basilikako abadea zenak ahoa ireki eta Juan Diego ikurra izan zela, eta haren gainekoak ez zirela egia, esan zuenean. Abadeak lokan ipini zuen Amerika osoko erlijio-kontakizunik sakratuenetako bat.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa ikastea Guadalupeko Amaren irudiak gidatu dituela Mexikon izan diren matxinada gehientsuenak. Besteak beste, independentzia aldarria Guadalupekoaren irudia eskutan zuela egin zuen Hidalgo apaizak, eta iraultza garaian, irudi hori zeramaten jatorrizko zapatistek hiribururako bidea armaz hartu zutenean.

Eta oraindik gutxiago harrituko gaitu aipatu irudia negozio iturri paregabea dela entzuteak. Urtero Guadalupekoaren milioika irudi saltzen dira, urtero milioika pesoko irabaziak utziaz. Dirua non, jukutria bertan. 2002. urtean Wu You Lin izeneko enpresari txinatarrak Guadalupekoaren irudia komertzialki erregistratu zuen, eta, ondorioz, bera zen legearen arabera aipatu irudia saltzeko baimena zuen bakarra. Enpresariak 2.112 peso ordaindu zizkion Jabetza Industrialaren Mexikoko Institutuari, ehun bat euro inguru,  Guadalupeko Amarekin lotutako era guztietako produktu eta zerbitzuak saltzeko.

Urtebete eskas geroago, baina, Guadalupeko Basilikak Maria Teresa Herrera enpresariari saldu zizkion ama birjinaren irudiaren gaineko egile eskubideak. Beraz, bera litzateke Elizarentzat negozio egiteko baimena izango lukeen pertsona. Ika-mika ez zen hor amaitu. Herrerak handik gutxira adierazi baitzuen merkaturatze-eskubideak Othon Corona enpresari saltzea erabaki zuela.

Jabe aldaketa horiek Wu You Lin enpresariaren erregistroa indarrean zegoela gertatu baziren ere, ofizialki, Administrazioarentzat, egile eskubideak txinatar enpresariarenak izaten segitzen zuten. Arestian bezala, hori da bertsio ofiziala. Kaleko egia da Mexikon marka ezagun ororen kopia paregabeak egin, eta saltzen direla eskupetik, Guadalupeko Amaren irudia ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.