Olatz Arrieta

Si vis pacem, para bellum

2025eko maiatzaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusia arerio militar eta politiko nagusia bilakatu da Europako Batasunaren proiektuarentzat: Putinen gobernuak oinarrizko eskubideak urratzen dituzten politika sozial ultrakontserbadoreak bultzatzen ditu, eskuin muturreko alderdiei hauspo politikoa eta ekonomikoa ematen die, Europako Batasuneko herrialdeen aurka desinformazio kanpainak eta azpiegitura sabotajeak egiten ditu.

Horrez gain, Errusiak autodeterminaziorako eskubidea ukatzen die estatu batzuei. Ukrainarrak errusiarrak direla esan eta haiek menderatzeko inbasioa egin eta gero, orain Lituania du jomugan Putinen gobernuak; alegia, Sergei Lavrov Atzerri ministroak liburu batean idatzi du Lituaniak ez lukeela existitu behar. Ahaztu egin zaio Sobietar Batasunaren inperioa desagertu egin zela Errusiak, Bielorrusiak eta Ukrainak autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zutelako. Lituania Europako Batasuneko kidea izanik, gainontzeko herrialdeek hura laguntzeko betebeharra dute. XXI. mendean Europako kontinentean gertatu diren bi inbasioak, Georgiakoa eta Ukrainakoa, Errusiak egin ditu. Inbasio horietarako erabiltzen dituen argudioetan sartu gabe, argi dago Moskuk ez duela onartzen egun Europan indarrean dagoen segurtasun antolaketa, eta, NATOren hedapena dela medio, militarizazioan buru-belarri murgilduta dago; barne produktu gordinaren %6 defentsako aurrekonturako jartzen du, eta ekonomia Ukrainako gerra irabazteko ahaleginean dago oinarrituta. Errusiaren berrarmatzearen eta Ameriketako Estatu Batuen segurtasun bermeen ahultzearen harira, Europako Batasunak berrarmatzearen aldeko deia egin du, betiere NATO zalantzan jarri gabe.  Bruselak proposatu duen berrarmatzeko planak aurrekontu militarra handitzeko deia egiten die estatuei, ezer exijitu gabe; alegia, Europako Batzordeak defizit eta zor arauak malgutu ditu gastu militarra kontuan ez hartzeko, estatu batek zigorrik ez jasotzeko baldin eta defentsan egindako gastuarengatik defizit eta zor mugak gainditzen baditu. Orain arte, Europako Batasuneko hamabi estatuk eskatu dute ofizialki arau fiskaletan malgu jokatzeko, modua izan dadin defentsan diru gehiago gastatu ahal izateko. Horrekin batera, 150.000 miloi euroko mailegu merkeak emateko prest agertu da batzordea, bereziki armak Europan erosi eta Europako defentsa industria bultzatzeko. Berrarmatze planean parte hartzea, beraz, ez da derrigorrezkoa; alegia, Europako Batasunak ez du inor behartzen gastu militarra handitzera, defentsa estatuen eskumena baita.

NATOko kide diren herrialdeentzat, ordea, berrarmatzea betebeharra da: Donald Trumpek ohartarazi du aurrekontua handitzen ez duenak ez duela NATOren babesik jasoko.

(ID_14914542) RUSSIA VICTORY DAY REHEARSAL
Errusiako armadako kide batzuk Moskun desfilatzen, apirilaren 30ean. ANATOLI MALTSEV / EFE

Gerra Hotzaren ondoren Europan dagoen segurtasun egoera kudeatzeko, Errusiaren mehatxuari aurre egiteko eta Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasun militarra amaitzeko, NATO desegin eta segurtasun erakunde berri bat osatu behar da. Baina defentsa ez da armamentua bakarrik; gerrak piztu ez daitezen diplomazia, elkarrizketak eta akordioak beharrezkoak dira. Hori dela eta, Europako Batasunak  prestatu egin beharko luke Errusiarekin harreman diplomatikoak berrezartzeko, eta harreman ekonomikoen inguruko akordioez hitz egiten hasi. Zenbat eta harreman ekonomiko handiagoa Errusiarekin, orduan eta garestiagoa izango da harreman horri kalte egin diezaioketen erabakiak hartzea. Horrekin batera, bakea gerra baino onuragarriagoa dela erakusteko, Bruselak pizgarri politikoak eskaini beharko lizkioke Errusiari, Ukrainako inbasioa amaitzeko eta harremanak normalizatzeko. Bitartean, ordea, Europako Batasuneko herrialdeek prestatuta egon beharko lukete AEBak gabe euren burua defendatzeko eta elkarri laguntzeko, balitekeelako Ukrainako gerra zabaltzea eta AEBek Groenlandia inbaditzea. Europako Batasunaren beraren biziraupena arriskuan egon liteke bere burua defendatzeko gai ez bada; israeldarren eta palestinarren arteko gatazkak erakutsi duen moduan, militarki ahulena izateak genozidioa eta deuseztapena dakartza.

Defentsa ez da armamentua bakarrik; gerrak piztu ez daitezen, diplomazia, elkarrizketak eta akordioak beharrezkoak dira. Hori dela eta, Europako Batasunak prestatu egin beharko luke Errusiarekin harreman diplomatikoak berrezartzeko, eta harreman ekonomikoen inguruko akordioez hitz egiten hasi

Putin eta Trump desagertu eta gero, Errusiak eta Europako Batasunak bizilagunak izaten jarraituko dute; eta Europak, orokorrean, militarizatuta jarraituko du, betiko moduan. Berrarmatze eta desarmatze garaia, eta gerrak amaitzeko bake itunak eta segurtasun akordioak dira Europaren historia.

Europako Batasuna Europako herrialdeak elkarren aurka ez borrokatzeko sortu zen. 27en artean, desarmatuta dauden lau herrialde daude: Austria, Irlanda, Malta eta Zipre. Herrialde neutralek eraso militarren bat jasaten badute, laguntza jasoko dute armatutako estatuetatik. Europan 55 estatu daude egun, estatu horien %49 bakarrik dira EBko kide, denak ezin dira kide izan, baina, egun bizi dugun berrarmatzearen ondoren desarmatzea etor dadin, estatu guztiak hartuko dituen erakunde berri bat behar da; 2022an sortu zen Europako Elkargo Politikoak porrot egin du Errusia eta Bielorrusia kanpoan utzi dituelako. Putinek eta Lukaxenkok Europako gainontzeko agintariak aurrez aurre izan beharko dituzte Europan segurtasun egitura berriez hitz egiteko, inbasioak eragozteko eta berrarmatzearen ziklo honi amaiera lehenbailehen emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.