AEB-ak

Antifaxistek hartu dituzte kaleak Washingtonen

Soilik hogei pertsona batu ditu eskuin muturrak Elkartu eskuina 2  leloarekin egindako protestak. Aldiz, ehunka izan dira haren aurka kalera irten direnak.

Antifaxisten kontramanifestazioa Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS, EFE
2018ko abuztuaren 13a
11:32
Entzun

Duela urtebete, Virginiako Charlottesville hirian, Elkartu eskuina leloarekin egindako protesta batean, zuri supremazistak batek kontramartxa baten aurka jo zuen bere autoarekin, eta Heather Heyer 32 urteko manifestaria hil zuen. Gertaera haien urteurrenean, eskuin muturrak beste manifestazio batera deitua zuen asteburu honetarako. Charlosttesvillen bertan egitea zen hasierako asmoa, baina udalak ez zion baimenik eman. Horren ondorioz, AEBetako hiriburura Washingtonera jo zuten.

Estatu Batuetako hiriburuko kaleak betetzea zen eskuin muturraren helburua. Ordea, asmoak ezerezean geratu dira; izan ere, hogei lagun inguruk soilik hartu dute parte protestetan, eta, aldiz, ehunka izan dira haien kontrako manifestazioekin bat egin dutenak.

Duela urtebeteko protestak bultzatu zituen Jason Kessler ekintzailea bera izan da protesten buru. Etxe Zuriaren atariraino heldu da manifestazioa, kontramanifestarien irain eta oihu artean. Segurtasun indarrek zaindu dituzte protestak.

Larunbatean Donald Trump presidenteak Twitter kontuan zabaldutako mezuak ez du lagundu giroa baretzen. Izan ere, estatuburuak parean jarri baititu supremazista zurien eta antifaxisten taldeak. Tentsioa gorantz zihoala ikusita, Charlottesvilleko agintariek larrialdi egoera izendatu zuten atzo; azkenean, ordea, ez da liskarrik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.