Olatz Urkia
Leku-lekutan

Txinan, urte berria, etxafuegorik gabe?

2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Txinako urte berria dator. Ilargi egutegiaren arabera, aurten otsailaren 10ean hasiko da 2024. urtea. Festa hori da hemen garrantzi handiena duena: otsailaren 9an hasi eta 15era arte jai izango dute herrialde osoan. Mendebaldeko Gabonetan bezala, hemen ere bai, egun horiek familiarekin egotekoak dira, eta otsailaren aste horretan milioika pertsona igoko dira trenetara beren eskualdeetara itzultzeko.

Ilargi egutegiak hamabi sinbolo dauzka, eta aurten dragoiaren txanda da, animalia indartsu eta zintzoa, kultura txinatarraren arabera. Hala ere, etapa berria ondo hasteko berebiziko garrantzia dute errituek. Aspaldiko tradizioari jarraituz, egunotan badaude falta ezin diren hainbat elementu: kolore gorria, alkohola, familia eta, nola ez, su artifizialak. Azken horiek Txinan duela 2.000 urte inguru sortu ziren, Nian munstroarengandik babesteko.

Kondairen arabera, urte berria iristean Nian hirietara gerturatzen da, eta hura uxatu ahal izateko ezinbestekoa da etxafuegoen zarata. Txinako aitona-amona eta pertsona heldu guztiek ospakizun horren oroitzapenetan su artifizialen zalaparta dute oinarri; gazteek ere ohitura horrekin lotuak izaten dituzte haurtzaroko momentu kuttunenak: negu hotzean afaldu ostean, gurasoen besoetan kalera atera, eta zeruan su artifizialen kolore distiratsuak ikustea. 2018an gobernuak Pekin eta beste hainbat hiritan katxaperoen aurkako debekua ezarri zuenetik, Txinako urte berria ez da gauza bera.

Debeku zaila

Agintarien arabera, ohitura horrek airearen kalitatean eragin handia du. Txinan su artifizialak ez dituzte udalek modu antolatu batean erabiltzen. Edozein dendatan salgai daude eta familiek nahi adina eros ditzakete, urte berriaren aste osoan egunero momentu hori errepikatzeko. Pekin bezalako hiri handiek 20 milioi biztanle dituztela kontuan hartuta, ezin da ukatu egun horietan zerua normalean baino zikinagoa izaten dela.

Debekuaren alde daudenen bigarren argudioa segurtasuna da. Izan ere, urtero izaten da istripuren bat, suak familia bakoitzak erosita zaila baita segurtasuna bermatzea. Hala ere, zauritu larriak egotea ez da batere ohikoa.

Bi arrazoi horiek ez dute txinatarren gehiengoa konbentzitzen, eta aurten urte berria gertu dagoen honetan, sare sozialetan berriz sortu da eztabaida. Inkesten arabera, herritarren %80 debekuaren kontra daude. Azken urteotan, sarritan, herritarrek aukera duten bezain laster egiten diote lege horri desafio. Joan den urtean, adibidez, iparraldeko Hebei eskualdean familia batek poliziaren auto bat erabat suntsitu zuen, beren tradizioari oztopoak jartzen saiatu zelako. COVID-19aren zero kutsapenen estrategiaren amaieran ere, 2022ko abenduan hain zuzen, su artifizialen hotsa izan zen Pekingo hainbat lekutan desafioaren seinale.

Herritarrek ez dute ohitura hori desagertzerik erraz onartuko. Duela bi-hiru hamarkada ere egin dira tradizioa urte berriko ospakizunetatik ateratzeko saiakerak, baina herritarren presioa dela-eta beti atzera bota behar izan dute. 2017tik aurrera, berriz, hirietan temati ari dira debekatu nahian. Ordutik, guztira 444 hirik ezarri dute debeku partziala. Gehienek gune eta momentu berezi batzuk onartu dituzte salbuespen gisa, baina Pekin bezalako hirietan debekua erabatekoa egin nahi dute.

Munduko bigarren potentziaren hiriburua aldatzen

Pekinera iritsi berri diren atzerritarren lehen inpresioa sarritan bera izaten da: kontrastea, kaosa; etxe orratz modernoenak kale batean eta metro gutxi barnerago pisu bakar bateko etxe zahar tradizionalak; Porsche garestienak, eta ondoko kalean bat-batean oilar bat. Herritarrentzat hori ondo dago, baina gobernuak uste du munduko bigarren potentziaren hiriburua garbitzeko ordua iritsi dela, eta azken urteotan zarata eta nahasmen hori guztia ezabatu nahian ari dira.

Su artifizialen debekua eman diren hamarnaka pausoetako bat besterik ez da. Zerrenda luzea da: kaleak poliziaz bete dituzte eroen moduan gidatzen duten motor elektrikoak kontrolatzeko; kalean inprobisatuta ireki ziren jatetxe eta denda txiki horiek guztiak itxi dituzte, segurtasun neurriak betetzen ez dituzten milaka eraikin bota dituzte.

Hartu diren erabaki asko garrantzitsuak izan dira bizi kalitatea hobetzeko, baina bide horretan kolore batzuk galdu dira eta urte berrian behintzat txinatarrek nahi dute zarata, nahasmena eta kolorea. Ez dute erabat galduko, su artifizialak erabiltzen jarraitu ahal izateko modua bilatuko dute. Gero eta gehiago dira hiritik kanpora joaten direnak, landa eremuan bai, maite duten festa izan baitezakete. Agian hori gertatuko da, Pekin bezalako hiriak zuri-gris, erabaki politiko eta ekonomikoen eszenatoki bihurtuko dira. Herritarrek bizitzeko, aldiz, beste lekuak bilatu beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.