Heriotza

Andolin Eguzkitza euskaltzaina hil da, bihotzekoak jota

Andolin Eguzkitza euskaltzain, idazle eta itzultzailea hil egin da, bihotzekoak jota, 50 urte zituela. Eguzkitza 1953ko abenduaren 6an jaio zen Santurtzin (Bizkaia). Filologia, Geografia eta Historia fakultateko irakaslea zen Gasteizen. Euskal Ikasketak departamenduko kidea zen eta orain gutxi Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra atera zuen. Eguzkitza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ere izan zen. Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan Aralar-Zutik koalizioaren senaturako Bizkaiko zerrendan joan zen Eguzkitza. Haren aldeko hileta elizkizunak ostiralean, martxoaren 26an, egingo dira, Santurtziko San Jorge elizan, 18:30etan.

2004ko martxoaren 24a
20:07
Entzun
Andolin Eguzkitza Bilbaok (Santurtzi, 1953) Bilboko eskolapioetan hasi zituen ikasketak. Oinarrizko ikasketak burutu ondoren, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa ikasi zuen eta 1975ean lizentziatu zen. Lizentziatura eskuratu bezain laster, Salamankara joan zen, Koldo Mitxelena zenaren ondoan ikasketak jarraitzera. Urtebete beranduago, 1976an, Koloniara abiatu zen eta hango Unibertsitateko Hizkuntzalaritza-Institutuan urte bi eman zituen.

Hamabi urte etxetik kanpo

Ondoren Estatu Batuetara joan zen eta Iowa-ko Unibertsitatean, 1980an, Hizkuntzalaritza Orokorrean magistergoa lortu zuen. Hurrengo helburua doktoregoa eskuratzea izan zen eta 1986ean egin zuen, Kaliforniako Unibertsitatean, Los Angeles-en (UCLA), Hizkuntzalaritza erromanikoan. Bere tesiaren izenburua "Topics on the Syntax of Basque and Romance" izan zen.

Orotara, hamabi urte eman zituen Euskal Herritik kanpo eta itzuli zenean, irakasle gisa hasi zen lanean, Deustuko Unibertsitatean lehenengoz, eta Euskal Herriko Unibertsitatean gero, Gasteizko campusean. Bertan lan egin du gaur arte, Hizkuntzalaritza Orokorra, Semantika eta Tipologia Linguistikoa irakatsiz.

2003ko irailean, Hizkuntzalaritza Orokorra eta Tipologia izeneko katedra lortu zuen. Epaimahaikideak hauek ziren: Karmele Rotaetxe (lehendakaria), Angel López (idazkaria, Valentziako Unibertsitatekoa), Teresa Espinal (Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa), Milagros Fernández (Santiagoko Unibertsitatekoa) eta Andrés de Molina (Granadako Unibertsitatekoa).

Euskaltzain urgazle

Euskaltzaindiak 1991n izendatu zuen euskaltzain urgazle eta 2001eko martxoaren 31n, berriz, euskaltzain oso. Luis Villasanteren ordez hautatu zuten. Sarrera hitzaldia 2002ko otsailaren 23an egin zuen Santurtzin, "Xalotasunaren laudorioa" gaiari buruz. Xabier Kintanak eman zion erantzuna.

Akademiaren baitan, Dialektologia batzordeko burua zen, Gramatika-batzordeko kidea zen, bai eta Exonomastika azpibatzordekoa ere. Azkue Biblioteka batzordeko aholkulari ere bazen.

Eguzkitza Euskal Idazleen Elkartearen lehendakaria izan da, 1997tik 2002ko martxora arte. Bestetik, Euskararen Aholku-batzordearen kide dugu, 1997tik orain arte.

Andolin Eguzkitza idazlea ere bazen. Poesia eta eleberria idatzi zituen. Poesian ‘Orhiko mendirantz urratsez urrats’ (1986, Pamiela), ‘Mila urte igaro eta, ura bere bidean’ (1993, Susa) eta ‘Erraietan Euria egiten digunean’(2001, Brosquil) idatzi zituen. Eguzkitzak idatzitako eleberriak, berriz, ‘Lehen orenean’ (1978, Elkar), ‘Urkidian zehar’ (1987, Pamiela) eta ‘Heriotzaren itzalpean’ (1998, Txalaparta) dira.

Leku askotako kolaboratzailea

Ikastaro eta hitzaldi ugari emanak ditu, Euskal Herriko zein kanpoko unibertsitateetan eta hizkuntzalaritzaz zein literaturaz. Udako Euskal Unibertsitatean ere urtero aritzen zen irakasle gisa. Horrezaz gain, artikulu asko ere -zientifikoak eta literarioak- argitaratu ditu hainbat argitalpenetan: Fontes Linguae Vasconum, Zehatz, Ele, Zutabe, IKA, Jakin, Hegats, Maiatz, Leer, Egunkaria, Anaitasuna, Zeruko Argia/Argia, Arbola, Bilbao, El Correo, Elhuyar, Euskaldunak, Pott bandaren praka, Zabal...

Anaiaren eta koinataren espetxeratzearekin atsekabetuta

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-k gogoratu duenez, orain dela oso egun gutxi, Madrileko atentatuen bezperan, Josu anaia eta Enkarni koinatua espetxeratu egin zituzten: bata Curtisen (Pontevedra) eta bestea Soto del Realen (Madril). Pena-arrastoa betetzera eraman zituzten,Manu Azkarate Tolosako presoarekin egin zuten bezala. Txillardegiren esanetan, gertakari horrek oso minduta zeukan Tobar-Eguzkitza familia osoa, Andolin barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.