Ante Gotovina zigorgabetu egin du Jugoslavia ohirako Zigor Auzitegiak

Kroaziako jeneral ohia eta Mladen Markac iaz kondenatu zituzten, serbiarren kontrako krimenak egotzita

Xabin Makazaga.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kroazian heroien pare hartu dituzte Ante Gotovina jeneral ohia eta Mladen Markac poliziaburu ohia, Hagatik bueltan. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak haien aurkako zigorrak ezetsi egin zituen atzo —24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten iaz Gotovinari, eta 18koa Markaci—, helegite auzian. Kroaziako serbiarren kontrako krimenengatik zigortu zituzten biak: 1995ean gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin zituztela frogatutzat jo zuen Hagako auzitegiak, Franjo Tudjman presidente kroaziarraren agindupean serbiarrak Krajinako Errepublika Serbiarra deitutakotik egotzi zituztenean. Kroaziarrentzat gerrako heroi bat izan da Gotovina, eta halakoxe harrera egin zioten atzo herritarrek Zagreben.

Epaiak Kroazian sortu duen bozkarioaren parekoa izan da Serbian eragin duen haserrea. Jugoslavia ohirako zigor auzitegiari «justizia selektiboa» ezartzea leporatu dio Serbiako lehen ministrorde Rasim Ljajicek. «Bidegabekeria bera baino larriagoa den epai politiko bat» ematea egotzi dio Serbiako Gobernuak Hagako auzitegiari. Tomislav Nikolic presidente serbiarrak oinarri juridikorik gabeko «erabaki eskandalagarria» iritzi dio atzoko epaiari.

Iazko zigor epaian, Ekaitza operazioan Gotovinak eta Markacek Kroaziatik serbiarrak kanporatzeko erabakia hartua zutela eta hori lortzeko «ekinbide kriminal bat» aurrera eraman zutela ebatzi zuen Jugoslavia ohirako zigor auzitegiak. Atzo, baina, Hagako Helegite Aretoak ondorioztatu zuen ez dagoela frogatuta krimenak egiteko aurretiazko plan bat izan zutenik.

150 hil eta 200.000 deportatu

Ekaitza operazioan, serbiarrek Kroaziako lurretan Krajinako Errepublika Serbiarra deitu zutena eratu ostean, soldadu kroaziarrek eremua berreskuratu eta150 zibil serbiar hil zituzten. Ondoren, 200.000 serbiar inguru deportatu zituzten. Hildako gehienak adin nagusikoak ziren, etxe barrutan erre zirenak. Hagako epaileek, baina, ezetsi egin dituzte jazarpen, hilketa eta humanitaterik gabeko ekintzen salaketak, ezin izan dutelako frogatu Gotovinak eta Markacek gidatutako tropen erasoak «legez kanpokoak» izan zirela. Halaber, epaileek nabarmendu dute Gotovinak «beharrezko neurri guztiak» hartu zituela bere tropak «kontrolpean mantentzeko».

«Nor da erruduna?», galdetu zuen atzo Serbiako presidenteak, Hagan Gotovina eta Markac zigorgabetu ondoren. «Erabaki honekin, II. Mundu Gerra osteko pogromorik handiena ospatu dezake Kroaziak, zilegitasun osoz», gaitzetsi zuen Nikolicek.

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Slovodan Milosevic, Radovan Karadzic eta Ratko Mladic buruzagi serbiarrak zigortuak zituen aurrez, eta orain kroaziarren aurkako zigorra bertan behera uztea gogor gaitzetsi du Serbiako presidenteak: «Orain arte arrazoirik izan da Jugoslavia ohirako auzitegia neutrala dela esaten zutenei sinesteko, auzitegi justu bat, Serbiarentzako eta serbiar herritarrentzako auzitegi bat baino zerbait gehiago dela esaten zutenei sinesteko. Baina orain, gerra kriminalak zigorgabetu dituen epaiarekin, hori guzti hori gezurtatuta geratu da», salatu du Serbiako presidenteak.

Etorkizunari begira ere, atzoko epaiak kaltea besterik ez duela ekarriko adierazi du Tomislav Nikolicek, ohar batean: «Auzitegiaren epaiak ez du lagunduko eskualdeko egoera egonkortzen, eta Kroaziako serbiarrak, han bizitzen geratu diren bakanak, erruduntzat hartuak izango dira».

Epaiarekin oso haserre agertu arren, Serbiak Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin lankidetzan jarraituko duela argitu zuen atzo Serbiako lehen ministrorde Rasim Ljajicek, Serbiaren eta Hagako auzitegiaren arteko lankidetzaren arduradun ere badenak.

Festa giroa Zagreben

Urtebeteko espetxealdiaren ostean aske, Hagako auzitegiko ziegetatik Kroaziarako hegaldia hartu zuten Gotovinak eta Markacek, eta arratsaldez iritsi ziren Zagreb hiriburura. Herritarrek heroi gisa hartu zituzten: Ban Jelacic plazan 90.000 lagun inguru bildu ziren, ongietorri egiteko bi militarburu ohiei.

Aireportuan Zoran Milanovic lehen ministroak eta Josip Leko Parlamentuko presidenteak egin zieten harrera, eta Hagatik Zagreberako bidaia Kroaziako bi ministrok lagunduta egin zuten, gobernuaren hegazkin batean.

Ante Gotovinak Kroazian duen itzalaren erakusle, milaka lagunek jarraitu zuten atzo Hagako auzi saioa Zagreben jarritako pantaila erraldoietan, eta Eliza katolikoak ere dei egin zuen, bere garaian, haren absoluzioaren alde otoitz egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.