Europako Gobernuz Kanpoko Erakunde nagusiak biltzen dituen Erantzun Humanitariorako Zuzendaritza Batzordeko kide da Mugarik Gabeko Medikuak elkartea. Bertako komunikazio arduradun Jordi Passola atzo goizean izan zen Diru Emaileen Konferentzian. Ez zenbarrura sartu, ordea, beste hainbat erakunderen moduan bileran parte hartzeari uko egin baitio.
Zergatik egin diozue uko Diru Emaileen Konferentzian parte hartzeari?
Batetik, Iraken dagoen egoera egongaitza da oso: segurtasun eza ikaragarria da eta gobernua eratu gabe dago. Beraz, egongaiztasun une batean dago, ez berreraikuntzarako unean. Bestetik, egun Iraken dauden arazoak dirua emanez konponduko diren itxura eman nahi dute benetako arazoa saihesteko: ardura politikoa. Konferentziaren arrazoia okupazioan inplikatuta dauden herrialdeen behar politikoa da.
Dirutza ematea onartu dute, ordea, hainbat herrialdetako gobernuek?
Kontraesankorra da Iraki dirutza ematea eta egoera kaskarragoan dauden munduko beste herrialdeei ez ematea. Horrek agerian jartzen du zeintzuk diren benetako interesak: ez giza laguntza desinteresatua eskaintzea, atzerri politika egitea baizik. Berreraikuntzaz haratago, agenda politikoa da nagusi Konferentzian.
Orekatua al da Konferentzia osatzen duten instituzio eta erakundeen arteko ordezkaritza?
Gobernuz Kanpoko Erakundeei utzi diguten eremua murritza izateaz gain, sinbolikoa dela ere iritzi diot. Kanpora begira egindako keinua da, eta manipulazio horretan partaide izan nahi ez dugulako egin diogu uko bileran egoteari. Ez du zentzurik eragina izateko ahalmena ez dugun leku batean egoteak.
Gainontzeko GKEak ere bat al datoz iritzi horrekin?
Bai, oro har ikuspegi kritikoa dago. Gogoeta egiten aritu gara egunotan, eta oso iritzi zabala da. Uste dugu bilera egin aurretik herrialdean bertan lanean ari garen erakundeetako ordezkariekin hitz egin behar zela, egoeraren berri zuzenean jaso ahal izateko eta benetako beharrak zeintzuk diren zehaztu ahal izateko eta hori ez da horrela egin. Guri inor ez zaigu etorri galdezka.
Giza laguntzarako dirua ere aurreikusi dute...
Berreraikuntzarako den dirua bestelako kontzeptuekin nahastea komeni zaie. Alta, ez da berdina diru laguntza desinteresatua ematea edo enpresa jakin batzuek berreraikuntzan parte hartzeko baldintzapean ematen diren maileguen bidezko ustezko laguntzak. Diru horren kudeaketa erakunde independente batek egin beharko luke, gainera.
Mugarik Gabeko Medikuak langileak ditu une honetan Bagdadeko bi ospitaletan. Zein da egoera?
Nahasmena handia dabertan lanean ari garen erakunde, ordezkari politiko eta indar militarren artean. Ez dago kudeaketarik, eta egoera horretan lan egitea zaila da oso. Iraken ez dago giza hondamendia, baina oinarrizko zerbitzuak ezarri gabe daude, okupazio indarrek horretarako gaitasunik izan ez dutelako. Haien erantzukizuna da.
JORDI PASSOLA . MUGARIK GABEKO MEDIKUEN ELKARTEKO KOMUNIKAZIO ARDURADUNA
«Arazoak dirua emanez konpon daitezkeen itxura eman nahi dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu