ARGI ALDIAN. Izenak II

Eider Carton.
2007ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Taula periodikoari begirada bat botaz gero, azkar ikusten da elementu kimiko bakoitzari dagokion ikurra izenaren laburtzapena dela. Hain zuzen ere, gauzak horrela egiteko proposamena Berzelius kimikariak egin zuen XIX. mendearen bigarren hamarkadan. Kimikaren aurkikuntza-garai garrantzitsuak izan ziren haiek, eta, elementuei dagokienez, oso oparoak. Izan ere, mende hartan eta aurrekoan aurkitu, isolatu edo identifikatu ziren gaur egun taula periodikoan bildutako elementu gehienak: XVIII. mendearen hasieran 15 elementu ezagutzen zituzten; XIX. mendearen amaieran, 84.

Berzeliusek elementuak nola adierazi proposatu zuenean, elementuen zerrenda 50etik gorakoa zen, eta haiek irudikatzeko sinbologia konplexu eta ilun samarrak erabiltzen zituzten: astrologian edo zeinu kabalistikoetan oinarritutakoak batzuk, arrazionalagoak besteak, baina estandarizazio handirik gabekoak guztiak. Sistematika baten beharraren aldarria lehendik egina zegoen, eta saioak ere bai; arrakasta, ordea, Berzeliusek izan zuen. Sistema sinple eta erabilerraz bat proposatu zuen, denok ezagutzen dugun hori. Ikur gisara elementu bakoitzaren izenaren lehen hizkia erabili zuen, eta, horiek errepikatzen zirenean, bigarren hizki bat gehitu zuen. Horregatik dira boroa B, barioa Ba edo bismutoa Bi.

Sinplea izateaz gainera, kasu gehienetan ikurraren eta elementuaren arteko lotura zailtasunik gabe egiteko modukoa ere bada Berzeliusek proposatutako sistema. Ez beti, ordea. Batzuetan izenaren eta ikurraren arteko harremana ez da oso (edo batere) begi-bistakoa; hizkuntzaren arabera, gehiagotan edo gutxiagotan. Hain justu, hizkuntzen arteko desberdintasunei aurre egiteko neurrietako baten ondorio dira zailtasun horiek. Hizkuntza desberdinetan hitz eginagatik elementuak identifikatu ahal izateko, ikurrak finkatzeko oinarritzat elementuen latinezko izenak hartu zituen, oro har, Berzeliusek eta, horregatik dira zilarra Ag (argentum-etik), beruna Pb (plumbium-etik) edo urrea Au (aurium-etik). Latinetik eratorritako hizkuntzak mintzatzen dituztenek, beraz, abantaila dute ikur batzuen logikarekin; gutxirekin, ez baitaude horrelako adibide askoz gehiago.

Adibide horien artean berezia da merkurioa. Izan ere, hizkuntza latindarra izateak ere ez du laguntzen ikurra eta izena lotzen. Merkurio elementuari dagokion ikurra, Hg da, grekotik latinera egokitutako hydrargyos izenetik (zilar ura edo) sortutakoa. Zein da, ordea, hydrargyos-en eta merkurioren arteko lotura? Bada, alkimia. Esan liteke,merkurioa dela Erdi Aroko alkimistek taula periodikoan utzi duten oroigarria. Garai hartan zazpi elementu - burdina, kobrea, eztainua, zilarra, urrea, merkurioa eta beruna- eta zazpi planeta ezagutzen ziren -Ilargia ere kontuan hartuta, Merkuriotik Saturnora-, eta, alkimistek planeta baten izena eman zioten elementu bakoitzari, haien ustean, elementuaren eta planetaren izaeren arabera. Erabilera horrek arrastoak utzi ditu esapideetan; adibidez, horregatik, esan izan zaio saturnismo berunak eragindako intoxikazioari. Baina elementu-izen gisa iraun duen bakarra merkurio izan da, hor amaitzen da alkimisten ondarea.

Erabat amaitu ez dena aurkitutako elementuei izena emateko askatasuna da. Oinarrizko arau batzuk badaude, eta XX. mendearen erdialdetik IUPACek dauka izenen gaineko erabaki-ahalmena, kimikaren alorreko erreferentziako erakundeak, baina aurkitzen duen taldeak edo pertsonak (edo hobeto esanda, sintetizatzen duenak, elementu berri guztiak artifizialki sortuak baitira), izen bat proposatzeko eskubidea du. Garai batean aurkitzailearen fantasiaren arabera, propietateen arabera edo, askotan, isolatu zen mineralaren izenetik abiatuta izendatzen zituzten. Geroago, toki, eskualde edo nazioen izenak ere erabili dira, planetenak -berriz-, edo zientzialarienak; eta gaur egun ere, tradizioari jarraiki, bide beretik egiten dira proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.