urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Malvinak eta Gibraltar

2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Apirilak 2 zituen orduan ere. Udazkenean sartu berri ziren Hegoaldeko hemisferioan, Ameriketako inguru hartan diktaduren eta gerra zikinaren negurik gorrienean bazeuden ere 80ko hamarkadako hasiera hartan. Eta herria terrorearen menpe duzunean baina geroz eta egoera okerragoan, ekonomia gainbehera, oso ohiko estrategia izan ohi da kanpoko etsaia bilatzea, irain historikoa haizatzea eta haren konponbide mesianikoa aldarrikatzea. Halaxe lehorreratu zen duela 35 urte Argentinako armada Falkland edo Malvina uharteetan, bi mila biztanle baino gutxiagoko artxipelagoan. Diktadura militar bateko indarrek Margaret Thatcherrek gidatutako herrialdearen kolonia bati eraso zioten. Argentinar koronelek operazio «gauzagarritzat» omen zuten, Thatcherrek urtebete lehenago egindako murrizketen artean Ozeano Atlantikoko uharte haietako ontzi militarrak gutxitzea erabaki baitzuen, eta diktadurako arduradunek metropoliaren ezaxola gisa ulertu nahi izan zuten.

1982ko martxoaren amaieratik, baina, HMS Splendid eta HMS Spartan hegoalderantz zihoazen, bi aste lehenago egondako istilu batek piztutako susmoaren ondorioz: britainiarren menpeko Hegoaldeko Georgia uharteetan britainiar bandera haizatu zuten ontzi argentinarretatik etorrita. Apirila amaitzerako, eta tirorik egin gabe, irla haiek Londresen menpe zeuden atzera ere. Malvinetan ez zen berdin jazo, eta maiatzaren 2an ARA General Belgrano gurutze-ontzia hondoratu zuten britainiar urpekoek, 300 lagun baino gehiago hil ziren, Argentinak gerra hartan galdutako pertsonen ia erdiak. Hilabete pasa beranduxeago, Malvinak britainiarren esku zeuden berriz ere, eta argentinar diktadurarenak egina zuen.

Asko idatzi da ordutik hari buruz. Latinoamerikan ohi denez, Argentinako mapetan Malvinak sartzen dituzte, eta irainaren pisua handia da. Berdin gertatzen zaio Venezuelari Guyanan, Boliviari Txilen (kasu honetan itsas-irteeraren garrantzi estrategikoa badago ere), baina, oro har, «aberri» kontzeptuaren ideiarik zaharkituenari heltzen zaio, Jainkoak zuri emandako lur zati hori inork ebatsi izanaren laidoa balitz bezala. Eta hori berreskuratzeko, bistan da, beharrezko da dena ematea. Ikuspegi pragmatikoago batetik, ziur aski, errazago zuketen bestela irakurri izana Thatcherrek 1981ean egindako mugimendua, krisi urte haietan britainiar inperioaren arrasto haiei eustea ezinezko zitzaiela ulertzean eraso militarra prestatu ordez diplomazia sofistikatuagoa abiaraztea, lurralde harekiko eskaerak goxatzeko. Baina hordagoa jo eta galtzen baduzu, amaitu da partida. Malvinak Falkland izango dira luzaroan.

Nazio Batuek Argentinak egindakoa salatu zutenean, Panamak baino ez zuen alde bozkatu. Hamalau herrialdek egin zuten Erresuma Batuaren alde, eta Espainia abstenitu ziren lau herrialdeetako bat izan zen. Sei urte baino gehiago ziren Franco hil zela, baina Madrilek, Europako potentzia militar garrantzitsuenari—Sobietar Batasunaren ostean— aurre egiterik ez zuela jakinda ere, oso neurri gogor bati heltzen zion «bere» Malvinetan: Gibraltarrek hamahiru urte zeramatzan mundutik lurrez isolatuta, 1969an Francok muga itxi zuenetik gibraltardarrek hegazkinez edo itsasoz Marokon barna baino ez zuten hiritik irtetea. Urte haren amaieran Europarekin negoziatzen hastean egin behar izan zituen lehen urratsak Espainiak, oinezkoei pasabidea ahalbidetuta; autoen bidea ez zuen ireki 1985eko abendura arte, hau da, herrialdea Europako Batasunean sartu arte.

Erresuma Batua irtetear den une honetan, bere aukera dela iritzi dio Madrilek, behingoan Gibraltar bereganatzeko. Asteon, Theresa Mayren oharra jasotzeaz bat, Espainiako diplomaziak bere aldeko tanto bat lortu du, Donald Tuskek erantzun gisa emandako oharrean, 26 puntuetatik 22.a Gibraltarri baitagokio, gutxi asko Espainiari beto eskubidea emanez hiriarekiko auzietan. Baina EBko kide den neurrian, lehen ere bazeukan beto aukera hori. Eta Europak, Alemaniak, ez du brexit-aren negoziazio guztia Europa hegoaldeko kolonia baten aferagatik baldintzatuko. Gibraltardarrak bereganatu ezean, hiria ez da sekula prest egongo Espainiarekin subiranotasunik partekatzera. Eta gibraltardarrek oso argi dute, Londresen menpeko ezin badute, independente izango dira, ez Espainiaren menpeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.