Giza eskubideen urraketak bigarren, hirugarren edo laugarren mailako arazoak dira nazioarteko agintarientzat, baldin eta zuzenean eragiten ez badiete, alegia, hauteskundeen atarian eta herritarren babesaren behar gorrian ez badaude. Mendebaldeko Saharan gertatzen ari dena horren erakusgarri lotsagarri bat besterik ez da —Palestinan aurki daiteke beste bat—. Aste honetan Europako Batasunak erabaki du, Rabatek eskatuta eta Frantziaren babesarekin, Marokori denbora gehiago ematea, «gertatutakoaren inguruko azalpenak» eman ditzan. Ez dute, aldiz, ordezkaritza berezirik bidaliko, ez zigor neurririk hartuko, Mohammed VI.ak paperik gabeko asmo gaiztoko etorkinen aurkako ezkutu lanak egiten baititu, eta, aldi berean, baita eskua luzatu ere harekin negozioak egin nahi dituzten mendebaldeko enpresariei.
Segurtasun indar marokoarrek Agdaim Iziken eta Aaiunen egindako sarraskiek nabarmen utzi dute, baina, Madrilgo agintea. Herritarrak ez ezik, oposizioa ere kalera atera da Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarrera salatu eta, bide batez, botoak biltzera. Horregatik, azken egunetan, Atzerri ministro Trinidad Jimenezek behin baino gehiagotan atera behar izan du kameren aurrera kritikei nola hala erantzutera. Helburu horrekin, ironikoki, Mendebaldeko Sahararen Lagunen Taldearen babesa eskatu du Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko elkarrizketei «bultzada politikoa» emateko. Nola eman, ordea, bultzadarik existitzen ez diren negoziazioei? Horrelako lagunekin kontent egon liteke, berriz ere, Mohammed VI.a.
ANALISIA. Arantxa Elizegi
Horrelako lagunekin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu