Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Putin, Pekinen protagonista

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Xi Jinpingek ez du ezkutatzeko saiakerarik egiten: Putin ongi etorria da Pekinen. Errusiako presidentea eskuzabalik hartu du, asteazkenean, Txinako hiriburuan, Belt and Road (BRI) ekimenaren bilkuraren baitan. BRI-ren hamargarren urteurrena ospatu dute aurten; Pekinen arabera, aste honetakoa urteko momentu diplomatiko garrantzitsuena izan da, izan ere, BRI-a Ameriketako EstatuBatuen betiko botereari oreka egingo dion erreminta da Txinarentzat. 24 lider eta ehundik gora delegazio alde biko foro eta bilkuretan murgilduta egon diren bi egun horietan Putin izan du Xik gonbidatu nagusi: astearteko luxuzko afarirako gelan sartzen lehenak, Xi Jinping eta Vladimir Putin izan ziren, elkarrekin, gainontzeko liderrak, aldiz, beren bikoteekin sartu ziren, Xi eta Putinen ondoren. Asteazkenean ere bai, Putin izan zen gonbidatuen artean irekiera hitzaldia ematen lehena.

Mundua bi zatitan

Mendebaldeak Zetazko bide berria bezala ezagutzen den proiektuan hasiera batean arreta handirik jarri ez duen arren, Txinarentzat BRI-a mundua aldatzeko proiektu ardatza da eta Hegoalde globala du nagusi. Pekinen azken urtean bisita diplomatiko ugari izan ditu, Mendebaldetik ere: Scholz, Macron, Borrell,Blinken... Baina Txinarentzat garrantzitsuena orain ez da Mendebaldea, Mendebaldearen aspaldiko botere horri oreka egitea baizik, eta Hegoalde globalean du jarria arreta. Duela hamar urtetik, Pekin milaka milioi dolar inbertitzen ari da, mundu osoan, azpiegituretan, batez ere garapenerako bidean dauden herrialdeetan. Helburua munduko merkataritza Txinara erabat lotzea da; bestalde, inbertsio horiek onartzen dituzten herrialdeekin harreman diplomatikoak sendotzea lortu nahi du Pekinek. Azken urteotan Xi Jinpingek agerraldi bakoitzean azpimarratu du mundu multipolarra sortzearen garrantzia; Ameriketako Estatu Batuen erabateko kontrol hori amaitu nahi du, eta gero eta gehiago dira bide horren alde agertu direnak.

Hori bai, duela lau urte BRI-ren bilkuran izan zirenak baino gutxiagok hartu dute parte oraingoan: 2019an 37 izan ziren, proiektuan sartuta dauden Europako hainbat lider barne: Txekia,Grezia, Austria eta Portugal hain zuzen ere. Oraingoan, guztira 24 izan dira; europarrek kale egin dute, eta ez da harritzekoa: Ukrainako gerra hasi zenetik Txinak Mendebaldean mesfidantza gehiago sortzen du, eta, adibidez, Italiak adierazi du, horren ondorioz, Belt and Road proiektutik irteteko intentzioa.

Mundu multipolarra sortzeko saiakera horretan mundua inoiz baino zatikatuago dago. Pekinen arabera, arazoa AmeriketakoEstatu Batuek botere osoa beretzat izaten jarraitu nahi dutela da, ez direla gai Txinaren lehia onartzeko. Arrazoiak arrazoi, argi dagoena da Ukrainako inbasioa hasi zenetik tentsioa areagotu egin dela, eta orain, Ekialde Hurbileko gatazkarekin ere bai, munduan bi bloke kontrajarri daudela ezin da ukatu. Esanguratsua, aste honetan Pekinen Putinek eta Xik bi herrialdeen arteko adiskidetasuna azpimarratzen zuten bitartean, Biden Israelen milioika dolarreko laguntzakiragartzen egon izana.

Pekingo bilkuraren lehen egunean ez dute Gaza aipatu. Hamasek atentatua urriaren 7an egin zuenetik, lehen aldiz, ostegun honetan egin du Txinako presidenteak gatazka horren inguruko lehen adierazpen publikoa: Egiptoko ordezkariarekin izan duen alde biko bilera batean ahalik eta azkarren su etena lortzeko deia egin du, eta aspaldiko gatazkaren irtenbidea estatu palestinar autonomoaren sorrera litzatekeela defendatu du. Bestalde, Egipto eta beste herrialde arabiarrekin irtenbide bat bilatzeko elkarlanean aritzeko prest agertu da.

Gatazka horretan Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek jarrera erabat kontrajarria izan dute: Ameriketako Estatu Batuek, eta orokorrean Mendebaldeak, musika jaialdian Hamasek egindako atentatuaren aurkako mendekuari argi berdea eman dioten bitartean, Xi Jinpingek ez du oraingoz Hamasen atentatua gaitzetsi; aldiz, Israelen erasoak gogor kritikatu ditu.

Gatazka, aukeran ez

Egoera horretan, Mendebaldean herritarrak hasi dira pentsatzenez ote datorren mundu osoari eragingo dion gatazka handiago bat, hirugarren mundu gerra hori, askoren betiko beldurra. Eta ez da sorpresa, Taiwan ere bai, berriz da elkarrizketa askotan protagonista: ez ote du orain, azkenean, munduak arreta beste bi lekutan jarria duenean, Pekinek irla autonomoa inbaditzeko aprobetxatuko? Asian, behintzat, aditu gehienek zalantzan jartzen dute Taiwango gatazka Pekinek muturrera emango duela; hemen ideia nagusia da Txinak gatazka gehiago ez duela nahi. Pandemiaren ostean ekonomia ahul du eta egonkortasuna du orain lehentasun.

Eta itxuraz Putinek Xiren erabateko babesa duen arren, bisita honetan ere ez du lortu nahi lukeen emaitza eramatea bueltan Moskura: hitz politez harago, Pekinek ez dio promesa zehatzik egin. Izan ere, Xik Putinekin harremana zaindu nahi du; batez ere, arerio bera dutelako, eta mundu multipolar horren sorreran Errusia aliatu garrantzitsua delako, baina ez dute nazioarteko harremanetan jarrera bera partekatzen eta Pekinek ez du Moskuren ondorioz Mendebaldearekin harremanak erabat gaiztotzerik onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.