Andaluziako PSOEren zatiketa agerian geratu da boz autonomikoen atarian

Viera Sevillako buruak salatu du hautagaiak «inposatu» dituela Chaconen aldeko zuzendaritzak

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
PSOE Espainiako alderdi sozialistaren zatiketa agerian geratu da Andaluziako bozen atarian. Herenegun, Jose Antonio Viera Sevillako idazkari nagusiak dimisioa eman zuen, martxoaren 25eko hauteskunde autonomikoetarako zerrenda egiteko erkidegoko alderdiaren zuzendaritzaren aldetik «presioak» izan dituela argudiatuta. Carme Chaconen aldeko buruzagitza hautagaiak «inposatzen» aritu dela salatu du Vierak, Alfredo Perez Rubalcaba alderdiko idazkari nagusi izendatu berriaren aldekoak baztertzeko.

Alderdiaren 38. kongresuan, otsailaren 4an, ozta-ozta irabazi zion Rubalcabak Chaconi alderdiaren buruzagitzarako lehian —22 botoren aldea atera zion—. Idazkari nagusi izendatu eta berehala kide guztiek «bide berean lan egiteko» beharra azpimarratu bazuen ere, alderdia bitan zatituta dagoela argi geratu zen. Orain, galtzaile suertatu zirenak, euren gehiengoa baliatzen ari dira Andaluzian, hautagaiak inposatzeko, Vierak salatu duenaren arabera.

Sevillako idazkari nagusiak dimisioa eman ondoren, PSOEko buruzagitza federalak jakinarazi du Sevillako alderdiaren zuzendaritzaz arduratuko den batzorde kudeatzaile bat eratuko duela. Andaluziako hautagaitzak eratzeko prozesuan «muturra sartzeko» asmorik ez duela nabarmendu du, eta zerrendak egitea Andaluziaren «ardura» dela adierazi du idazkariorde nagusi Elena Valencianok. Erkidegoko zuzendaritza batzordeak asteazkenean emango du aurkeztuko dituen zerrenden berri. Arazoari garrantzia kentzeko asmoz, garrantzitsuena orain «Griñan Andaluziako presidente izatea» dela azaldu du Valencianok. Hain zuzen, Jose Antonio Griñan Andaluziako PSOEko idazkari nagusia eta Susana Diaz haren bigarrena jo ditu Vierak «presioen» erantzule. Bi horiek Chaconen alde egin zuten kongresuan. «Kongresua amaitu zen eta Rubalcaba da alderdi guztiaren buruzagia, hemen ez dago Rubalcabazalerik (...) guztiak gara Rubalcabarenak», esan du Valencianok eztabaida amaitzeko asmotan.

Alderdiko kongresuan Rubalcabaren ikuskatzaile izan zen Alfonso Rodriguez Gomez de Celis postu «ez ziur» batean jarri izanak piztu du gatazka Sevillan. Zerrendan bi bandoetako kideak badaude ere, Rubalcabaren aldekoek uste dute Rodriguez kanporatzen saiatu direla.

Iruzur salaketak

PSOEko Sevillako probintzia batzordeak Griñan eta Diazen zerrenda onartu zuen igandean martxoaren 25eko bozetarako, Vieraren dimisioaren ondotik. Batzordeko 79 kidek soilik hartu zuten parte, eta horietatik 72k onartu zuten zerrenda.Idazkari nagusiak kargua utzita batzorde kudeatzaile bat aukeratzea beharrezkoa dela biltzen dute alderdiaren estatutuek, baina Diazen eta Griñanen aldekoek aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Kanpora!» oihukatu zuten kritikoek batzordearen bileran, eta iruzurra egitea egotzi zieten. Batzordea osatzen duten 209 kideren %37k bakarrik bozkatu zuten zerrenda.

Andaluziako PPko buru Javier Arenasek, bestalde, bere alderdia, Andaluzian eta Espainian «bat eginda» dagoela nabarmendu du, PSOEren zatiketari erreferentziaeginez. «Gobernu sendoa» osa dezaketela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.