Protestak herrialde arabiarretan. Analisia

Mezuak batzuei, eta lezioak besteei

Iker Aranburu.
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarrak zeharkatzen ari den askatasunaren trenak hurrengo geldialdia non egingo duen begira dago orain mundua. Itxaropen biziz batzuk, kezka hilgarriz beste batzuk. Urtarrila Tunisiako herriaren garaipenaren hilabetea izan zen, otsaila Egiptorena, martxoan norena izango da?

Arazoa ez da hautagai gutxi daudela, sobran daudela baizik: Marokoko Mohamed II.a, Aljeriako Buteflika, Libiako Gaddafi, Jordaniako Abdula II.a, Siriako El Assad eta Arabiako penintsulako errege, printze eta xekeak. Guztien aulkia mugitzen ari da, batzuena besteena baino gehiago bada ere.

Hurrena zein izango den apustu egitea baino ziurragoa da esatea orain denek, salbuespenik gabe, erreformei buruz hitz egingo dutela. Urteak daramatzate gauz abera agintzen: demokrazian sakonduko dutela, askatasunak handituko direla, ustelkeria borrokatuko dutela, enplegua sortuko dutela... Azken 30 edo 20 urteotako leloa. Aldea da orain promesa horietako batzuk betetzeko premia handiagoa dutela, trenak harrapatuko ez baditu.

Agintari horiei guztiei mezu garbia eman die Egiptoko herriak, aurretik Tunisiakoak bezalaxe. Buka daitezela Poliziaren gehiegikeriak, salbuespen legeak, atxiloketa arbitrarioak eta tortura basatiak. Nahikoa da hedabideen zentsuratik, hauteskundeen manipulaziotik, agintarien eta haien ingurukoen lapurretatik, edo herritarrak pobrezian mantentzetik gutxiengo bat aberasten den bitartean.

Mendebaldearentzat ere lezioa handia izan da. Gogorarazi dio herrialde arabiarrak eta (gutxieneko) demokrazia ez direla aurkariak, herri guztiek partekatzen dutela askeago bizitzeko gogoa. Eta egiptoarrek eta tunisiarrek erakutsi diete europarrei eta iparramerikarrei XXI. mendearen hasieran are iraingarriagoak direla erregimen totalitarioagoak sustengatzeko arrazoiak; islamista erradikalen aurka borroka egitea, nazioarteko egonkortasuna gordetzea edo petrolioa ziurtatzea ez dutela aitzakiak izan behar diktadoreak babesteko.

Globalizazioak ez lukeelako soilik izan behar multinazionalei ateak irekitzeko prozesua, herrialde guztietan bizi-baldintzak hobetzeko prozesua baizik. Ametsa? Ziur asko, bai; baina, behingoz, amets goxoak nagusitu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.