Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Messimania baino zerbait gehiago?

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ostegunean, Pekinen, Argentinako selekzioak Australiakoaren aurkako lagunarteko partida jokatu zuen Worker's Stadium berrian. Txinako hiriburuko estadioak 68.000 pertsonarentzako gaitasuna du, eta ez da sorpresa handia izan sarrerak agortu direla jakitea. Argentinako jokalariak asteartean Pekinera iritsi zirenetik, hiriburuan edonon ikusi dira kamiseta zuri-urdinak; ia denek Lionel Messiren 10 zenbakia zeramaten, beraien idoloarena hain zuzen ere. Argentinak 2-0 irabazita amaitu da aste honetako iraultza txikia, baina argi geratu da Argentinak zein futbolak Txinan uste zen baino jarraitzaile sutsuagoak dituela.

Pekin, zuri-urdinez

Txinan kolore garrantzitsuena gorria da; ba, aste honetan, hiriburuak beste kolore bat izan du nagusi: Argentinako selekzioaren zuri-urdinaz bete da hiriburua, Messi joan den arte.

Sanlitun auzoan, estadioa dagoen auzoan, partidaren aurreko egunetan hasi ziren herritarrak futboleko kamiseta jantzita ateratzen. Asteartean asko ikusten ziren, asteazkenean gehiago, eta ostegunean, herritarren erdiek baino gehiagok zeramaten 10 zenbakidun kamiseta zuri-urdina. Arratsaldeko bostetatik aurrera, kalera aterata estadiorantz zihoan masa zuri-urdinak bete zituen errepideak: oinez, bizikletaz, motorrez, giro ezin hobean. Estadiotik gertuago, aurpegian Argentinako bandera margotzeko postuetan, ilarak sortzen hasi ziren, eta sarreran hainbat pertsonak lagunak galdu zituzten, jendetza zela-eta mugikorrak seinalea galtzen hasi zirelako; asko itxura komunista duen erdialdeko eskulturara igo eta gertukoen bila egon ziren aurkitu zituzten arte.

Messiren bisitak mundu osoan eragiten du zirrara, baina aste honetan, Txinakoa gehiago izan da. Ohikoa al da beste herrietan atzerriko selekzioren bat datorrenean estadio osoa beren banderez betetzea? Egoten dira noski Argentinako bandera asko Europako herrietan ere Messik bertan jokatzen duenean, baina beste banderekin nahastuta; jarraitzaile batzuek eramaten dituzte beren banderak, edo beste taldearenak. Ostegunean, aldiz, Pekineko estadioan ez da ia Txinako banderarik ikusi, Australiakoak ere ez, egia esan; hori bai, inguruan ibili diren kazetariek kirolaz ere politika egiteko duten adikzio hori dela eta, Australia-Txinaren arteko harremanen inguruan jarraitzaileei galdetuta, beraiek argi eta garbi erantzun dute: ez zaiela axola Australiarekin beren herriak duen gatazka, Messi miresten dutela, futbolean onena delako, beraiek ere jolasten dutela futbolean, edo etxean aspalditik direla Argentinaren jarraitzaileak, Diego Armando Maradona izan dela aspalditik gurasoen faboritoa. Partida honetan herritarrek bi orduz gainerako guztia ahaztu eta gauza bakarra izan dute buruan: futbola, Argentina, Messi.

