Myanmarren gero eta elefante gutxiago dago, baina pakidermo zurien kopurua benetan urria da, eta horrexegatik aitortzen dizkiote animaliari ezaugarri bereziak,jainkoen mezulari bat balitz bezala, menturaren aurrekari. Uda honetan, bozen eguna iragarri zuten egun berean, elefante albino bat agertu izana emaitzetan eskuratuko zuen loriaren seinaletzat jo zuen Junta Militarrak. Aurreneko hauteskundeak ziren bi hamarkadetan, eta oposizioak bozetan parte hartzeari uko egin bazion ere, asko zuten jokoan militarrek, garaipena bermatuta bazeukaten ere, diktadura beraren zilegitasuna auzitan dagoelako aspaldian mundu zabalean eta herrialdean bertan ere bai -ikuskatzailerik ere ez zuten onartu-.
Demokraziaren ikurra den oposizioko burua bozak egin eta astebetera askatu izana, beraz, irudi trakets horretan eragitekonazioartera begira egindako keinua da. Baita erabat jazarrita dagoen herriari begira egindakoa ere, urteetan isilean egon den herriak demokrazia irmotasunez aldarrikatzeari ekin baitio berriz. Rangun da egun mugimendu demokratikoaren gotorlekua, eta 1988ko eta 2007ko iraultzak errepikatuko diren beldur delako alde egin dute militarrek Naypyidawra -aztiek gomendatutako lekuan ezarri dute hiriburua-.
Demokrazia ezaz gain, baina, pobrezia da herrialdeko arazo latzena. Asiako herrialde pobreena da, eta hiru lagunetatik bat egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi da. Diktadurak, hala ere, aurrekontuaren %30 erabiltzen du defentsarako, eta %1a hezkuntzarako, eta horrek bermatu die orain artean sinbologia, astrologia eta numerologia baliatzea boterean jarraitzeko. Txinak herrialdean inbertitu dituen 1.400 milioi euroak eta legez kanpoko harribitxi trafikoari esker urtean eskuratzen dituen 500 milioi euroak ere lagungarri izan zaizkie militarrei hainbat estatuk ezarritako bahimenduari aurre egiteko. Than Shwe jeneralak horregatik agindu zuen billeteetan elefante zuri baten irudia inprimatzeko.
Myanmarko herritarrek, baina, pakidermo zurietan bainoago, emakume batengan sinesten hasiak dira; Aung San Suu Kyi baita euren ikurra, orain arte egin diren hauteskunde demokratiko bakarretan agerian gelditu zen bezala. Horregatik eman ditu azken 21 urteak atxiloaldiak kateatzen Aung San Suu Kyik.
MYANMAR. AUNG SAN SUU KYI. Pakidermo zuria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu