urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sami abertzaletasunak, ehun urte

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Marmotaren eguna» aipatu genuen berriki albistegian. Badakizue, Andie McDowell eta Bill Murray protagonista zituen film hura, denboran harrapatuta gelditu zen erreportariarena. Otsail hasieran marmota baten bidez «jakiten» dute negua amaitzear den, ala sei aste gehiago iraungo duen. Lankideak gaztigatu zidan txotxolotuta genbiltzala urtero horren berri ematen, geurean ere Kandelaria eta Santa Ageda ohiturak gauza bera direla funtsean, makilarekin lurra jo iratzar dadin.

Baina otsail hasierak inon badu garrantzirik, Sapmi-n (Laponia) da hori. Hiru hileko iluntasuna amaituz, ortzemugan lehen aldiz eguzkia agertzen da, estreinakoz horizontearen gainetik gelditzen da une labur batez, laster berriz gorde eta atzera ere gaua abaildu arren. Aurrerantzean, egunik egun itzel igartzen da zelan luzatzen den eguna: egin kontu 40 egun baino gutxiagoan gauak eta egunak hamabina ordu irauten dutela mundu osoan.

Aurten, baina, esangura berezia izan du otsailaren 6ak. Kontzientzia eta nortasun politikoa garatzeko zerikusi handia du datak: orain ehun urte, 1917ko otsailaren 6an, lehen sami kongresua egin zuten Trondheim hirian. Duela 25 urte baino ez zuten onartu Norvegiak eta Suediak samien egun nazional bezala, eta 2004an Finlandian. Mendeurreneko ospakizunean, Norvegiako Harald erregea eta Erna Solberg lehen ministroa izan ziren astelehenean Trondheimen, besteak beste.

1917an oso desberdina zen giroa. Zientzia politikoetako aditu askoren iritzian, egiaz gertatu den sezesio demokratiko bakarra Norvegia Suediatik bereizi zenekoa da, 1905ean egindako erreferendumaren bidez. Gainontzeko estatu-sorrerak beste testuinguru baten leudeke, deskolonizazioan edo ordura arteko estatuaren desagerpenean. Egun munduko per capita errenta handienetakoa daukan herrialdea da Norvegia, baina orduko hartan, erabakigune nagusietatik urruneko fiordoetan bizi zen herria zen, Suediako erresuma boteretsu eta historia luzekoaren ondoan. Eta beren estatua bozkatuz eratzea lortu zuten norvegiar haiek. Baina, era berean, muga luze bat ezarri zuten Eskandinaviako penintsulan, ia Baltiko ertzetik tsarraren Errusiako iparraldeko eremuetaraino iristen zena. Eta mugaren alde bietan samiak bizi ziren, elur-oreinen taldeekin bizimodu nomadan horietako asko. Oraindik ere abeltzain edo ehiztari edo arrantzale irudi hori nagusi izan arren, ia sami guztiak Sápmiko herri eta hirietan bizi dira, eta Oslon beste milaka batzuk.

Iaz Euskal Herrian bisitan izan genituen hogeita hamar sami idazle, Euskal PENek gidatuta. Lau urte lehenago ere etorri eta gure bazterrak maite, nonbait. Juan Karlos Izagirre orduko alkateak zoriontzeko txartelen antzekoak egin zizkien samiei. Eta ez sinestekoa da zelan iritsi zitzaien detaile hura barnera, bisitariei ongi etorria opa zien mezua euskaraz eta samieraz irakurtzean. Hizkuntzaren garrantzia ezin da sinbolikoa soilik izan, baina sinbolikoki ere indar itzela dauka. 2017tik begiratuta, zaila baitzaigu Giza Eskubideen paradigma den Norvegiaren ordez estatu supremazista bat irudikatzea, baina XX. mende hasierako estatu hark norvegiartze politika zurrunak garatu zituen hamarkada askotan, samien umiliazio eta bazterketa bultzatzen. Eta hain biztanle gutxi izan eta sakabanatuta bizi direnez, umeek asteak ematen zituzten eskoletan gurasoak ikusi barik. Hizkuntzan izandako galeratik ez dute atzera berreskuratzea lortu. Orain badakite euren esku dagoela. Gutxi izatea ere lagun dute ziur aski, estatuaren aldetik behar besteko babesa bermatuta izateko. Bere horretan, ekonomikoki laguntza handiena izanda ere, ez du arren egindako kaltea konpontzen, ordea. Hizkuntzaren galeran, esaterako.

Europako indigena bakarrak direla aldarrikatu ohi dute samiek, hizkuntzaz haratago doazen elementuengatik. Garabidek Latinoamerikan nagusiki egin izan ohi duen lanaren antzera, sami ekintzaileek lotura estuak dituzte herrialde anglosaxoniarretako nazio indigenekin, Hawaiin eta Zeelanda Berriko maoriekin nagusiki, baita Australia, Kanada eta Estatu Batuetako herriekin ere.

Niri errezelo handiak piztu izan dizkit indigenismoak, aitortzen dut. Sami askok ere, elementu etnikoen gainetik, hizkuntza, lurraldearen kontrola eta autodeterminazioa elementu politiko gisa aldarrikatzen dituzte. Ez dute estatu propiorik sortzeko beharrik, ez aukerarik ikusten, baina subiranotasuna indigenismoaren ikuspegi zaharkitu batetik bereizi beharra ere aldarrikatzen dute geroz eta gehiago. Besteak beste, jantzi koloretsuak janzteaz gain samieraz egiten duten Sápmi berri bat eratzeko, etnikoki sami izan diren eta ez diren herritarrez osatuta eta bere baliabideen jabe dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.