urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Memorial-en alde

2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Herenegun 20 urte bete ziren Errusiako armadak Txetxeniako lehen gerra hasi zuenetik. Erabateko hondamendia izan zen: desertzioak, militarren dimisioak, eta milaka hildako Grozniren aurkako artilleria eta aire-erasoetan. Hiriko asaltoa urtezahar egunean egin zuten; Errusiaren erabateko porrotean mila soldadu baino gehiago hil ziren.

Hiru urte ziren Txetxeniak independentzia aldarrikatu zuela, 1991ko irailean, abuztuko estatu-kolpeak Sobietar Batasuna hilzorian jarri eta gero. Sezesioan inoiz pentsatu ez zuten errepublikek ere —Kazakhstan, Kirgizistan — independentziaaldarrikatu behar izan zuten, eta berdintsu egin zuten hamabost errepublika federalen azpiko zenbait egitura administratibok ere: Tatarstanek, esaterako. Putinek boterea lortzean dena amaitu zen: auzitegiek 2001ean ilegaltzat jo zuten 1992an egindako erreferenduma eta 2002an burujabetza galdu zuten.

Inguxek, txetxeniarren hizkuntza bera izan arren, independentziarekin bat ez egitea erabaki zuten, Errusiako inperioaren babesle izan diren osetiarren aurkako gerran murgilduta zeudelako: Balkanetan kezkatuegi zegoen mundua, eta jaramonik ere ez zion egin Kaukasoko txoko hartan etxetik tiroka botatzen ari ziren 60 mila herritarren garbiketa etnikoari.

Txetxeniako lehen gerra txetxeniarrek irabazi arren, guztiz kaotikoa izan zen gerraostea, gerrako jauntxoak nagusi zirela. Bigarrenak bat egin zuen Vladimir Putinen iritsierarekin: itxura guztien arabera FSBk paratutako bonbak Txetxenia berriz inbaditzeko aitzakia bihurtu ziren. Putinen agintaldian bakarrik, 50 mila lagun baino gehiago hil dira datu apalenen arabera, bost mila desagertuta daude. Europan XXI. mendean egindako sarraski izugarrienaren arduraduna agintean da oraindik.

2009an, garaipena eta gerraren amaiera aldarrikatu zituen Ramzan Kadirov Moskuren aldeko presidenteak. Aitzakia harekin, haraxe joan nintzen. Hego Osetia bisitatu nuen lehenik. Mikhail Saakaxvili Putinek prestatutako tranpan jausi zela konbentzituta banago ere (judoka bikaina dela ezin ukatu), horrek ez du zuritzen Georgiako armadak zibilez betetako Tskhinval hiriburuaren aurka egindako bonbardaketa. Asteon Errusiarekin «integrazioa» eskatu du azkenean Hego Osetiak.

Tskhinvalen, Saakhaxviliren bonbardaketen biktimak elkarrizketatu nituen. Ipar Osetian Beslango Amek egin zidaten harrera, herriko hilerria bisitatu baino lehen. Hotzikara, umeen hilobi zurien artean paseoan. Zaila da sinesten haurrak galdu zituzten ama horiekin Putinek erabilitako ankerkeria.

Ingux taxilari batekin muga ez ofiziala —baina aski argia, tanke eta txarrantxazko hesi eta guzti— zeharkatu nuen. Nazran hiriburuan Memorial elkartea bisitatu nuen, egoera ulertzen saiatzeko. Handik minutu gutxira FSBren bisita hotelean, eta errepublikako kuartel nagusian galdeketa.

Biharamunean alde egin nuen Inguxetiatik. Txetxenian, Memorial zen lanean ziharduen giza eskubideen aldeko elkarte bakarra. «Euskaldunak, badakizue txetxeniarren senide zaretela, ezta?» esan zidaten, Kaukasoan beste askotan legez, bulegora iritsitakoan. Memorialen Grozniko egoitza hartatik egin nuen BERRIAn eta beste hainbat lekutan argitaratutako materiala jasotzeko lana: desagertuen senideak, torturarik ankerrenak jasandako gazteak, presoen aldeko aktibistak (joan den astean militante armatuek hartu zuten prentsaren egoitza berean)… Zarema Sadulaievak arma kimikoek zangorik gabe utzi zuen nerabe bat aurkeztu zidan; handik gutxira tiroz hil zuten. Memorial ez zegoen hirian ordurako, Natalia Estemirovaren hilketaren ondotik.

Groznitik irteeran kontrol-postuan gerarazi gintuzten. Agenteetako batek espainolez ere bazekien, FSBren esku luzeari esker. Atxiloketa lasaia izan zen, galdeketak ere bai. Memorialeko lagunek deitutako abokatuari esker, isun txiki batekin alde egin ahal izan nuen. «Abisu argia izan da, Urtzi. Joateko ordua da», esan zidaten egoitzan. Konfiantzazko taxilari bati deitu eta gauez iritsi nintzen Naltxikera, Kabardino-Balkariako hiriburura. Biharamunean hegaldia zegoen Istanbulera. Handik gutxira Inguxetian laguntzaile izan nuena atxilotu eta era basatian torturatu zuten.

Zer dela-eta, orain hau guztia? Memorialen aurkako epaiketa delako datorren astean. Kremlinek argi adierazi du elkartea itxi nahi duela. Eta Memorialik gabe, Anna Politkovskaia edo Natalia Estemirova moduko emakume ausartik gabe, Txetxeniako ume sarraskituek, neskato bortxatuek, erretako herriek eta herritarrek, ez zuten nazio oso baten aurkako genozidio saiakera azaltzerik izango.

Atxilotuari berdin zaio CIAren hegaldietan, FSBren hobi bustietan edo Intxaurrondon torturatzen duten. Torturaren aurkako salaketak ere denak ditu beharrezko. Memorial, barkala, espasiva.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.