marcos tedin
Analisia

Larrialditik ihes egiteko bozak

2023ko azaroaren 21a
16:30
Entzun

Argentinako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian, Javier Milei LLA Askatasuna Aurrera Doa alderdiko hautagaiak botoen %55,7 lortu ditu. Nolatan uler daiteke Argentinak ultraeskuinerantz hartu duen bidea?

Herenegun, bozek eskuineko bi hautagai jarri zituen aurrez aurre: Milei eta Sergio Massa. Lehena antiperonismoaren, kontserbadoreen eta ultraeskuindarren ordezkaria zen; bigarrena, peronismoarena eta ezkerreko sektore txiki batena. Argentinarrek erabaki zuten ekonomista anarkokapitalista batek gidatuko duela herrialdea abenduaren 10etik aurrera.

Mileik lortu zuen emaitza herritarrek pairatzen duten egoera ekonomikoaren erakusgarri argi eta ukaezina da. Azken urtean, %140ko inflazioak eta pesoaren balio galera larriak eragina izan dute herritarren erosteko eta aurrezteko ahalmenean. Azken datuen arabera, argentinarren %40 pobrezian bizi dira; hau da, 18,5 miloi pertsona. Horietatik 4,3 milioi muturreko pobrezian bizi dira: ezin dute ezta oinarrizko saskia eskuratu ere. Datu horiek guztiek —gora eta gora ari dira oraindik ere— errealitate gorri bat erakusten dute, eta agerian uzten dute gaur egungo gobernuak porrot egin duela.

Iragan maiatzean, Cristina Fernandez de Kirchner herrialdeko presidente peronista ohiak (2007-2015) aurreikusi zuen aurtengoak «herenen» hauteskundeak izango zirela, eta halaxe izan da. Kontserbadoreek, peronistek eta liberalek ehuneko parekatuak lortu zituzten PASO hauteskunde primarioetan eta presidentetzarako bozen lehen itzulian. Primarioetan, ezustean, liberalak izan ziren nagusi; lehen itzulian, berriz, peronistek aurrea hartzea lortu zuten: botoen %36 lortu zituen Massak, eta kontserbadoreak bigarren itzulitik kanporatzea lortu zuen. Hala ere, beste bozketa bat egin behar ez izateko, botoen %40 lortu behar zituen gutxienez.

Bigarren itzulirako, kontserbadoreek bat egin zuten Milei hautagaiarekin, eta peronistei panorama ilundu zitzaien. Esan eta egin: joan den igandean, kontserbadoreen botoak Mileiren aldeko boto bihurtu ziren, eta presidentetza ziurtatu zioten.

Nola sailka daiteke Mileiren aldeko boza? Ez da gorrotoz emandakoa, krisi ekonomikotik ateratzeko nahi itogarriaz emandakoa baizik. Ez da faxismoaren aldekoa, erabateko aldaketa baten aldekoa baizik. Askorentzat, itxaropenez emandako botoa ere izan da, Argentina egungo egoera larritik salbatuko duena. Argi dago Milei bozkatu duten askok ez dutela gustuko Mileik eta haren alderdiak proposatzen dutena. Kasu askotan, ez da agintari ultraeskuindarraren aldeko boza izan, baizik eta Massaren aurkakoa. Iragan igandeko emaitzak ikusarazten digu herritarrak nekatuta daudela egoera ekonomikoaz eta politikarien pribilegioez.

Peronismoaren aldeko botoa ere izan da askotan Mileiren eta, batez ere, LLA plataformaren aurkako boza. Hezkuntza eta osasuna ez pribatizatzeko boza, memoria historikoa izateko boza, industria nazionalaren aldeko boza. Ez da nahikoa izan: presidente hautatua motozerra erabiltzen hasi da, eta jakinarazi du Osasun, Emakume, Hezkuntza, Kultura, Zientzia, Ingurumen eta Garapen Sozialeko ministerioak kenduko dituela.

Alberto Fernandezen gobernuaren porrotak bultzatu ditu herritarrak konponbide ezezagun batera jotzera. Mileiren garaipena ulertzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea Argentinako egoera ekonomiko larri eta kezkagarria. Horrek izan du lehentasuna herritarrentzat. Giza eskubideak, hezkuntza, osasuna, kultura, subiranotasuna, zientzia, herriko nortasuna eta ekonomiatik at dauden beste arlo guztiak ez-funtsezko gaiak izan dira hauteskunde hauetan; zeren eta «gosez ezin da pentsatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.