Ane irazabal

Industria tradizionaletik armagintzara

2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zurrumurru bat besterik ez zirudien, baina dagoeneko nahiko argi dirudi estrategia berri baten parte dela. Friedrich Merzen gobernuak ekoizpen kateak transformatzeko borondatea erakutsi du, aspaldian krisi sakona bizi duen automobilgintza industriaren pisua gutxitu eta defentsaren ekonomia bultzatzeko. Auto eletrikoetarako trantsizioa uste baino garestiagoa eta zailagoa izaten ari da Alemanian. Multinazional alemaniar askotako kotxe elektrikoak ezin dira Asiako konpetentziaren pare jarri, eta Volkswagen bezalako erraldoi handiek kaleratzeak iragarri dituzte. Horren harira, Europatik defentsan inbertitzeko ahaleginak gero eta handiagoak dira. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ReArm Europe programa aurkeztu zuenetik, argi geratu da kontinente zaharrak norabide horretan joateko intentzioa erakutsi duela, eta 800.000 milioi euro mobilizatu nahi ditu Europa berrarmatzeko.

Bruselaren arabera, ziurgabetasun politikoak eta Donald Trumpen Ameriketako Estatu Batuekin bizi diren garai gero eta tirabiratsuagoek bultzatu dute aldaketa. Horren harira, Volkswagen bere Osnabrückeko lantegia ibilgailu militarrak ekoizteko aukera aztertzen ari da. Rheinmetalleko zuzendari nagusia den Armin Pappergerek adierazi du Osnabrückeko planta «oso egokia» izango litzatekeela defentsa ekoizpena bultzatzeko, eta Volkswagenek berretsi du datozen 12-24 hilabeteetan T-Roc Cabrio autoaren ekoizpen katea geldituko duela.

Alemaniaren helburua izango litzateke Bundeswehr (armada) puntako armada bilakatzea, eta orain arte armagintzan erabili duen eredua autogintzara estrapolatzea, alegia, esportatzaile nagusia bilakatzea. Gobernu berria BPGaren %5 inbertitzeko prest agertu da horretarako.

Alemaniaren helburua izango litzateke Bundeswehr (armada) puntako armada bilakatzea, eta orain arte armagintzan erabili duen eredua autogintzara estrapolatzea, alegia, esportatzaile nagusia bilakatzea

Edonola ere, ekimen honek IG Metall sindikatuaren erreakzio nahasiak jaso ditu. Stephan Soldanski Osnabrück langileen sindikatuko idazkariak kezka agertu du Alemaniak berriz ere defentsan inbertitzeko erakutsi duen interesagatik: «Miopea litzateke defentsa industrian soilik zentratzea, sektore ekonomiko alternatiboak eta etorkizuneko industriak aktiboki sustatu beharrean». Gainera, IG Metallek azpimarratu du Osnabrück «industria gune zibil» gisa mantendu beharko litzatekeela, eta ohartarazi du berrarmatzearen aldeko apustuak hiria eta hornikuntza kate osoa eraldatuko dituela.

(ID_13596817) GERMANY DEFENCE RHEINMETALL
Rheinmetall etxearen fabrika batean, Unterluessen (Alemania), tanke bat egiten, 2024ko otsailean. FABIAN BIMMER / EFE

Dena den, Volkswagenek eta Rheinmetallek erakutsi duten harmonia ez da kasu isolatu bat, eta beste konpainia batzuek ere bide horri ekin diote. Alstomek, trenbideen fabrikaziorako enpresa erraldoiak, iragarri du Görlitzeko industria gunea salduko diola KNDS ibilgailu blindatuetan espezializatua den enpresa franko-alemaniar bati. KNDS-k Leopard 2 tankerako osagaiak ekoizteko asmoa du, baita Puma borroka-ibilgailuarentzako eta Boxer ibilgailu blindatuarentzako hainbat modulu ere. Trantsizioa 2025ean hasiko da eta bi aldeek aurreikusten dute 2027rako amaituta egongo dela. Horretarako, 350-400 langile Alstometik KNDSera lekualdatuko dituzte eta Alemaniak ez du ezkutatu erabaki horrekin Europako armategiak betetzen hasiko direla.

Hala eta guztiz ere, defentsaren eta armagintzaren aldeko apustu horrek iraganeko mamuak piztu ditu. Berrarmatzean inbertitzea al da sektore tradizionalek bizi duten krisiari aurre egiteko modu bakarra? Non erabiliko dira ekoizpen kateak aurreikusten dituen arma horiek guztiak? Halabeharrezkoa al da Europak bizi duen fase belizista berria? Orain arte, Alemaniak mundu mailako armadarik zaharrena eta gutxien ekipatuena izan du, hein handi batean, Washingtonek segurtasun hori ziurtatzen ziolako. Baina Merzek gero eta keinu handiagoak egin dizkio Macroni, Frantziako aterki nuklearrean babesteko. Aldaketa abian da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.