40 segundoko esprinta

Ekainaren hasieran salmentan jarri zuten lehen sarrera multzoa hamar minutuan agortu zen. Ez dira gainera merkeak izan; 80 euroan ordaindu dira zelaitik urrun dauden eserlekuak, eta lehenengo ilaren truke 700 euro ere ordaindu dute jarraitzaileek, horien artean, lehen inork ezagutzen ez zuen 18 urteko gazte batek. Orain birala da eta Txinan denek ikusi dute bere esprintaren bideoa: bigarren zatia hasi eta gutxira eserlekuaren ondoan zegoen barandilaren azpitik pasatu eta, bi metroko saltoa egin ondoren, Messi besarkatzera zelaira sartu zen. Irudietan ikusten da hasieran Argentinako jokalaria shock-ean geratu zela, baina ondoren gaztea besarkatu zuela. Messiren altuera bera duen mutilak, jokalariaren aurre-aurrean jarri, eta begietara begiratu zion irribarre zabal-zabal batekin; mugikorra zeraman esku batean, selfie-a ateratzeko, baina segurtasuneko hiru gizon harrapatzera zetozela ikusita, bere idoloa askatu eta zelaian barrena ihes egin zuen. Ia-ia atzetik zetorren segurtasuneko gizon bat lurrera erori zen, eta atezainarengana jo zuen gazteak, hari eskuarekin txoka egin eta beste ateruntz jarraitu zuen esprinta, besoak zabalik, irribarrez; azkenean 40 segundo inguru geroago harrapatu zuten arte. Argazkietan, gaztea poz-pozik ageri da, irribarre zabal batekin, segurtasuneko sei zaindarik hanka eta besoetatik helduta daramaten bitartean.

Messiren golak eserlekutik altxatu zituen hamarnaka mila pertsona, noski, baina baita inork ezagutzen ez zuen gaztearen esprintak ere. Hurrengo egunetan Txinako sare sozialetan mutila izan zen protagonista nagusia, eta askok zioten agian bere lasterketa izan zela partidako momenturik onena. Partida amaitu ostean bera zen guztien galdera: Nor da mutil hori? Zer gertatuko zaio? Atxilotu dute? Eta berak segituan eman zuen erantzuna. Barkamena eskatu zuen sare sozialetan: «Barkatu, Messi, egin dudana gaizki dago, modua ez da onena izan, baina zure benetako jarraitzailea naiz, eta autografoa eskatu nahi nizun. Nire bila zetozenez, ez nuen denborarik izan eta besarkatu bezain laster korrika joan behar izan nuen. Hurrengoan Miamira joan eta autografoa eskatuko dizut. Nahiko nuke, gutxienez, nik egindakoak segurtasun langileen arreta erakartzea, ez dutelako behar den bezala bermatzen jokalarien segurtasuna». Mezuan zioen momentu hori ondo prestatuta zeukala, zelaia esprintean gurutzatu ahal izateko fisikoki prest egon behar zuen eta.

Mezuak lasaitu ditu gaztea kartzelara eramango zutela uste zutenak, eta hurrengo egunotako argazkietan ere ikusi da, segurtasunekoek ere ondo pasatu zutela zelaian sartzeko aukera horrekin: mutila harrapatu nahian ari zirenean barrez ikusten zitzaielako. Beste argazki batean segurtasuneko gizon bat jokalariei begiratzeko biratzen dela ikusten da; beste batean, laneko uniforme beltzaren azpian daraman kamiseta zuri-urdinaren mahukak ikusten zaizkio beste langile bati. Gaztea zigortu egin dute: hurrengo 12 hilabeteotan ezingo du inolako partidarik ikusi. Berak onartu du, eta Messi besarkatuta pozik dago.

Orain eztabaida sortu da: Zer dago ekintza horren atzean? Zergatik maite dute hainbeste orain denek 40 segundoko esprintaren gaztea? Harrapatzen duten momentuan ere duen irribarre zabal horregatik? 68.000 pertsonari eman dien sorpresagatik? Batzuek diote berak egindakoa aire freskoa arnastearen modukoa izan dela hiru urtez pandemiagatik eta zulo moduko batean sartuta egon diren herritarrentzat, eta ikusle horiek guztiek askatasun momentu bat partekatu dutela. Beste batzuek diote partidak eta gazte horrek elkartasun momentu arraro bat sortu duela, segurtasuneko langileei ere irribarrea atera dielako. Argentinarrek ere eskatu dute, ez dezatela zigortu. Azkenean, Txina horren herri handi eta konplexua izanik, non guztia kontrola dela dirudien, une batez behintzat ikusi da posible dela gidoitik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.