Zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakiaren ondorioak ez dira Alemaniara mugatuko. Europako beste gobernu batzuek ere zirt edo zart egin behar dute energia mota horri buruz, eta Berlinen erabakia adibide izango da askorentzat.
Hainbat urtez gainbeheran izan da energia nuklearra, batez ere Txernobylgo istripuak arriskuak agerian utzi zituenetik. Zentral berrien eraikuntza ia erabat geratuta izan da Mendebaldeko Europan, eta herrialde batzuek energia hori alboratzea erabaki zuten (Danimarkak, Italiak, Suediak...). Baina lobby nuklearra jantzi ekologiko berriekin itzuli da, indartsu: energia garbia omen da, CO2rik isurtzen ez duelako. Segurtasun arazoak? Konponduta daudela diote.
Alemaniaren erabakiak bultzada emango dio lobby nuklearrari, duela hilabete batzukAEBetako Gobernuak zentral berriak baimenduz egin zuen bezala. Italiak ere atzera egin du, eta lau zentral jartzekotan da Frantziaren laguntzarekin.
Mezuaren hartzaile potentzialetako bat Espainiako Gobernua da. Zentral nuklearrei bizitza luzatzeko presioa dauka Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Gobernuaren barruan ditu nuklearrak (Miguel Sebastian Industria ministroa) eta alderdian (Felipe Gonzalez) eta CCOOk eta UGTk ere gaiari buruzko «eztabaida» hasteko eskatu diote. Harrigarria izango litzateke Zapaterok erabakiak hartzea legegintzaldi honetan -inkestetan gehiengoa kontra dago-, baina 2012ko hauteskundeak igarotakoan, irabazlea edozein izanda ere, norabidea aldatzea ez da sinesgaitza. Zaila izango da zentral berriak irekitzea, oso garestiak direlako, baina daudenak ez ixteko argudioak Merkelek eman ditu.
Mezuak besteentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu