Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Mexikarrek letra larriz ebatziko dute Justizia

2025eko maiatzaren 4a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lawfare izenaz ezagutzen da gatazka juridikoa, Justiziaren erabilera alderdikoia, eta, batez ere, epaileen eskutik aurkarien kontra egiten den jazarpen judiziala. Zenbatetan ez ote dugun ikusi mundu zabalean nola bihurritu diren araudiak gehiegikeriaz, edo legez kanpo, jauntxoen nagusitasuna kolokan ipintzen ausartu direnen kontra, betiere, hori bai, legezkotasun-itxura gordeaz. Ez gara hemen hasiko herrialdez herrialde epaileen zuzengabekeriak aipatzen, eta soilik Mexikon jazotakoak ekarriko ditugu gogora.

Lopez Obradorrek, presidente zela, gehiengo osoa zuen Parlamentuan, baina ez Konstituzioa aldatzeko behar ziren botoen bi herenak. Horregatik ez zuen lortu, 2022ko apirilean, botere publikoak biziberritzeko aurkeztu zuen egitasmoak aurrera egitea. Hura izan zen  bere asmo politikoaren A Plangintza. Etsi beharrean, B Planari eman zion bide, Konstituzioa aldatu gabe bere asmoak bideragarri egingo zituzten bigarren mailako legeak proposatuz, Parlamentuan zuen gehiengoak onartu zitzan. Lege sorta ausarta aurkeztu zien presidenteak diputatuei, eta haiek onartu. Atzera bota zituzten, atzeko atetik izan bazen ere, Peña Nietoren agintaldian hainbat sektoretako ondare publikoak, energia alorrekoak batez ere, eragile pribatuen esku uzteko Konstituzioari egindako aldaketak. B Plana 2022ko abenduan eta 2023 martxoan onartu eta argitaratu zen, zatika,  Federazioko Agintaritzaren Aldizkarian.

Iberdrola eta Repsol bezalako enpresek, mozkinak arriskuan ikusita, auzitara jo zuten, eta Auzitegi Gorenaren babesa lortu zuten 2024ko maiatzean. Den-dena lotuta, eta ondo lotuta, geratu zela uste zutenei kontra eginez, C Plangintza proposatu zien orduan Lopez Obradorrek mexikarrei, ekaineko hauteskundeetan Konstituzioa aldatzeko Parlamentuan eta Senatuan behar izango ziren bi herenak eskuratzea, alegia. Eta Claudia Sheinbaum oinordekoaren eskutik, lortu zuen.

Legegile hautatu berriek kargua berak presidentetza utzi aurretik hartuko zutenez, Lopez Obradorrek Konstituzioari egin beharreko 20 aldaketa proposatu zizkien berehala onartzeko. Horien artean esanguratsuena energiaren publikotasuna bermatuko zuena eta, bitxiena, Botere Judizialeko maila guztietako agintariak herritarrek hautatzea zuzenean. Azken erabakiak hautsak harrotu ditu, eta ez bakarrik Mexikon. Hilabete barru, ekainaren 1ean, hautetsontziak ipiniko dituzte, mexikarrek Botere Judizialeko 1.600 agintari aukeratu ditzaten, horien artean Auzitegi Goreneko 9 epaileak. Mexiko izango da, hortaz, estatu liberala xedatzen duten hiru botereak, hiruak, hautetsontzietan ebatziko dituen munduko lehen herrialdea.

Horregatik izango da historikoa lau igande barrukoa, inpunitatea jaun eta jabe den herrialdean. Ezin dugu ahaztu Mexikon egiten diren ehun delitutik 6,4 baino ez direla salatzen; eta salatzen diren ehun delitutik 14 bakarrik ebazten direla. Herritar xumeek, eta batez ere txiroek, mesfidantza diote Justiziari, eta epaitegitik zenbat eta urrunago egon, lasaiago bizi dira.

(ID_14208704) MEXIKO. DESAGERTUAK.
Mexikon desagertuta jarraitzen duten pertsona batzuk gogorarazteko horma irudi bat, Acapulcon. DAVID GUZMAN / EFE

Hauteskunde Batzorde Nazionalak eman berri dituen aurreikuspenak betetzen badira, hamar mexikarretik bi baino ez dira bozka ematera joango, eta ekainaren 1ekoa anabasa izango da hauteskunde mahaietan, halakoxea izan delako orain arte bozketa antolatzeko egindako prozedura. Oso denbora laburrean izan diren gorabeherak horrenbestekoak izan dira, Justizia alorreko beharginen eta maila guztietako epaileen boikota besteak beste, gaitza baita asmatzea erreformak lehen txanpa honetan atarramenturik izango duen edo ez. Azken zangotraba, aste honetakoa, boto-paperetan agertzen diren hautagaien artean hogei narkoaren esanetara egon daitezkeela onartu behar izan du Senatuak.  

Ezin dugu ahaztu Mexikon egiten diren ehun delitutik 6,4 baino ez direla salatzen; eta salatzen diren ehun delitutik 14 bakarrik ebazten direla. Herritar xumeek, eta batez ere txiroek, mesfidantza diote Justiziari, eta epaitegitik zenbat eta urrunago egon, lasaiago bizi dira

Oposizioak hasieratik ipini du narkoaren komodina mahai gainean erreforma zapuzteko, eta ofizialismotik onartzen dute arrisku hori egon badagoela, eta litekeena dela hautatuak izango diren epaile batzuk narkoaren eta talde kriminalen esanetara egotea. Baina Justizia eraberritu eta biziberritu egin behar dela benetan uste duten eragile horien esanetan, narkoarena berarena baino askoz maltzurragoa izan da epaitegietan jauntxo aberatsen eta botere ekonomikoaren eragina. Ondo dakite horiek izan direla historikoki Mexikon pobreziaren haztegia, eta ez dute ahazten haien esanetara makurtu direla beti epaileak.

Munduan ez dira gutxi arreta Mexikon ipinia dutenak, irrikan, sinetsita daudelako mexikarrak Historia letra larriz idazten ari direla. Baina Mexikon bertan ere ez dira gutxi Botere Judiziala berritzeko lehen ariketa demokratikoaren porrotarekin amesten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.