Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Indiaren bi aurpegiak, agerian

2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Mundu osoa Delhira (India) begira dago. G20koen liderrak hiriburuan daude, eta asteburu osoan Ukrainako gerraz, munduko ekonomiaz eta klima krisiaz arituko dira. Narendra Modi, Indiako lehen ministroa, munduko geopolitikaren protagonista izango da bi egunotan, eta bisita garrantzitsuen zain Indiako hiriburuaren irudia garbitu nahi izan du. Orain, New Delhi, Delhiren erdigunea, hutsik dago. Kale luzeetan ez dago kazetari eta poliziez gain beste inor. Asko jota, kaleko txakur bat agertzen da noizean behin, ihes egitea lortu duten gutxietako bat. Izan ere, G20koen goi bilera hasi aurretik, gobernuak ehunka langile jarri ditu kaleko txakurrak eta behiak harrapatu eta hiriaren kanpoaldera eramaten. Delhi egunotan ez da bere biztanleena, politikariena baizik, eta, egoera horren aurrean, herritar asko ez daude pozik.

Delhiren kanpoaldean

Erdialdeko perimetro kontrolatua atzean utzi, eta Delhiren kanpoaldera irtetean ikusten da benetako hiria: trafikoa, richshawak, behiak, dozenaka motor eta jendetza. Hori bai, taxi eta richshaw asko geldi daude; hiria kontrolatua dagoenez eta biztanleei etxean geratzeko deialdia egin dietenez, ez dute lan asko. Antzera janaria edo erosketak etxeetara eramaten lan egiten duten milaka langilerentzat, ez diete hirian normaltasunez mugitzen uzten. Egoera horren inguruan zer pentsatzen duten galdetuta, biztanle askok diote G20a Modirentzat harro egoteko arrazoia izango dela, baina biztanleentzat, behintzat, buruhausteak besterik ez duela ekarriko.

Modik ez du atzerritarrek Delhiko auzo txiroak ikus ditzaten nahi, eta Delhiko auzo txiroenetan hesi berdeak altxatu dituzte eraikinak tapatzeko; txabola eremuetan ere bota egin dituzte hainbat etxe. Horrek ere biztanleen haserrea sortu du, gobernuak beren bizitza hobetzeko ezer gutxi egiten duela diote, ez zaie gustatu gobernua Delhiren aurpegi horretaz lotsatu izana.

Edonola ere, lanean ari diren polizia uniformedunak pozik ageri dira. Ez dute lan asko, G20aren segurtasuna bermatzeko guztiak erdigunera eraman baitituzte, eta gehiegi dira. Asko kaleetan daude, beren postuetan, eserita, pasatzen diren kazetariekin elkarrizketa laburrak izaten edo kotxearen gainean bazkaria jaten. Horiei galdetuz gero,G20ak Indiara gauza on asko ekarriko ditu: ohorea, errespetua, indarra. «Ilargira iritsi gara, eta orain bisitari garrantzitsuak ditugu, Modi gauzak oso ondo egiten ari da».

Ilargian ura, eta herrietan ez

Herrialdeko kontrasteen beste erakusgarri bat da Indiak Ilargian lortu berri duena: Errusiak Ilargira bidalitako espaziontziak istripua izan eta egun gutxira lortu zuen hara iristea. Munduan lehena bihurtu zen Ilargiaren hegoaldera iristen. Oso eremu ezezaguna da hori, itzalean dago, eta zero azpitik 240 graduko tenperaturak ditu, baina badu zerbait are interesgarriagoa: bertan milioika urtetan pilatu den ur izoztua. Chandraayan-3 espazio robota ilargiratu zutenetik, India munduko espazio-potentzien artean lehen lerroan dago, Errusia eta Txinaren parera.

Modiren jarraitzaileek, hain justu, Ilargia erabiltzen dute bere aldeko argudio nagusitzat. Indiako lehen ministroa herrialdea aurrera eramaten ari den erakusgarri dela diote. Aldiz, Indiako lurrean, landa eremuetan eta herrixketan galdetuta, batzuek ez dakite ondo Ilargira iristeak beraien bizimodua nola hobetuko duen.

Modik argudiatzen du, ordea, Ilargian lortutakoa ez dela Indiarentzat bakarrik albiste ona, mundu guztiarentzat baizik, eta Ilargiaren eremu horretara iristeak etorkizunera begira berebiziko garrantzia izan lezakeela. Hala ere, bitartean, Indian, inbertsio handia behar dute azpiegituretan: trenbide sarea berritzea beharrezkoa da, urtean izaten diren milaka istripuak geldiaraztea lehenetsi nahi badute, behintzat. Premia eta laguntza handiagoak behar dituzte, halaber, landa eremuetan ur edangarria eskura ez duten herritarrek.

Ilargia, G20a... Argi dago Indiak protagonismo handia lortu duela azken asteotan, eta Txinak egin duen bezala, agian hurrengo urteetan bat-batean eraldaketa izugarria biziko duen herrialdea izango da. Hala ere, oraindik kontrasteak handiegiak dira, eta herritar guztiak ez daude prest atzerrira begira beste aurpegi bat erakusteko, beraien egunerokoan hobetzeko gauza gehiegi daudenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.