Tunisiako erregimenaren erorketak domino efektua eragingo zutela iragarri zutenek bete-betean asmatu zuten. Protestek aldaketak ekarriko dituzte Egipton, Jordanian eta Yemenen. Hurrenak agian Maroko, Aljeria, Libia edo Siria izango dira. Edo ez. Izan ere, domino piezak ez dira modu berdinean erortzen beti. Beste hitz batzuekin esanda, herrialde horietan guztietan egoerek antzekotasunak izan arren —erregimen autoritarioak, askatasunetan hankamotz, pobrezia zabaldua, laikoen eta islamisten arteko lehia,gazteen etsipena...—, ondorio desberdinak izan ditzaketela.
Oraingoz, Tunisia eta Egiptomugitu dira gehien. Bien arteko alde nagusia herrialde baten eta bestearen inportantzian datza. Tunisia txikia da, hamar milioi biztanle ditu, ez du lehengairik eta ez dago leku erabat estrategikoan. Hortaz, bere bidea egiteko aukera handiagoak ditu, kanpoko presio gutxiagorekin.
Baina Egipto doi-doi kontrakoa da: herrialde arabiar populatuena da (80 milioi biztanle ditu), Suezko kanal estrategikoaren jabe da, eta Israel eta Gaza ditu mugakide. Horregatik beragatik, nabarmen geratu da Mendebaldeko potentzien deserosotasuna Mubaraken agintaldia kolokan jarri denean. Mubarak eta antzekoak baitzituzten gogoan Zine el Abidine Ben Ali diktadoreak Tunisko aireportutik ihes egin behar izan zuenean.
Demokrazia ahoan eta diktadoreekiko tolerantzia uztartzeko jokaera Israelek utzi du inork baino nabariago: bere buruaz harro eta arabiarren erdeinuz esaten du Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra bera dela, baina lotsarik gabe irten da Mubaraken defentsan. Azken finean eta Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak esan zuen bezalaxe, «agian putaseme bat izan da, baina gure putasemea da».
Israelek baditu arrazoiak kezkatuta izateko. Egiptoko erregimen autoritarioa aliatu izan du azken 30 urteotan —harekin bakea sinatu duen bi herrialde arabiarretako bat da— eta egiptoarren ongizateak baino gehiago kezkatzen du bere mendebaldeko mugan islamistak boterera iristeko aukerak.
Antzeko beldurrarekin dabiltza AEBak, baina sotiltasun gehiagorekin. Mubaraken erregimenari laguntza militarraren bidez eusten dio Washingtonek—1.300 milioi dolar urtero Tahrir plazan ikusten diren tankeak erosteko—, baina indarge ikusten du bere burua Kairon eta beste hirietan piztu den matxinada geratzeko. Gainera, nola uztartu Obamak askatasunaren alde 2009ko ekainean Kairon egin zuen hitzaldi ospetsua diktadore baten erorketa geratzeko herritar baketsuen ahaleginarekin? Horregatik beragatik, Obamak doinua aldatu du eta trantsizio demokratiko bat hasteko presioa handitu du. Ahal den neurrian eskuetatik ihes egin ez dezan. Europak, ohi duen moduan, atzetik.
Nola bukatuko den guztia? Manifestariek beraiek ere ez dakite. Askatasuna eskatzen dute eta orain Mubarak edo haren erregimena joatearekin lotzen dute. Eta gero gerokoak.
Analisia
Indar desberdineko dominoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu