Garai zailean dago Argentina: hala sentitzen du Gonzalo Armua geopolitikako analista eta Argentinako Frente Patria Grande alderdiko nazioarteko arduradunak (Santiago del Estero, Argentina, 1986). Giza eskubideen alde egiteko hainbat herri mugimendu daude herrialdean, eta horiei buruz hitz egitera etorri zen Euskal Herrira joan den apirilean. EH Bilduk gonbidatuta, Herri erresistentzia Mileiren kolonialismoaren aurrean hitzaldia eman zuen Getxon (Bizkaia).
Herri mugimenduek goiti egin dute Argentinan, baina eskuinak ere hala egin du.
Bai, eta hitzaldia [Getxon emandakoa] horretarako izan zen hein batean, ikusteko eskuineko mugimenduak nola ari diren hedatzen Argentinan eta munduan. Zabaltzen ari den eskuina xenofoboa eta arrazista da, eta iparralde globalean garatzen da gehienbat; subiranista eta nazionalista da. [Argentinako presidente Javier] Mileik ez du Argentinaren subiranotasunik nahi; ez du bere burua nazionalista gisa definitzen, baizik eta iparralde globaleko boteredun garrantzitsu gisa. Merkatua arautzen ari da Argentinako estatu nazionala suntsituz, eta legedia aldatzen ari da enpresa transnazionalek gure baliabideak ustiatu ditzaten; bereziki, baliabide energetikoak. Gure lurrak entregatzen ari da Milei, eta Ameriketako Estatu Batuen eta Europaren kolonia bat izan nahi du berriro. Subiranotasunaren aldeko aldarri bat egiten den aldiro, Mileik inperialisten alde egiten du. Horregatik diot eskuin neokoloniala dela, bere herriari uko egiten dion herria delako.
Hainbat herri mugimenduk, hain justu, subiranotasuna defendatzen du, ezta?
Bai. Nazio identitatea ez da klase dominatzaileen edo eskuindarren ahalmen bat, baizik eta herri sektoreen ahalmen bat, zeinak nagusitasun inperialista baten aitzinean bere nazio identitatea indartzen duen. Herri erantzun indartsua ematen ari da Argentina, eta erakusten ari da ez dagoela konforme, eta ez duela zertan dena onartu.
«Presidenteak berak edonolako manifestazioak gaitzesten ditu, eta terrorismoarekin lotzen ditu, ezkerrarekin, ezegonkortzearekin, ekintza komunistekin eta estatu kolpeekin»
Zeintzuk dira Argentinako borroka nagusiak?
Argentinak lurralde antolaketa herrikoi baten prozesu hagitz aberatsa du. Herri mugimenduei esker, borroka egiten du lurra eskuratzeko, Poliziaren errepresioa gelditzeko eta duin bizitzeko. Mugimendu feminista hagitz indartsu dago Argentinan, eta horiekin batera ari dira hedatzen giza eskubideen aldeko defentsa mugimenduak. Erretiratuak eta pentsiodunak hagitz kaltetuta daude Mileik inposatutako egoera honetan, eta Polizia haiek zapaltzen ari da. Manifestazio ugari egiten ari dira, eta jende andana ari da hainbat borrokatara batzen. Hori Mileiren kontrako bertze kale erantzun bat da, erresistentziak abiapuntu baititu herri ekonomia, mugimendu feminista, giza eskubideen aldeko kolektiboak, erretiratu antolatuak eta ezkerreko herri alderdiak. Borroka antisistema da Mileiren kontrako erantzuna.
Eta nola erantzun du Mileik?
Mileik ez die borrokatzen uzten. Argentinako Gobernuaren estrategia kriminalizazioa da. Ekintzaileak beldurtzen ditu, kalean protestan ari direnak, eta, anitzetan, kaleratzeak agintzen ditu. Gobernuak terrorismotzat jotzen ditu manifestazioak eta bertzelako protestak, eta diskurtso ofizialek jendea beldurtzeko estrategia darabilte. Presidenteak berak edonolako manifestazioak gaitzesten ditu, eta terrorismoarekin lotzen ditu, ezkerrarekin, ezegonkortzearekin, ekintza komunistekin eta estatu kolpeekin.
Dena den, 2023ko bozak irabazi arren, Milei ez zen nabarmen gailendu.
Bigarren bueltan lortu zuen gehiengoa, bertze bloke eskuindarren botoak batuta, eta garrantzitsua da hori erratea. Argentina zatituta eta polarizatuta dago, noizbehinka sektore bat interpelatzea lortzen duten bi herri proiekturen artean; botoen gehiengoa ematen dien portzentajea da, baina termino sozial ideologikoetan berdinduta dagoena. Kontraesan hori Argentinaren historiaren parte izan da.
«Ustelkeriaren berri eman duten kazetarien kasu gehienetan, salaketa jarri diete kazetariei, botere judizialak kasuak jantzi ahal izateko»
Hedabideek Argentinako egoera salatzen dute?
Ez da erraza; gobernuak erosita dauka kazetaritza. Ustelkeriaren berri eman duten kazetarien kasu gehienetan, salaketa jarri die kazetariei, botere judizialak kasuak jantzi ahal izateko. Diskurtso ofizialean badago ildo bortitz bat [Mileiren] politiken aurkako edozein adierazpenen kontrakoa, estatuaren aparatu errepresiboak erabiltzen duena manifestazioetan erreprimitzeko eta parte hartzaileak espetxeratzeko.
Zer amets du herrialdeak?
Argentinak berdintasuna du amets, gizarte duin eta errespetuzko bat, eta, batez ere, etxebizitza bat eta lur eremu bat izateko eskubidea. Argentina handia da lurraldez, baina ez dago bizitzeko modurik, ezta aukerarik ere. Argentinak goserik ez izatea du amets, atzerrira janaria bidali ahal izateaz gain bere biztanleriarentzat ere elikagaiak ekoiztea.
«Argentinak goserik ez izatea du amets, atzerrira janaria bidali ahal izateaz gain bere biztanleriarentzat ere elikagaiak ekoiztea»
Nork laguntzen du Argentina?
Lehenik eta behin, eta nagusiki, Hego Amerikako senideek. Gehienbat hango gobernu progresistek, eta, gero, hegoalde globaleko gainerako herrialdeek. Hegoalde Globalaz ari naizenean, ez naiz kokapen geografikoaz bakarrik ari, baizik eta dominazio inperialista eta kolonialetik askatu nahian diren herrialdeez, nazioez eta herriez: Afrikako herriak, Asiako herriak eta Europa hegoaldea, adibidez. Euskal Herria ere hor kokatzen da, menderatzen duen nazio baten zapalkuntza jasaten baitu. Aliatuak, azken finean, zure egoera bertsuan dauden kideak izaten dira.
Zein da irtenbidea?
Herri erakundea nahi dugu orain: Nestor Kirchner [2003-2007] eta Cristinaren [Fernandez, Argentinako presidentea 2007tik 2015era] gobernua. Hego Amerikan integratzeko ikuspegi berri bat izatea da helburuetako bat. Azken hamar urteetan, eskuineko gobernu neoliberalen joan-etorrian gabiltza; herritarren itxaropenak beteko dituen herri gobernu bat nahi dugu.