Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Pasaporteak eta kontrolak

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Urte berriarekin batera, Kosovoko herritarrek bisarik eskatu gabe bidaiatu dezakete Europako Batasunera. Neurri hori 2018. urtean proposatu zuen Bruselak, baina aurten arte ez da indarrean sartu. Asko itxaron behar izan dute. Hori dela eta, azkenean, eguna iritsi denean, Kosovoko Gobernuak Vienarako 50 bidaia zozketatu ditu herritarren artean. Lehen ministroak zozketa irabazi duten bidaiariak agurtu ditu Pristinako aireportuan. Zozketaren albistea Amsterdamgo aireportuan nengoela irakurri dut, Schengen eremuan sartzeko pasaporteen kontrolean zain. Bertan, inguruko bidaiarien artean, ez dut Kosovoko pasaporterik ikusi. Edo agian bai, baina ez naiz konturatu.

Kosovokoek Europako Batasuneko herrialde gehienetako pasaporteen kolore bera dute; bordele kolorea. Ilaran, luze zain nagoela, ingurukoen pasaporteak begiratu ditut, eta herrialde jakin bateko pasaportea izateak dakartzan abantailak etorri zaizkit burura. Orain arte, Kosovoko herritarrak 21 herrialdetara bakarrik sartu zintezkeen bisarik eskatu eta ordaindu gabe. Orain, mundua zabaldu egin zaie; doan, baldintzarik gabe, Schengen eremua osatzen duten 27 herrialdeetara ere bidaiatu ahal izango dute. Hala ere, oraindik, trabarik gabe kosovarrek bidaiatzeko duten herrialdeen zerrenda oso laburra da nirearekin alderatuta.

Urtero kaleratzen duten Henley Passport Index zerrendaren arabera, Europako Batasuneko herritarrek 190 herrialdetan bisarik gabe bidaiatzeko eskubidea daukagu. Hain zuzen, Singapurreko pasaportearen ondoren, Espainiakoa, Frantziakoa, Italiakoa eta Alemaniakoa dira munduan ate gehien irekitzen dituztenak. Dena den, zerrenda horrek ez ditu jasotzen Europako Batasunaren barruan bidaiatzeko batasuneko herritarrei herrialde batzuek jartzen dizkieten trabak.

Esaterako, Frantziako gobernuak Miarritzeko aireportuan jartzen dituenak. 2015eko Parisko atentatuengatik Frantziak ezarri zituen barne kontrolak sei hilero luzatu egiten dituzte arrazoia ezberdinengatik. Apirila bitartean indarrean dauden sei hilabeteko kontrolak mehatxu terroristarengatik eta kanpo mugetako egoerarengatik omen dira. Behin-behienekoak izan behar zuten barne kontrolak behin betikoak bilakatu dira Frantzian izan ezik, Schengen eremuko beste 13 herrialdetan ere.

Europako Batasuneko herritarrek 190 herrialdetan bisarik gabe bidaiatzeko eskubidea daukagu. Hain zuzen, Singapurreko pasaportearen ondoren, Espainiakoa, Frantziakoa, Italiakoa eta Alemaniakoa dira munduan ate gehien irekitzen dituztenak.

Nortasun agiri kontrola zorrotzik gabe bidaiatzea geroz eta zailagoa da EBko herritarrentzat, eta baita oro har bidaiari guztientzat ere. Europar Batasuneko herrialdeetako pasaporteek bi herritartasun jasotzen ditu: batetik, Europako Batasunekoa, Schengen eremuan nortasun agiririk eta pasaporterik erakutsi gabe bidaiatzeko askatasuna ematen duena, edo zuena. Bestetik, pasaportea baimendu duen estatuaren herritartasuna, 190 herrialdetara bisarik gabe sartzea ahalbidetzen duena.

Amsterdameko pasaporte kontrolean alboan gure aurretik zegoen familiaren pasaporteak urdinak ziren. «United States of America» jartzen zuen azalean. Henley Passport Indexaren arabera, munduko seigarren pasaporterik «boteretsuena» da bidaiatzeko; alegia, 174 herrialdetara bisarik gabe sartzeko balio du. Estatubatuarren pasaporteei zigilua jarri die kontroleko polizia agenteak.

Urtebete barru Europako Batasunera sartzeko bidaiatu aurretik baimena eskatu beharko dute, 2025ean sartuko baita indarrean ETIAS mugetako kontrol sistema berria. Gauzak horrela, Europako Batasunak bat egingo du, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuek, Australiak eta Kanadak bidaiariak zorrotzago kontrolatzeko kontrol sistemekin.

Kosovoko bidarientzat, ordea, kontrolak lasaitu egin dira. Hori bai, joan den asteartera arte, ez dute jakin Espainiara bidaiatzerik izango zuten ala ez; arau berria indarrean sartu aurretik, Espainiak esan zuen ez zuela Kosovoko pasaporterik onartuko, herrialde horren independentzia aitortzen ez duelako.

Erabaki horrekin, Kosovoren independentzia onartzen ez duten EBko bost herrialdeen artean bakarrik geratu zen Espainia. Horregatik, azken orduan atzera egin du Madrilgo gobernuak eta Kosovoko pasaporteak onartuko dituela iragarri berri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.