Aste honetan, Indian hindu nazionalistek hamarkadetan izan duten ametsa bete da: hinduen Vatikano modukoa inauguratu dute Indiaren ekialdean, Ayodihyan. Hinduismoaren arabera, bertan jaio zen Ram, erlijio horren jainko nagusia, eta beretzat, azkenean, eraikiko dute Ram Mandir tenplua, 200 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Astelehenean Indian guztia paralizatu zen albiste horrekin. Milaka pertsonak Ayodihyara bidaiatu zuten festan parte hartzeko. Irudietan, tenplua lorez josia agertzen da; nola ez, laranja, hinduen kolore nagusia, edonon dago, helikopteroak ere tenpluaren gainean loreak botatzen eduki dituzte lanean. Eta protagonista nagusi Narendra Modi izan da, Indiako lehen ministroa. Lider hindu nagusien alboan errezoak egin, Ram jainkoari ofrendak eskaini eta tenplua inauguratu zuten, oraindik ere eraikin ikusgarria amaitu gabe dagoen arren.
Baina bideoetan musika eta jantzi koloretsuek festa irudia ematen duten arren, astelehenekoa oso keinu gatazkatsua izan da: izan ere, hinduentzat Ramen jaiolekua da Ayodhya, eta musulmanentzat, berriz, oroimen txarrak gogora ekartzen dizkien leku bat da. Izan ere, XVI. mendeko meskita baten hondakinen gainean altxatu dute Ram Mandir tenplua.
Duela 76 urte, India independizatu zenean, promes bat egin zen: gutxiengo erlijiosoak babestu egingo zirela. Baina 2014an Modiren Bharativa Janata alderdi nazionalista hinduak boterea lortu zuenetik, hasierako promes horretatik asko aldentzen ari dira.
Lur horretan Babri meskita egon zen, 1992an supremazista hinduek indarrez hartu eta suntsitu zuten arte. Gertakari horrek indarkeria oldea eta islamofobia sortu zuen herrialde osoan: musulmanen etxe eta denda edo jatetxeei su eman, eta liskarrek 3.000 hildako inguru utzi zituzten, gehienak musulmanak.
2019. urtean Indiako Auzitegi Gorenak meskitaren suntsipena «urraketa larria» izan zela adierazi ondoren, lekua hinduei eman, eta musulmanei lur zati bat eskaini zien beste gune batean. Beste zentzugabekeria bat Indiako musulmanentzat, beste irain bat. Eta orain, astelehenekoarekin, Indiako gutxiengo musulmanentzat argi geratu da ez dituztela beren eskubideak babestuko.
Modirekin, islamofobiari ateak irekiz
India, teorian, errepublika laikoa da, eta konstituzioak ideia hori biltzen du 1976. urtetik. Duela 76 urte, India independizatu zenean, promes bat egin zen: gutxiengo erlijiosoak babestu egingo zirela. Baina 2014an Modiren Bharativa Janata alderdi nazionalista hinduak boterea lortu zuenetik, hasierako promes horretatik asko aldentzen ari dira.
2019ko hauteskundeetan, alderdi hindu nazionalistak alde handiarekin irabazi zuen berriz, eta hinduak gero eta indartsuago sentitzen dira, biztanleriaren %15era iristen ez diren musulmanen alboan. Azken urteotan Modik egindako adierazpenek eta aste honetakoa bezalako erabaki sinbolikoek erakusten dute erabat ahaztu dutela Indian gutxiengo erlijiosoak babestearen helburua.
Musulmanek salatzen dute Modiren Indian etorkizunik ez dutela ikusten. New Delhiko kanpoaldean erraza da indarkeria islamofoboaren biktima izan direnak aurkitzea; Modik islamofobiari ateak ireki dizkiola sentitzen dute eta beldurtuta bizi dira. New Delhin aktibistek salatzen dute ohikoa bihurtu dela supremazista hinduek musulmanei eraso egin, norbait hiltzeraino iritsi eta poliziak ezer ere ez egitea.
Hauteskundeetarako bidea prest
Kritikak ez dira gutxiengoarengandik bakarrik iritsi, hinduen artean batzuek salatu dute tenplu bat amaitu gabe dagoenean inauguratzea arau hinduen aurka doala —eta Ayodhya eraikitzen ari dira oraindik—. Modik presaka inauguratu nahi izan du. Hori guztia hauteskundeei begira egin duela salatzen dute, beretzat helburua boterea dela. Hala ere, horrelakoak salatzen dituztenek kontuz hitz egiten dute, ia ziurra baita aurtengo hauteskunde orokorretan alderdi nazionalista hindua izango dela berriz garaile.
Apirilean hasi eta maiatzean amaituko diren hauteskunde luzeen ondoren, Modik hirugarren agintaldia has lezake. Bidea ondo prestatu du azken urteotan: India Ilargira eramanez nazioarteko arreta lortu du; ekonomiak gora egin du, eta azpiegituretan hobekuntzak egin ditu… Hori ere ezin da ukatu. Eta, orain, Ayodya azken kolpe sinbolikoa da. Adituen arabera, 2024ko hauteskundeetan boterea egonkortuta, Modik Indiarentzat garai berri bat hasiko du, herrialdearen promes laiko hori erabat baztertua duela ezkutatzeko beharrik gabe.