Mineral kritikoak ezinbestekoak dira bai kontsumorako teknologia sortzeko, bai ekoizpen aeroespaziala hauspotzeko eta armagintza industria sustatzeko, esaterako. AEBek baliatzen dituzten mineral horien %70 Txinatik datoz, baina, asteazken gauean Washingtonen sinatutako itunaren bidez, ziurtatu dute lehentasuna izango dutela Ukrainak dituen gisa horretako mineralak ustiatzeko, eta, orduan, Pekinekiko menpekotasuna murriztuko dute datozen urteetan.
Trukean, gainera, ez dute konpromisorik hartu, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak nahi bezala, segurtasun bermeak emateko laguntza militar nolabait mugagabea eskainiz. Hori bai, Zelenski presidenteak ondorioztatu dezake Washingtoni ez zaiola komeni Ukrainako egoera ezegonkorra izatea, AEBetako enpresak han negozioak egitekoak baitira. Ez dira albiste txarrak Kieventzat.
Gainera, mineral horien hobi gehienak —titanioa, kobaltoa, litioa...— Ukrainak kontrolpean dituen lurretan daude. Orduan, alde horretatik behintzat, ez da interes talkarik sortzen AEBen eta Errusiaren artean. Akordioa izenpetu ondoren, Washingtonek nabarmendu zuen «Ukraina aske eta burujabe bat» oinarri izango duen «bake akordioa» lortzea duela helburu; ez dio ezer, ordea, lurralde batasunaz; hau da, Zelenskik lerro artean irakurri beharko luke AEBek ez diotela lagunduko Errusiak azken hiru urteetan okupatutako lurrak berreskuratzen. Orduan, gaitz erdi Errusiarentzat ere.