Arafaten gorpua lurpetik aterako dute pozoitu ote zuten argitzeko

Buruzagi palestinarraren objektu pertsonaletan polonio maila altua aurkitu dute, eta haren gorpua ikertuko dute orainGertakariak argitzeko nazioarteko batzorde bat eratzeko eskatu du Saeb Erekatek

2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Israelgo tankeek inguratutako Ramallaheko Muqataatik —presidentearen egoitzatik— Parisera eraman zuten Yasser Arafat. Ordurako gaixo eta ahulduta zegoen buruzagi palestinarra, eta, handik gutxira, 2004ko azaroaren 11n, ospitale militar batean hil zen Arafat. Frantziako medikuek azaldu zutenez, ezin izan zuten argitu haren heriotzaren arrazoia. Zurrumurruak isiltzea ezinezkoa izan zen Arafaten heriotzaren ondorengo egunetan. Minbizia zuela zioten batzuk, zirrosia eta Hiesa beste batzuk. Palestinarren artean teoria sonatuenak, ordea, Israelek pozoitu zuela zioen. Azken tesiak indarra hartu du buruzagi palestinarra hil eta zortzi urtera, haren objektu pertsonaletan polonio erradioaktibo maila altua topatu baitute. Hori horrela, Arafaten gorpua lurpetik aterako du PAN Palestinako Aginte Nazionalak, haren heriotza argitu ahal izateko.

«Ez dago arazo hau ikertzea galarazten duen arrazoi erlijiosorik edo politikorik, haren sendiak hala eskatuta eta baimenduta gorpua lurretik ateratzea eta ikertzea barne», adierazi du PANeko buru Mahmud Abbasen bozeramaileak. Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko negoziazio buruak Arafaten heriotza ikertzeko nazioarteko batzorde bat eratzearen aldeko deia egin du. «Beharrezkoa da. Lehenik, NBEren Segurtasun Kontseiluaren bitartez egingo dugu. Guztieklagunduko digutela espero dut, egia bilatzen ari baikara, egia besterik ez», esan du Erekatek.

Suha Arafat PANeko buruzagiaren alargunaren eskariz aterako dute gorpua hobitik. «Badakit PAN Yasserren heriotza zerk eragin zuen ikertzen aritu dela, eta orain gu laguntzen ari gara. Oso emaitza garrantzitsuak ditugu».

Polonio maila altua

Al-Jazeerak abiarazi duen ikerketaren arabera, 2004ko urrian «bat-batean» gaixo jarri zen arte Arafaten osasuna ona zen. Suitzako institutu batean buruzagi palestinarraren objektu pertsonalak aztertu dituzte —arropa, hortzetako eskuila eta bereizgarri zuen buruko kaffiyeh-a, besteak beste— eta polonio maila altuak atzeman dituzte. Odola, izerdia, gernua eta listua ikertu dituzte zientzialariek. «Baiezta dezaket ezohiko polonio-210 maila altua neurtu dugula Arafaten objektuetan», baieztatu du institutuko zuzendari François Bochudek.

Oso elementu erradioaktiboa da polonioa, eta hori sortzeko erreaktore nuklear bat beharrezkoa da. Hain justu, zentral nuklearretan eta ikerketa atomikoan soilik erabiltzen dute gaur egun. Oso gutxi dira elementu horrekin pozoituta hil direnen dokumentatutako kasuak, eta, horrexegatik, zientzialariak ez datoz bat polonioak eragin ditzakeen sintomak zehazterakoan. Alexander Litvinenko espioi errusiarra da polonioaren biktima ezagunenetakoa. Erresuma Batuko jatetxe batean pozoitu zuten Litvinenko, eta handik gutxira hil egin zen. Aurretik, beherakoa jasan zuen, pisua galdu zuen nabarmen eta botaka eginarazi zion pozoiak. Sintoma berberak izan zituen Arafatek hil aurreko egunetan.

«Hilketa, ez heriotza»

Arafaten hezurrak ikertuta polonioarekin pozoitu ote zuten baieztatu ahal izango dutela diote Suitzako zientzialariek. «Ondorio mingarri honetara ailegatu gara, baina, gutxienez, bularrean sentitzen nuen zama arintzen du honek», esan du buruzagi palestinarraren alargunak. «Gutxienez, zerbait egin dut palestinarrei, eta mundu osoko arabiar eta musulmanei heriotza naturala ez zela izan azaltzeko, hilketa bat izan baitzen».

Suha Arafatek ez du hiltzailerik seinalatu, baina gogorarazi du Israelentzat eta AEBentzat bere senarra «bakerako oztopo» zela. Polonioaren jatorriaren inguruko aztarnak ere lortu nahi dituzte haren gorpua ikertuta. Izan ere, lehen urratsa Arafat pozoituta hil ote zen jakitea izango da, eta, hori baieztatuz gero, nork hil zuen jakitea, bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.