Mikel Aramendi.
Irak, herrialde baten gainbehera. Al-Qaeda. ANALISIA

Jarraipena, ekialderago

2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Laster beteko dira bederatzi urte Juan Cole aditu estatubatuarrak esaldi gogoangarri hura argitaratu zuenetik: «The Iraq war is over, and the winner is... Iran». Harez geroztiko hamarkadan ia denek sagaratu duten gogoeta ez al da, ordea, erabat zapuztuta geratzen aurten, oraintxe bertan, Mesopotamia osoan bizi den gerra egoeraren aurrean? Bai eta ez. Coleren esaldiari eranskin ñimiño bat falta zitzaion amaieran, agian: «To be continued». Gerra orokorrago eta luzeago baten atala baino ez zelako hark 2005ean amaitutzat ematen zuena. Izan ere, Mesopotamiako gerra «berri» honen hitzaurrean, antzeko zerbait idatzi behar litzateke: «Siriako gerra amaitu da, eta Al-Assadek irabazi du... Hau da, Iranek, berriro. Jarraipena, sortalderago».

Siriatik ekialdera, egun gerra bizian dagoen herrialde horri Irak deitu ohi diogu usu, eta halaxe deitzen diote oraindik ere hedabideek; nik, ordea, hemendik aurrera «Mesopotamia» kontzeptu geografikoa hobestea nahiago nuke... Irak politikoa ez delako jada existitzen. Hiru estatu edo dena delako dira gaur egun daudenak, elkarrekiko guduan, areriotasun gehiago edo gutxiagorekin baina atzerabiderik gabe. Bush eta Blairren eraso eta okupazioaren ondoren ahotan izan zen (eta bazter emanda utzi zuten) Irak hirutan zatitzeko posibilitatea gauzatu egin da, hamarkada bat geroago.

Baina modurik deabrutuenean zatitu ere: zatietako bi gerra bizian daude elkarren aurka, eta alde batera geratu nahiago lukeen hirugarrenaren izatea eta osotasuna ez dute onartzen besteek. Mendebaldar okupatzaileek, «batasuna bermatzeko» utzitako egitura bakarra, Armada «bateratua», zein hauskorra zen ikusi da azken hilabetean, eta irtenbide politikoak erabat antzututa daude aspalditik. Orain milizia politiko-konfesionalen garaia iritsi da, bakoitza bere antolamendu, aliantza eta aholkulariekin.

2006-08ko aurrekariak gogoan izanda baina, bereziki, Siriako gerra zibilean gertatu berria begien aurrean dugunez, aurresan liteke gudua —benetako gerra izango baita— gupidarik gabea izango dela, alde guztietatik. Eta 33º-35º paraleloen artean emango dela. Mesopotamiaren bihotzean, alegia. Xiiten eta, beraz, Iranen helburu estrategikoa da Mediterraneoraino iritsiko den lur zerrenda zabala segurtatzea ezinbesteko aliatu dituztenentzat. Saudi Arabiak zerrenda hori eten egin behar du, ISIS eta gainerako proxyen bitartez, Iranek «setiatuta» geratu nahi ez badu.

Eta «jokoaren» amaiera ez da gertu ikusten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.