Arabiar Ligak eragin duen etsipenak manifestazioak gogortu ditu Sirian

Errusiak Mendebaldeari gatazka puztea leporatu dio; hainbat begiralek errepresioa salatu dutela dio oposizioak

2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Behatzaileek indarkeria eta errepresioa ikusi dute, soldaduak herritarrei tiro egiten ikusi dituzte, eta gorpuak aurkitu dituzte kaleetan», azaldu du Hadi Abdullah oposizioko ekintzaileak, baina zalantzati agertu da horrek guztiak Arabiar Ligaren txostenean izango duen islarekin. Hain justu, Arabiar Ligaren misioak herrialdera bakea ekarriko zuela uste zutenak desilusionatuta daude, behatzaileen buru Mustafa al-Dabik egoera «lasaigarria» dela adierazi zuenetik. Hori horrela, aspaldiko protesta jendetsuenak egin dituzte ostiral santuarekin batera, oraindik herrialdean dauden begiraleei jasaten duten errepresioaren berri emateko helburuarekin.

Idliben bildu da jende gehien; izan ere, hiri hori bisitatu zuen atzo Arabiar Ligak bidalitako nazioarteko behatzaileen taldeak. Oposizioak, gainera, indar handia dauka bertan, eta Baxar al-Assad presidentearen aurkako protestetan gehien nabarmendu den hirietako bat izan da. Egipton eta Libanon egoitza duten oposizioko taldeen arabera, 250.000 lagun elkartu ziren atzo han, eta martxoan protestak hasi zirenetik egin den manifestaziorik jendetsuenetarikoa izan dela diote. Dena den, erregimenak informazioaren erabateko kontrola dauka, eta ez dago alde batek zein besteak kontatzen duena egiaztatzeko modurik.

Nazioarteko behatzaileak herrialdean izanagatik armadak tiroka eta negar gasekin erantzun duela salatu du oposizioak, eta gutxienez 32 lagun hil dituela. Hama, Daraa eta Idlib probintzietan hil da lagun gehien, bederatzi eta seina, hurrenez hurren. Homsen, berriz, bost lagun hil dira, eta Damasko inguruetan izan diren liskar gogorretan ere hildakoak egon direla jakinarazi dute. Horretaz gain, Tel Kalaj hiritik gertu armadak eraso bat egin duela azaldu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, eta bi zibil eta desertatu duten bi soldadu hil dituela. Behatoki horrek Londresen du egoitza.

Errepresioa arindu ordez azken egunotan indarkeriak gora egin duela ikusita, Arabiar Ligaren misioa fartsa bat dela salatu dute oposizioko ekintzaileek. Damaskok behatzaileak serio hartzen ez dituela diote, ondoriorik jasango ez duela badakielako. Nazioartearen presioa eta zigorrak saihesteko eta denbora irabazteko trikimailua besterik ez dela izan salatu dute.

Errusia, Arabiar Ligaren ildotik

Arabiar Ligaren misioa defendatu egin du Errusiak, eta, Al-Dabi behatzaile taldeko buruaren hitzak gogora ekarriz, herrialdeko egoera «lasaigarria» dela adierazi du. Nazioarteko kritiken erdian begirale taldearen «profesionaltasuna» nabarmendu nahi izan du, bestalde. Izan ere, Omar al-Baxir Sudango presidentearen konfiantzazko gizona da Al-Dabi, eta Darfurko sarraskian parte hartu zuen. Omar al-Baxirri gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi diote. Horregatik, nazioarteko hainbat herrialderen eta gobernuz kanpoko erakunderen ustez onartezina da Al-Dabi izatea Damaskok egin dituen gehiegikeriak ikertzeko behatzailea.

Sirian esku hartu nahi duten Mendebaldeko herrialdeak gatazka puzten ari direla salatu du Vitali Txurkin-ek, Errusiak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak. Horrez gain, Siriari krisitik irteten laguntzeko neurriak hartzeko eskatu dio nazioarteari, eta horretarako biderik onena Errusiak NBEren Segurtasun Kontseiluan abenduaren 15ean aurkeztu zuen bide orria dela adierazi du. Hain zuzen, Errusiak proposatutako irtenbideak eta Arabiar Ligarenak bat egiten dutela dio.

Begiraleen bertsio ez-ofiziala

Arabiar Ligaren bertsio ofizialak Siriako behatzaileek ez dutela oraingoz ikaratzeko moduko ezer ikusidioen arren, oposizioak jakinarazi du begirale guztiak ez datozela bat beren buruzagi Al-Dabirekin.

Damaskok iragan abenduaren 19an sinatutako bakerako bide orria betetzen ari ote den bertatik bertara aztertzeko helburua dute begiraleek. Hitzartutakoaren arabera, Al-Assadek tropak kanporatu behar ditu kaleetatik, preso politikoak aske utzi behar ditu, nazioarteko kazetariei eta giza ekintzaileei herrialdean sartzen utzi behar die eta oposizioarekin negoziazioak hasi behar ditu. Oposizioaren arabera, behatzailebatzuek esan dute agerian dagoela Damaskok giza eskubideak urratzen dituela. Erakundeko ordezkariak esandakoarekin bat egiten ez dutenez, euren izenik ez argitaratzeko eskatu dutela azaldu dute, dena den.

Al-Jazeera telebista kate arabiarrak ere Sirian egoera «oso arriskutsua» dela dioen behatzaile baten aitorpenak argitaratu ditu. Homs hirian tiroak eta bonbardaketak etengabeak direla aitortu dio begiraleak telebista kateari, eta hiriko hainbat auzo Siriako Armada Libreareneskuetan daudela. Arabiar Ligaren misioak porrot egingo duela ere ziurtzat jo du. Homseko Baba Amr auzoan izan dituzte liskarrik gogorrenak, eta bertako bizilagun Aram al-Dumik azaldu dubehatzaileak auzotik igaro ostean ikaratuta geratuzirela. Begirale batek «nola bizi zaitezkete hemen?» galdetu ziola kontatu du Al-Dumik.

Arabiar Ligaren barruan hainbat herrialdek —Aljeria, Yemen, Libano eta Irak, besteak beste— Al-Assaden bertsioa babestu dute, alegia, talde armatuak erregimenaren aurkako konspirazioa gidatzen ari direla. Hori horrela, oposizioak salatu du erakundea ez dela bitartekari egokiaSiriako gatazka konpontzeko. Arabiar Ligak Damaskorekin bat egiten duela salatu dute, eta ondorioz ez dutela Al-Assaden aurkako neurririk espero.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.