Mendebaldeko Sahara Marokoren autonomia bat bihurtzea proposatuko dute AEBek bihar NBEn

Washingtonek Marokoren ikuspegia hartzen du «irtenbide bat negoziatzeko marko bakar gisa». Fronte Polisarioak esan du ez duela horri buruz negoziatuko.

Errefuxiatu saharar batzuk Tindufen protesta egiten, astelehenean. MAHFUD BECHRI / EFE
Errefuxiatu saharar batzuk Tindufen protesta egiten, astelehenean. MAHFUD BECHRI / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 29a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero, sasoi honetan, Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaz (Minurso) erabakitzeko saio bat egin ohi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak, New Yorken, bere egoitzan. 1991n indarren sartu zenetik, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazka konponbidean jartzea asmoa duen misioa luzatu izan dute, testu bat kontsentsuz onartuta. Aurten, ordea, eztabaidatu eta bozkatu beharreko ebazpen proposamenean berritasun bat txertatu dute: AEBek Marokoren irtenbidea lehenesten dute; hau da, Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomia bat izatea. Bihar horri buruz bozkatuko dute segurtasun kontseiluan.

Orain egun batzuk jakin zen AEBek auzian esku hartu nahi dutela, eta Minursoren eginkizunaz mintzo den ebazpena aldatu. Donald Trump AEBetako presidentearen Ekialde Hurbilerako aholkulari Steve Witkoffek adierazpen batzuk egin zituen, eta jakinarazi Marokorekin eta Aljeriarekin hitz egiten ari direla, «60 eguneko epean bakea egon dadin». Aljeriak, hain zuzen, lehia estrategiko bat du Marokorekin Afrika iparraldean, eta, gainera, Aljeria mendebaldean daude sahararren errefuxiatu guneak, Tindufen. 

Hedabide batzuek ebazpenaren zirriborro bat kaleratu dute dagoeneko. Horretan ez dute aipatzen Fronte Polisarioak defendatzen duena: hau da, Mendebaldeko Saharak autodeterminazio eskubidea duela. Kontrara, Marokoren posizioa, Mendebaldeko Sahara bere autonomia bat bihurtzea, «irtenbide bat negoziatzeko marko bakar gisa» ikusten dute AEBek.

Horren berri izan zuenean, Brahim Ghali Fronte Polisarioaren buruak gutun bat idatzi zion Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiari, eta horretan azpimarratu zion prest daudela Marokorekin «negoziazio zuzenak» hasteko, NBEren aterkipean. Ghalik gaineratu zuen elkarrizketa horien helburua «irtenbide baketsu eta iraunkor bat» lortzea litzatekeela, eta kontuan hartu beharko luketela autodeterminazio eskubidea.

Protestak Tindufen

Segurtasun kontseiluari berari ere bidali zion gutun bat Fronte Polisarioak, eta ohartarazi zion aurrez ez dela izan AEBen proposamenaren moduko besterik, eta «modu arriskutsuan» aldentzen dela nazioarteko zuzenbidearen printzipioetatik. Fronte Polisariooak aurreratu du ez duela parte hartuko ebazpen proposamen horren edukian oinarritutako ezein negoziaziotan.

Azken egunetan, AEBen planteamenduaren aurkako protestak egin dituzte errefuxiatuek Tindufen, eta horietan azaldu dute ez dutela onartuko autodeterminazioa ez den beste alternatibarik. Hain justu, datorren astean, azaroaren 6an, 50 urte beteko dira Marokoren Martxa Berdetik; mugimendu harekin herrialdea okupatu zuten, eta gerra hasi zen. 

Duela hiru hamarkadatik, AEBek idatzi izan dute Minursoren bilakaerari buruzko ebazpena. Eta, Trumpek auzian duen jarrerari dagokionez, aintzat hartu behar da ezen bere lehen agintaldiaren amaiera aldera, 2020an, hau plazaratu zuela: AEBek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzen ziotela Marokori. Trukean, Rabati eskatu zion Israelekin zituen harremanak berrezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.