JASSER ARAFATEN HERIOTZA

Arafat, Palestinako bandera

Milaka palestinar bildu dira Ramalan Jasser Arafat PANeko presidente hil berriari azken agurra emateko

RAMALA
2004ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Goizetik ehunka lagun bildu ziren atzo PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea zen Jasser Arafaten egoitzaren aurrean, Mukatan. Palestinako segurtasun indarretako dozenaka lagun aritu ziren zaintza lanetan sarreretan eta hormetan, giroa lasaia zela eta behar baino lehen inor sartuko ez zela bermatzeko. Arafaten irudiak nonahi zeuden: hormetan, herritarren eskuetan, jantzietan. Palestinako hainbat bandera, bandera beltzak eta Frantziakoa ere ekarri zituzten. 11:00etan, jarraitzaile bat leloak oihukatzen hasi zen, bozgorailu baten laguntzaz. «Arafat maite dut», esan zuen, eta berdina erantzun zuten gainerakoek. «Intifadari eutsiko diogu», «Palestinarrak batuta gaude». Buruan Arafatek erabili ohi zuen keffia zeramatzaten askok, zazpi moduan edo zinta moduan.

Eguzkiak gogor jotzen zuen. Palestinarrak baraurik zeuden Ramadanagatik eta zorabiatzen hasi ziren batzuk. Ilargi Erdi Gorriak artatu behar izan zituen. Hasieran gizonak ziren Mukata aurrean bildutako gehienak, baina emakume asko etorri ziren ondoren. Nazareteko alkatea jende artean zegoen. Palestinarrentzat «une zaila» zela esan zion berriari, baina palestinarren eskubideen aldeko borrokak aurrera jarraituko zuela eta Arafatek egindako bidean oinarrituko zela. PANeko zuzendaritza nazionaleko kide Loai Gashashek «beste garai baten hasiera» zela esan zuen. Palestinarrek estatu independentea «lehenago edo geroago» lortuko zutela gaineratu zuen. Jarraian, suhiltzaile kamioi bat iritsi zen. Al Fatako buruzagi bat bertara igo eta bildutakoei lasai egoteko eskatu zien. «Helikopteroa (Arafat ekarriko zuena) iristean sartuko zarete Mukatara, ez lehenago», adierazi zuen, «orain lasai egon zaitezkete». Abed Ramun Ramalatik 15 kilometrora bizi da eta lurperatzera etorri zirenetako bat da. Beldur zen borrokak hasiko ote ziren ekitaldian. «Ala Akbar» (Ala handia da), «Ala Akbar», oihukatzen hasi zen jendea, «Abu Ammar» (Arafaten ezizena). Ramalako gobernadore Mustafa Issa Mukata guneko horma batera igo zen, lasaitasuna eskatzeko, bozgorailu batekin. Arafaten alde otoitz egiteko eskatu zuen.Tarteka autoak pasatzen ziren, nekez, jende uholdearen artean. Mustafak zioen Israeletik gutxienez 50 lagun etorri zirela elkartasuna adieraztera. Ordu bat edo biko epean jende guztia Mukatara sartuko zela iragarri zuen gobernadorearen laguntzaileak. Lehenengo 200 pertsonari sartzen utziko zietela argitu zuen, ondoren. Baina jendea bultzaka, hormetatik eta atzeko atetik sartzen hasi zen. 13:00ak inguru ziren eta dagoeneko jende ugari zegoen barruan. Mukataren zabalgunean, teilatuan, hormetan, hondakin multzoen gainean... kokatu ziren herritarrak. Danbor hotsak eta txaloak entzuten ziren. Palestinako bandera zuri-beltz-berde eta gorri asko ikusten ziren. Gorriak eta berdeak ziren soldadu palestinarren txapelak ere. Txaloak, eta danbor hotsak entzun ziren berriro. PANeko eledun Taid Abderrahimek iragarri zuen «laster» iritsiko zela buruzagi hila. «Arafat, Arafat» oihukatzen hasi zen jendea. 13:45ean, musika banda bat sartu zen; ondoren Arafaten Martirien Brigadak (osteguna arte Al Aksako Martirien Brigadak) taldeko kideak, armak eskuan. Gobernu egoitzaren atzean kokatu ziren. 14:10ean lau helikoptero hasi ziren hurbiltzen. Jasser Arafaten hilkutxa, PANeko agintariak eta diplomatikoak zekartzaten horietako hiruk Kairotik (Egipto) eta laugarrena Israelgo Armadaren helikopteroa zen.

Ongi etorria

Txaloka, txistuka eta oihuka hasi ziren berriz palestinarrak: «Jasser, Jasser». Eskuak gora altxa eta garaipenaren ikurra eginez eman zioten ongi etorria. Gero, tiroak hasi ziren airera.

Arafaten hilobi ondoan jarraitzaile multzo bat zegoen, gerturatu nahian. Soldaduek hesi bat egin zuten eta ez zuten uzten ez gehiago hurbiltzen ezta argazkiak ateratzen ere. Hilobia hiru pinuren aldamenean zegoen, Frantziako bandera baten eta Palestinako hainbaten artean. Agintari politiko eta erlijiosoak hilobiaren ondoan bildu ziren. Arafaten hilotza bere egoitza izandako eraikinera eraman zuten kamioi txiki batean. Buruzagi erlijioso musulman zein ortodoxoek lagundu zuten gorpua. Herritarrek hilkutxa ukitu nahi zuten. Handik hilobira eraman zuten. Palestinako soldaduek armak lortu zituzten (normalean ez daramatzate, Israelek kendu zizkielako) eta tiroz erakutsi zuten beren sentipena eta indarra.Arafatek hiru urte zeramatzan Mukatatik atera ezinik, Israelen setiopean. Orain, hilobi batean datza, Jerusalemdik ekarritako lurrarekin estalita. Egunen batean Jerusalemen lurperatua izatea; hori zen Arafaten ametsa.15:30ak pasata amaitu zen lurperatze ekitaldia, baina palestinar askok Mukatan jarraitu zuten ondorengo orduetan. Hilobi ondoko zuhaitzean negarrez aritu ziren jarraitzaileak. Arafaten bulego izandako lekuan lore sorta handi bat jarri zuten. Agintari politikoak eta herritarrak sartu ziren agur egitera. Gobernuaren egoitzak irekita segitu zuen eta hilobira ere askok egin zuten azken bisita, ateak itxi aurretik, 21:30 aldera.

-

BONBA-AUTOA



 

Bi lagun hil dira Beit Zeninen izandako erasoan





Bi pertsona hil ziren atzo Beit Zenin herrixkan, Ramalan, bonba-auto batek eztanda egin zuenean. Israelgo komunikabideen arabera, lehergailuz betetako autoak Jasser Arafat presidentea ehortzi behar zuten lekutik gertu egin zuen eztanda. Polizia iturrien ustez, lehergailuak prestatzen ari zirenean egin zuen eztanda autoak. Horretaz gain, ekintzaile palestinarrek Gazako Gush Katifeko kokaguneari eraso zioten atzo morteroekin. Ondorioz, bi israeldar zauritu ziren, horietako bat sei urteko haurra. Bestalde, piloturik gabeko hegazkin batekin Israeli erasotzeko gai dela ohartarazi zuen atzo Hezbola erakundeko buruzagi den Hassan Nasrala xekeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.