Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Letoniaren opariak Errusiarentzat

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Letoniak Dozhd TV, Errusiako telebista independente bakarra, debekatu izanak kezka sortu du Europako Batasunean erbestetik lanean ari diren komunikabide errusiarren artean. Mugarik Gabeko Kazetarien Elkarteak salatu egin du erabakia, Errusiako ikus-entzuleek beste komunikabide kritiko bat galdu dutelako. Dozhd sinbolo bat da Errusiako oposizioko komunikabideen artean.

Putinek Ukrainako inbasioaren ondoren itxi zuenetik kateak Rigatik emititzen du, baina audientziaren %80 Errusian bizi da. Europako Kazetarien Elkarteak ere kritikatu egin du Letoniako gobernuaren erabakia. Esan du zigor administratiboak ez direla edukiarekin lotuta egon daitezkeen arazoak konpontzeko bidea, eta, ondorioz, Letoniak ez duela errespetatu Europako Batasuneko prentsa askatasunerako eskubidea.

Letonia Errusiatik kaleratu dituzten komunikabideen gotorleku nagusia bilakatu da. Hor dauka egoitza 2014tik Meduza komunikabide digitalak. Meduza-k agiri bat kaleratu du Letoniako Gobernuak Dozhd kateari emisio baimena kendu izana salatuz. Agiriak dio ez dutela zalantzan jartzen Dozhd-ek Letoniako legea urratu duenik, baina emititzeko baimena kentzeko erabakia neurrigabea eta bidegabea dela.

Agiriarekin bat egin dute Errusiako komunikabide independente gehienek eta hainbat kazetari errusiarrek. Asko Baltikoko herrialdeetatik ari dira lanean, eta orain arte babesleku izan duten herrialdean ez dira seguru sentitzen. Dozhd kateari emisio baimena kenduta, Letoniak Errusiari opari bat eman diola er? esaten du agiriak. Bat baino gehiago, alegia.

Errusiako gobernuak propagandarako erabili du gertatutakoa. Sare sozialetan zabaldu du Errusia «autokratikoan» Dozhd 10 urtez egon zela airean, baina Letonia «demokratikoan» bere emisioek lau hilabete eta erdi soilik iraun dutela. Dimitri Peskov Putinen bozeramailek ere Europako Batasuna hain «librea» ez dela azpimarratzeko aprobetxatu du gertaera. Bestalde, Putinentzat arriskutsua zen katea «doan» ixtea lortu du Moskuk, ezer egin gabe, Errusiako zerbitzu sekretuen sabotaje operazio arriskutsurik egin gabe. Ukrainako inbasioaz geroztik, Letonian errusiarren eta errusiar hizkuntzaren aurkako politiken gogortzeak orain arte ukiezinak ziren disidenteak ere harrapatu ditu. Moskun Dozhd-en bitartez informazioa jasotzen duten errusiarrek zer pentsatzen dute Letoniak egin duenari buruz? Kremlinen interpretazioa jasoko dute:hain zuzen ere, Europako Batasunean beste behin errusofobia dagoela frogatzen duela gertatutakoak. Moskuk zabaldu duen propagandaren arabera, Errusiarekiko gorroto itsuak ez dauka mugarik, ez dago errusiar onik edo txarrik; errusiar guztiakdira gaiztoak Mendebaldearentzat.

Telebista kateko kazetarieiLetonian bizitzeko baimena kendu eta Errusiara deportatuko dituztela mehatxu egin du Letoniako Defentsa ministroak, kazetari errusiar asko Moskuk bidalitako espioiak direlako, besteak beste. Zer leporatu diote telebista kateari emisio baimena kentzeko? Letoniako segurtasun eta komunikabide legeak hiru aldiz urratu eta segurtasun nazionala arriskuan jartzea leporatu diote, hiru ekintzetan oinarrituta: Krimea mapa batean Errusiako lurralde bezala erakutsi zuten, kazetari errusiarrek Errusiako armadaz hitz egitean; «gure armada» esaten dute askotan; eta aurkezle batek Ukrainara bidaltzen ari diren soldadu errusiarrei laguntza bidaliko dietela esan zuen. New York Times-i emandako elkarrizketan kazetariak azpimarratu du berak esandakoa ez dela ondo ulertu, ez zuela hori esan nahi, eta bera Ukrainako inbasioaren aurka dagoela, telebista katea bezalaxe. Errusiako disidentzia informatiboaren heroia gaizkile bilakatu da Ukrainako inbasio basatiak muturreko jarrerak bultzatu dituelako.

Baltikoko herrialdeetan Errusiarekiko dagoen jarrera jakina da: Moskuren desinformazioaren jomuga dira, hor bizi diren errusiar hiztunak manipulatzen saiatzen da Errusiako gobernua, Sobietar Batasunaren pean jasandako sufrimendua oso gogoan dute, eta mehatxatuago sentitzen dira Ukrainako inbasioaz geroztik. Baina bitartean, Meduza-k kaleratu berri duen albiste baten arabera, Putinen gertukoak diren bi oligarka lasai asko dabiltza oraindik Letoniako enpresetan negozioak egiten.

Komunikabide independenterik gabe, Errusia demokratikorik egongo ez dela azpimarratu dute Dozhd babesteko agiria sinatu dutenek. YouTube-n momentuz emititzen jarraitzen dute, baina Rigako gobernuak aurreratu du Interneten ere emisioak debekatu nahi dituela. Gauzak horrela, ausartuko ote da Europako Batasuneko herrialderen bat Dozhd-i emisiorako baimena eta bere langileei asilo politikoa ematera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.