LEKU-LEKUTAN

Krisia eta iraultza

Olatz Urkia
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Txinako ekonomia deflazioan erori da uztailean. Pandemiaren hasieran gertatu zen, eta orain izurritea amaitua dagoenean berriz, eta erakutsi 2020tik 2023ra bizi izandako kolpeari ez diola erabat buelta eman Asiako potentziak. Uztailean kontsumo prezioen batezbestekoa %4,4 jaitsi da, urteko batezbestekoan %0,3ko jaitsiera izan du, hain zuzen ere. Horren atzean dagoena da Txinan kontsumitzaileek gobernuak aurreikusitakoa baino gutxiago gastatzen ari direla. Gobernuak Zero Kutsatze Politika bertan behera utzi ondoren, eta ekonomiari bultzada emateko planak martxan jarri ostean, 2023rako %3ko inflazioa ezarri zuen helburu gisa; bada, zenbaki horretatik urrun, prezioek behera jo dute. Orain, agintariek txinatarrek gehiago kontsumitzea bultzatu nahi dute, baina langabezia inoiz baino handiagoa da, eta horrek ere, aldi berean, gazteen artean pentsaera aldaketa handi bat ekarri du.

Krisia

Ez da azkenaldian Txinak izan duen kopuru ekonomiko txar bakarra. Barne produktu gordina ere espero baino polikiago ari da handitzen; esportazioak ere uztailean %14,5 jaitsi dira, joan den urtearekin alderatuta; higiezinen sektorea gaizki dago, Evergrande eta Country Gardenen porrota adibide. Herritarrek kontsumitzeari utzi diote, hamarkadetan beti gorako joera mantendu denean. Egoera horretan, Txinako liderrek, bildu, eta ekonomiari bultzada emateko plana prestatu dute: besteak beste, teknologiaren sektorearentzat erregulazio gogorrak malgutuko dira, enpresentzat kredituak errazago emango dira, eta tokiko gobernuei bonu bereziak emango dizkiete, pandemiak utzi dien zorrari aurre egin ahal izateko.

Bestalde, kontsumitzaileek gehiago gasta dezatela da helburu nagusia. Baina langabeziaren datuek ez dute lagunduko: 25 urte bitarteko 30 milioi gazte langabezian daude; inoiz izan duten daturik txarrena da hori. Aurtengo apirilean errekorra gainditu da, gazteen langabezia %20koa izatera iritsi da —batezbestekoa askoz txikiagoa da, %5—, eta hori ere Txinarentzat ez da batere datu ona. Gainera, orain, ikasturtea amaituta, unibertsitateetatik beste 11 milioi gazte atera dira lan bila. Duela urte batzuk, unibertsitatea amaitu, eta hurrengo astean lanean egotea normalena zen; orain, aldiz, gazteen udako oporrak luzatzen ari dira.

Egoera horren aurrean, gobernutik errua gazteei bota diete, argudiatuz lana bilatzea zaila denean espektatibak jaitsi behar direla: ikasketekin lotura duen lan bat bilatzea posible ez bada, gaizki ordainduta dauden lanak beti daude aukeran, agintarien arabera. Unibertsitateko titulazioak, masterrak eta atzerriko hizkuntzak dituzten gazteei trajea kendu eta maukak igotzera dei egin diete agintariek. Presio horrek haserrea besterik ez du sortu sare sozialetan; gazte askok funtzionarioei galdera egin diete: ba ote daude beraiek prest bulego erosoa utzi eta garbiketa lanetan hasteko?

Iraultza

Gobernua kezkatuta dago; belaunaldi helduagoek ez bezala, gazteek pandemian zehar pentsaeraaldatu dute, eta orain langabezian ez daude hain deseroso.

Haurtzaroan eta nerabezaroan hazkundea ikusi dute une oro: gurasoek enpresa berriak ireki dituzte hutsetik, eta higiezinen sektorean inbertituz aberastu dira. Gazteek urte askoan pentsatu izan dute beraientzat ere erraza izango zela lana aurkitu eta etxe bat erostea, baina ez da horrela izan; kontrakoa, batez ere pandemiaren urteotan, milioika gazte langabezian geratu dira. Gurasoen presioari eta estresari aurre egin ahal izateko, lanik gabe eroso sentitzen ikasi behar izan dute. Egokitu dira, azkar. Lehenago Mendebaldeko herri askotan gertatu den bezalaxe, hemen ere gazteek ulertu dute hilabete batzuetan langabezian egotea ez dela munduaren amaiera, eta orain ez dute lanordu luze eta opor labur horien bizitza estilora itzultzeko presarik.

Txinak munduko oporrik laburrenak ditu: urtean zazpi egun dituzte langileek, jaiegun ofizialez gain. Jaiegunekin, gainera, modu berezian jokatzen dute: adibidez, ostirala jai bada, hurrengo larunbatean lan egin beharko dute. Enpresetan ordu estrak sartzearen kultura hain dago barneratua, non lanean hasi berri diren gazteek, bulegoan zereginak amaitu badituzte ere, beste pare bat ordu geratzeko presioa sentitzen dute, beldur dira ez ote duten besteek esango alferrak direla. Orain arte nahiko normala izan da lanetik etxera eta etxetik lanerako joera. Azken hamarkadan, bizi kalitatearen hobekuntzarekin batera, hori guztia aldatzen hasi da, eta pandemiak ekarri duen krisiak eman dio iraultza horri azken bultzada: orain, Txinan ez ditu inork opor laburrak edo ordu estrak nahi; ondo bizi nahi dute.

Krisia hedatzen?

Munduko bigarren potentziaren arazo ekonomikoak ez dira ekonomia globalizatu honetan mugen barnean geratzen. Oraingoz, Txinako deflazioak ez du atzerrian kezka handirik sortu, baina, adituen arabera, eragin negatiboa izan lezake. Adibidez, Txinaren produktuak atzerriko merkatuetara lehen baino prezio merkeagoekin iristen badira, bertako produktuek lehiakortasuna galdu lezakete; horrek, aldi berean, beste herrialdeetan langabezia igo lezake.

Baina adituek diote efektua positiboa ere izan litekeela: Mendebaldean inflazioa nagusi den honetan, Txinako kontrako joerak prezioen gehiegizko igoera galgatu lezake. Ikusteko dago. Hori bai, bitartean, Txinan, gazteek oporraldi luzeagoez gozatzen jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.