urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kanadako lezioak

2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hamarkada bat boterean eginda, Stephen Harper kontserbadoreak hauteskundeak galdu ditu Kanadan. Justin Trudeau liberala izango da lehen ministro. Estatu bezala Kanadak ageri duen sendotasunaren adierazle da. John Ralston Saul idazleak gogorarazten zidan europarrentzat ia sakrilegio onartezina dela erdi eginda, amaitu gabe dirudien Konstituzio bat izatea, etengabe aldatzen, berritzen, egokitzen. Beti tentsioan. «Baina noizbait eztabaida eta tentsioa galduko bagenu, behin betiko puntu batera iritsiko bagina, ez litzateke konponbidea. Areago, une horretan gureak egingo luke».

Aspaldi da Kanada ikergune garrantzitsu hizkuntza, identitate eta antzeko auzietan. Tituluak Trudeauren distirak hartu baditu ere, gutxi aipatu da hamar diputatu aborigen hautatu zituztela, inoiz baino gehiago. Edo zeinen eskas gelditu diren Quebeceko independentistak. Ostiralean beteko dira hogei urte independentzia erreferendumetik. Orduko hartan botoen ia erdiak zeuzkaten Quebecen, eta hala ekin zioten erreferenduma antolatzeari. Orain, liberalek eskuratu dute gehiengo osoa, independentziaren aurka argi mintzatu den Trudeau buru.

Berriz ere frankofono bat Kanadako buru, aurretik Trudeau aitaeta Jean Chretien bezala. Auzitegi Gorenak Quebeci autodeterminazio eskubidea ukatu zionean, hura egoera kolonialei dagokielako, Kanadako aginte-postuetan quebectar ugari zeudela eta quebectarrek gainontzeko kanadarren eskubide berak zituztela argudiatu zuen. Hala eta guzti, ez zion atea itxi Quebec Kanadatik bereizteko aukerari; ez autodeterminazioaren bidez, printzipio demokratikoagatik baizik: funtsean, herritarrek proposamen independentista bati era argian baietz esanez gero, hura negoziatzeko beharra daukalako Ottawak.

Hauteskundeak irabaztea besterik ez du behar printzipioz, SNPk Eskozian egin bezala, baina independentziaren aurkako alderdiek jakin izan dute diskurtso independentista desaktibatzen, eta Quebecetik zetozen arrangurei erantzuna ematen. Stephen Harperrek berak, esate baterako, aurrea hartu zien independentista quebectarrei nortasun nazionala aitortzeko unean. Ez zen lehen ministro kontserbadorearen agendako auzi bat, baina herritarren eskariei atea ixteak arrangurak hauspotzeko balio duela jakitun, hari aurrea hartu zion.

Kanada da herritartasuna lortzeko ateak irekien izan dituzten herrialdeetako bat. Azken sei urteotan lau urtez bertan egon izana eskatzen da, AEBetan baino askoz gutxiago, eta zer esanik ez Europa berekoiarekin alderatuta. Estatuko bi hizkuntzetako baten hitz egiteko gaitasuna frogatu behar da: frantsesez edo ingelesez. Alde ederra, katalana ikasita Espainiako herritartasuna ukatu ziotenaren ondoan. Han apustu berezia egin baita bertara iristen direnak ghetto berri baten itxi ez daitezen, Euskal Herrian ez bezala. Euskal Herrira datorrenari euskara eskatzea eta eskaintzea oraindik ia inori ez zaio burutik pasatzen. Datorrenari eskaintzeaz ari naiz, ez iritsi, espainola ikasi eta gero euskaltegiko atea irakasteaz.

Bartzelonan bizi denak herritartasuna lortzeko espainieraz dakiela erakutsi behar du. Katalanez jakiteak bost axola. Eta katalanek badakite horrelakoak arranguren zakuan metatzen. Ondo beteta daukate dagoeneko zorro hori, baina bidea malkartu egin da egunotan. Vicent Partalek esan du egunetan, hiru gauza behar direla independentziarako: «Lehena, horretarako erabakita dauden biztanleak. Hori badaukagu. Bigarren, sentsibilitaterik gabeko estatu bat aurrean, etengabe akatsak egiten. Hori badaukagu oraingoz, eta aurrerantzean hala izatea espero dezagun. Eta hirugarren, egin beharrekoa asmatzen duten politikariak. Horretaz, ez nago hain seguru».

Sentsibilitate falta aspaldi erakutsi zuen Espainiak, baina badaki kalte handiagoa egiten duela ustelkeriagatik jotzeak galdeketa bat deitzeagatik baino. Eta kolpe mingarria izan da CDCri jo diona. Edonork espero zezakeena, bestalde. Presidentetzaren korapiloa lodia izan daiteke, baina korapilo bakarra izanik, prozesua zelan azkartu adostu beharko lukete, berandu baino lehen. Ea etzi Carme Forcadellek Parlamentuko presidentetza hartzeak inspiraziorik dakarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.