Agusti Alcoberro eta Marcel Maurik —ANC eta Omnium Culturaleko presidenteordeak hurrenez hurren— Kataluniako prozesu subiranista aztertuko dute, gaur, Gure Esku Dago-k eta Erabakizaleak abokatu elkarteak Bilbon antolatu duten solasaldian.
Antolatzaileek azaladu dutenez, "elkartasun ekitaldia" izango da, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako auziengatik preso daudenei babesa adierazteko. "Egun batzuk barru, lau hilabete beteko dira ANCko lehendakari Jordi Sanchez eta Omnium Culturaleko lehendakari Jordi Cuixart espetxeratu zituztela. Laster ere, 100 egun beteko dituzte preso Oriol Junqueras Kataluniako lehendakariordeak eta Joaquim Forn Barne kontseilariak. Presoen egoera lazgarritik harago, bidegabekeria, arbitrarietatea, errepresioa eta askatasun falta gero eta zabalduago daude", ohartarazi dute.
Hori dela eta, "oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urraketak" kezkatuta, egoeraren gaineko hausnarketa sustatu nahi dute, "ikuspuntu juridikotik".
Alcoberro eta Mauriz gain, hizlari izango dira Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ren bozeramailea eta Irantzu Perello eta Iñigo Santxo Erabakizaleak elkarteko abokatuak.
Hitzaldia gaur izango da, 19:00etan, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren areto nagusian.