Parisen maiatza zen, eta Berlinen, azaroa. Kairon otsaila da, udaberria negua da hemen, eta harresia metafora da piramideen herrialdean, faraoien lurraldean. Egiptoren historian mugarri bat ezarri, eta herrialde arabiar guztien etorkizuna baldintzatzeko gai izan da, hiru aste eskasetan, sekula aurretik iraultzarik ezagutu ez duen herria. Eta erreboltak gertaleku bat ere izan du hemen.Tahrir plaza garaipenaren ikurra bilakatu baita. Gorria, zuria eta beltza da dena hemen, baita biharamunean ere; dena da poza, dena itxaropena, dena etorkizuna.
Irribarreak, malkoak, besarkadak, oihuak, klaxonak, dantzak, txaloak. Dardara egiten du plazak; askatasuna samurra baita, espero ez izanagatik goxoagoa, duela hiru aste eskas pentsaezina zelako egun hau iritsiko zenik, desio bazuten ere, aro berri bati ekitea euren eskuetan zegoela.
Eta horixe izan da giltzarria. Euren indarrean sinestea. Nahiz eta oraindik askok sinistu ere ez duten egiten beste bide bat zabaldu dutela, eta eskuetan etengabe erakusten dituzten egun historikoaren egunkarien azalak dira horren lekuko. Nekez ahaztu baitezakete egun bakarrean hiru hamarkada ilunez luzatu den diktadura. Horregatik errepikatzen dute etengabe matxinadaren lelo bilakatu den esaldia: «Tente jar ezazu zeure burua, egiptoarra zara eta». Tahrir plazaren inguruko bazterretan dauden tankeetara igota kantatzen dute esaldia. Tente jartzeko unea dela aldarrikatzen dute. Eta kontrastea egiten du horrek inguruko kaleetan dauden zuhaitzekin, makurtuta baitituzte enborrak guztiek. Eta zuhaitz baten alboan dagoen herritar batek eman du horren arrazoia: «Diktadurak makurtu ditu». Makurtuta egon badira ere, zutik jarri direlako, eta jada plaza zabal bezain kutun hau garbitzeari ekin diote, kale kantoiak pintatzeari, erratzak pasatzeari, trantsiziorako urratsa egiteko unea dela agerian utziz. Biharamunean bertan, aro berriaren lehen egunean.
Protestak herrialde arabiarretan. Lekukotza
Tahrir plazatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu