Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. ANALISIA

Normala posible izan dadin

2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Europan halako demokrazia erakustaldirik ikusi gabe ginen inoiz; aurrekaririk gabekoa da eskoziarren erabakia. Europaren mendebaldean, lehen aldiz estatu berri bat sortzeari buruz erabaki dute libreki bere herritarrak, inolako gertakari traumatikorik gabe. Sinple, herritarren iritzia, herritarren boza, herritarren erabakia. Eta aldebiko onarpena, bozketan Bai eta Ez esan dutenena, Edinburgo eta Londresena. Bata zein besteak galtzeko arriskua onartuta eta emaitza errespetatuz.

Galdeketaren bezperan herriz herri halako arrakasta izan zuen Gazta Zati Bat filma sarean eskaini du Gure Esku Dagok. Idiazabaldar txoro (errespetuz) eta maitagarri batzuen bizipenetik abiatzen den istorioa, eta gogora ekarri digu orain sei urte, oraindik Eskoziara ia inork begiratzen ez zuenean bertara eraman zuten espedizioa. Filmako Eskozia bera da atzo botoa ematera joan dena.

2008an ez zen oraindik lau urte geroago Londres eta Edinburgon artean sinatuko zuten akordiorik, galdeketa egiteko arau adosturik, baina inor gutxik zuen zalantzarik eskoziarrek erabaki egingo zutela euren etorkizunaz, hori baita normalena. Independentzia zaleak ez ziren gehiengoa, eta Londresen iritzi baieztaturik ez zegoen. Baina hori ez zen eragozpena izan Eskozian eskoziarrak zer izan nahi duten elkarrekin eztabaidatzeko eta adosteko. Estatu quo-a mantentzearen aldekoek ere uste zuten herritarren zati handi batek bere etorkizunaz erabakitzeko borondatea agertzen badu asmo horri bide eman behar zaiola.

Herritarren borondate horri demokratikoki bide nola ematen zaion da ikusi duguna. Hurrengo hilabeteetan, gainera, erabaki horren ondorioak ikusiko ditugu, eta, nola ariketa demokratiko horren bidez, Eskozia bera eta baita Erresuma Batuak ere sinesgarritasuna eta elkarrekiko errespetua irabazi dituzten. Baiezkoen aldekoek ez dute galdu; erreferenduma eskoziar denen garaipena izan da. Euren buruaz eta etorkizunaz estrategikoki hausnartu eta erabakitzeko aukera izan dute, eta ariketa horri esker Eskoziarren parte hartzea inoiz baino handiagoa izan da. Herritarrak beren garaia dela jabetu dira.

2008an Nazioen Mundua zeritzon mugimenduak Eskoziara bidaia egitearen arrazoia galdera bat zen, «han normala dena zergatik ez da posible hemen?». Analisi eta artikulu ugari etorriko dira hurrengo orduetan galdera horren erantzutera. Londresen eta Paris eta Madrilen jarrerak alderatuko dituzte batzuek, adostasunaz eta ukazioaz hitz eginez; bakerik eza aipatuko dute askok, azken hamarkadetan atzetik jarraika dugun sufrimendua gogora ekarriz... Kataluniari begiratuz, ezberdintasun horietako batzuk errepikatuko dituzte analisi ugaritan. Bada, ordea, puntu bat kataluniarrek eta eskoziarrek bat egiten dutena eta guk oraindik etxeko lan dezenteren beharrean gaudena: herri adostasuna; herri baten heldutasun neurria, alegia.

Eskozia eta Katalunian gertatu denaren garrantzitsuena ez da, batez ere, egun barne hartzen dituzten estatuetatik bereizteko gogoaren hazkundea; euren burua gobernatzeko eta herri bakoitzak zer izan nahi duen erabakitzeko eraiki duten adostasuna baizik. Gure kontinentean ez dira modu horretan sortu izan estatuak; gerrek marraztu dituzte estatuen mugak. Orain, historiaren liburuetan letra larriz idatziko duten joera, haize, olatu berri baten lehen aparraren zuzeneko lekuko bihurtu gara.

Eskoziako normaltasun horrek, bozketa egunak, gurera ere ekarri du poza, eta bandera zuri-urdinak ugaritu dira batean eta bestean. Lekuko ez, gure patuaren protagonista izateko gogo bizia baitugu euskal herritarrok ere. Eskozian normala denak hemen posible behar luke, eta izango da, gure esku baitago.

Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Gure esku, herritarron esku, baitago, gutxienez, herritarren artean borondateak ehuntzeko lan hori egitea. Denok irabazle egingo gaituen erabakiaren inguruan dantzan hastea. Gure Esku Dago herri honek XXI. mendean idaztea etorkizun, elkarrekin, erabaki. Hori baita normalena, han eta hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.