Ansar al-Xariak armadaren base bat hartu du Yemenen

Al-Qaedari lotutako taldeak Infanteriako 19. Brigadako soldaduak atxiki ditu.Miliziano talde batek Estatu Islamikoaren aurreneko saila sortu du

Al-Qaedako ustezko ekintzaileak, Sanako auzitegi batean. YAHYA ARHAB / EFE.
Erredakzioa
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gerra zibilaren atarian» dago Yemen, NBEk golkoko herrialdean daukan ordezkari berezi Jamal Benomarrek esan duenez. Presidenteak eta gobernu osoak dimisioa eman dutelarik, xiiten mugimendu huthiak hartu du agintea, bereziki Sana hiriburuan eta iparralde osoan; hegoaldean, baina, tribu suniak dira nagusi, eta Ansar al-Xariak, Al-Qaedari lotutako miliziano taldeak, armadaren base bat hartu zuen atzo Xabwa probintzian.

Infanteriako 19. Brigadaren basearen inguruan azken egunetan borrokak izan direla jakinarazi dute tokiko hedabideek eta lekukoek, eta Ansar al-Xariak Twitter bidez jakinarazi zuen atzo goizean armadaren basea kontrolpean zuela: «Mujahidinek soldadu gehienak base barruan atxikitzea lortu dute». Yemengo armadari huthiekin bat egitea egotzi diote; muturreko etsaiak dira huthiak eta Al-Qaeda Yemenen.

Duela lau urte hasitako iraultzaz geroztik, AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaedari lotutako taldeak indarra hartuz eta lur eremu handiak kontrolatuz joan dira Yemen hegoaldean. Xabwa probintzia, hain zuzen, Ansar al-Xariako ekintzaileen gotorleku nagusietako bat da. Egonkortasunik ez da izan Yemenen iazko irailetik, huthiek altxamendua hasi zutenetik, eta azken asteetan are gordinagoa egin da egoera botere hutsuneagatik.

Estatu Islamikoa Yemenen

Al-Qaedako buruzagitzari men egiteari utzi, eta Estatu Islamikoaren sail gisa eratu direla jakinarazi du aste honetan Sana eta Dhamar probintzietan aritzen den miliziano talde batek. Abu Bakr al-Baghdadi Estatu Islamikoko buruzagiak iazko ekainean Iraken eta Sirian kalifa-herria sortu eta bere burua Ibrahim kalifa gisa izendatu ostean ere, Yemengo Al-Qaedak fidel jarraitu dio Aiman al-Zawahiriren gidaritzari. Lehenengo aldiz, ordea, Yemengo ekintzaile talde batek «Al-Zawahiri xeke, gerlari santu eta agintariarekin aliantza hautsi» eta Estatu Islamikoaren esanetara jartzea erabaki du. «Sanan eta Dhamarren apostatei aurre egiteko brigada armatuak» osatu dituztela jakinarazi dute sare sozialen bidez. SITE jihadismoaren monitorizaziorako taldeak zabaldu du albistea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.