Argentina

Argentinako Senatuak atzera bota du abortua despenalizatzeko legea

38 senatarik bozkatu dute lege proposamenaren kontra, eta 31k alde. Poliziak negar gasarekin sakabanatu ditu manifestariak.

Abortuaren aldekoak Senatuaren kanpoaldean, bozketa amaitu zain. DAVID FERNANDEZ, EFE
2018ko abuztuaren 9a
07:11
Entzun

Legez, bi kasutan soilik aborta daiteke Argentinan: emakumea bortxatua izan denean eta amaren bizia arriskuan dagoenean. Ordea, ezkutuko abortuak ohikoak dira, eta halakoek emakumearen heriotza eragiten dute maiz. Adolfo Rubinstein Osasun ministroaren arabera, urtero 350.000 emakumek jotzen dute ezkutuan abortatzera. Gobernuz kanpoko erakundeen esanetan, baina, 500.000koa izan daiteke kopuru hori. Hala ere, Kongresuak ekainean onartutako legeak eztabaida eragin du Argentinako gizartean.

Senatuan islatu da gizarteko eztabaida. Legeari buruzko saioak hamazazpi ordu iraun du, eta bozketa bera ere estua izan da oso: abortuaren aldeko 31 boz, eta kontrako 38. Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohia izan da alde bozkatu dutenetako bat izan da. Estatuburu zela, abortuaren aurka egin zuen Kirchnerrek, baina bozketan alde egin du, argudiatuta abortua legezko izan edo ez milaka emakumek joko dutela irtenbide horretara: "Gizartean dagoen arazo bat da. Legea ez da gaur aterako, baina bai hurrengo urtean edo datorrenean".

Senatuko behin-behineko presidente Federico Pinedo da abortuaren aurkako mugimenduaren ordezkari nagusietako bat, haren esanetan legeak "eginbehar" bilakatuko zuen "delitu" zena. "Ez gara bizi bakar batez ari, bi biziri buruz baizik. Emakumeen interesak defendatu behar ditugu, baina baita haurrak jaiotzeko duen eskubidea ere".

Protestak

Senatuaren barruan eztabaida gori-gori zegoelarik, kanpoan bi kolorek bete dituzte kaleak: abortuaren aldekoen zapi berdeek eta aurkakoen urdinek. Urduritasuna izan da nagusi, eta eztabaidak aurrera egin ahala baita atsekabea eta haserrea ere. "Izan dadila lege!", oihukatu dute, bozketa amaitu eta Poliziak manifestariak sakabanatu dituen arte. Gutxienez zortzi dira protestetan atxilotutakoak.

Eraikinaren kanpoaldean bildutako gehienak beren kabuz joan dira ingurutik, baina izan dira istiluak ere, hainbat lagun Senatuan sartzen ahalegindu direnean. Segurtasun indarrek negar gasa jaurti diete.

Kongresuak onartutako legeak aurreikusten zuen emakumeak berak erabaki zezakeela haurdunaldia etetea lehen 14 asteetan, eta baita hortik aurrera ere, amarentzat edo umekiarentzat arriskurik bazen, edota haurdunaldia bortxaketa baten ondorio bazen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.