Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Mexiko, narkoestatu karikaturazkoa?

2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mexiko narkoestatua da, eta frogak ditut». Horixe esan zuen, hitzez hitz, Porfirio Muñoz Ledok, Mexikoko Parlamentuko presidente ohiak, hil aurretik. Duela bi aste, hilaren 9an, zendu zen ezkerreko hainbat mugimendutan buruzagi aritutako aitzindari historikoa, eta asteon ikusi dugu egin zioten azken elkarrizketa. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteari oldartu zitzaion Muñoz Ledo grabazioan. Hamarkada luzez burkide eta bidaide izan ondoren, muturka bukatu zuten biek. Herrialdeko eskualde gehienetan irabazi ahal izateko, narkotrafikatzaileen dirua erabili izana leporatu zien Muñoz Ledo zenak Morenako burkide ohiei, eta horren gaineko frogak banketxe bateko kutxa gotorrean omen zituen. Ikusi beharko da oinordeko politikoek froga horiek haizatzen uzten dituzten, edo ez. Auskalo.

Agintariek narkoarekin ustez duten loturaren ingurukoak ez dira berriak. EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak orain gutxi kaleratutako agirian narkoarekin lotzen zuen Rutilio Escandon Chiapas eskualdeko gobernadorea; eta apur bat arinago, maiatzean, Oaxacako gobernadore Salomon Jarak narkoarekin lotu zuen Iran Santiago eskualdeko diputatu eta Lopez Obradorren alderdikidea. Diputatuak berehalakoan erantzun zuen; ez zen isilik geratu, eta argi esan zuen Jara gobernadoreak «narkoa bere gobernuan sartuta» duela. Bi horiek ez dira kasu bakanak.

Salaketa horiek aspaldikoak dira. PRI eta PAN —oposizioko alderdiak dira egun— agintean zirenean, horixe egozten zien Lopez Obradorrek. Gaur, bera gobernu buru den honetan, horixe bera leporatzen diote PRI eta PAN alderdiek. Salaketok hain dira errepikatuak, ezen Lopez Obradorrek berak gezurtatu nahi izan baititu hil honetan, garaipenaren bosgarren urtemuga ospatzeko egin duen agerraldian: «Gobernu neoliberalen garaietan ez bezala, gaur ez da herria zapaltzen, ez da sarraskirik gertatzen, ez da inor torturatzen, ez da giza eskubideen urraketarik onartzen; eta esan dezagun ozen eta argi, gaur Mexikon ez dagoela narkoestaturik, garai haietan ez bezala».

Ezin talaia honetan Mexiko narkoestatua denik esan, ezta ukatu ere. Hori bai, narkoaren atzaparrak, eta eragina, nonahi atzematen dira. Martxoan Tamaulipas eskualdeko gobernadore ohi Tomas Yarrington epaitu eta zigortu zuten, AEBetan, narkoaren dirua zuritzeagatik. Hori baino larriagoa izan zen otsailekoa, Genaro Garcia Luna New Yorken zigortu zutenekoa, alegia. Felipe Calderon presidente zela Segurtasun sailburu izan zenak ogibide bi zituela ebatzi zuen epaileak: agintaria eta narkotrafikatzailea. Beste modu batera esanda: estatuko segurtasun indarrak narkoaren esanetara egon ziren, 2012tik eta 2018ra bitartean, behinik behin.

Garcia Lunaren kontrako epaiketan lekuko gisa aritu zirenen artean izen bat nabarmenduko dugu; hain zuzen, Edgar Veiytia Nayarit eskualdeko fiskal ohiarena. 2017an oraindik fiskal gisa ari zela AEBetan atxilotu zuten, mugaren alde batetik bestera droga garraiatu izana egotzita. Gainera, epaiketan fiskal ohiak Joaquin Guzman El Chapo babestu izana leporatu zion Garcia Lunari, baina baita gobernuan haren gainetik zegoen Felipe Calderon presidente ohiari ere. Larria gero!

Pasa den urtean, Guacamaya taldeak armadaren ordenagailuak hackeatu eta bertan atzemandako txosten guztiak filtratu zituenean, aldartea ilundu zitzaion bati baino gehiagori Morelos eskualdean. Militarrek idatzitako agirien arabera, bertako gobernadore Cuauhtemoc Blancok, haren hurbilekoek, eta eskualdeko senatari, diputatu, alkate eta epaile hainbatek lotura zuzena dute narkotrafikatzaileekin.

Albiste horiek eskandalagarriak izan daitezke Mexikon; hemen ez, edo ez horrenbeste. Ez dezagun ahaztu, ordea, 2001az geroztik, Mario Villanueva Quintana Ro eskualdeko gobernadore izandakoa atxilotu eta preso sartu zutenetik, herrialde osoko hogei gobernadore ohiek ziega bateko barroteen atzean lo egin izan dutela. Gehienak ustelkeriagatik epaitu eta espetxeratu zituzten, baita horietatik asko droga trafikatzaileekin izandako loturengatik ere.

Muñoz Ledok esan bezala, Mexiko narkoestatua dela diote batzuek. Beste batzuen aburuz, huts egin duen estatua litzateke. Badira Mexiko hamar sendi oso, baina oso, aberatsen kortijoa dela esaten dutenak ere. Arrazoia nork duen, ezin esan. Arestiko horiek guztiak ezagututa, Bilboko enpresari batek esaten zidan behin Mexiko zerbait izatekotan, karikaturazko herrialdea zela. Eta ez zitzaion arrazoirik falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.