ARGI ALDIAN. Transplanteen

2007ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Txinak giza organoen trafikoa ofizialki debekatu zuenetik. Iazko uztailean indarrean jarri zen arau horrek aspaldidanik zabaldutako zurrumurruei erantzun nahi zien; izan ere, giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu izan du Txinako kartzeletan exekutatzen diren presoei organoak erauzten zaizkiela haien nahiz beren familiakoen baimenik gabe. Berebat, Human Rights Watch-ek dio Txinako ospitaleetan egiten diren transplante gehienak turistaz mozorroturiko atzerritarrei egiten zaizkiela eta ez bertako herritarrei.

Munduko herrialde jendeztatuenean hartutako neurriek eragina izan dute organo merkeen hornitzaile izandako beste estatu batzuetan, Indian eta Pakistanen bereziki. India munduko organoen supermerkaturik handiena izan da urtetan. Egun, aldiz, delitua da bertan organoak saldu eta erostea; teorian, bederen, organo trafikoa debekatuta dago bertan, eta autoritateek debekua serio hartu dutela ematen du, zigorrak ezartzeari ekin diote eta. Osasunaren Munduko Erakundeak salatu duenez, berriz, Egiptok hartu die lekukoa Txinari eta Indiari; eta, oraingoz, bederen, bertako autoritateek ez dute trafikoa debekatzeaz ezer ere entzun nahi.

Organoen ibilbidea Asian hasten da beraz, baina nora doaz haiek?Estatistika ofizialen arabera, Mendebaldeko Europan 120.000 gaixo bizi dira dialisiaren menpe, eta beste 40.000 giltzurrun baten zain. Uste da egun hamar gaixo horietatik batek aipatu herrialdeetara jotzen duela behar duen organoaren bila.

Errealitate horren aurrean erreakzionatzeko modu bat nazioarteko hitzarmenak sinatzea da organoen salerosketa eta trafikoa debekatuz. Agerikoa da, ordea, debeku hutsezko neurriak ez direla nahikoak pertsona txiroen esplotazioa ekiditeko, mafiek debekuei itzuri egiteko bideak erraz aurkitzen baitituzte. Debekuaren ordez, beraz, eraginkorragoak ei diren hainbat neurri proposatu izan dira; organo salmenta legeztatzea, kasu. Legeztatzearen aldeko argudioak dio hobe dela gorputz atalen bat saltzeko prest dagoenari ematen zaion saria legezkoa izatea, bitartekariak aberastu ordez, irabazia emaileak berak jaso dezan.

Beste proposamen batzuk ere badaude, hala nola hilotza «ondasun komunal» edo herri-ondasun jotzea. Hil eta gero, gorputzaren atalak jaberik ez dutela onartzen denez, zergatik ez ditugu horiek guztionak kontsideratzen? Berez, transplanteak arautzen dituzten Europako lege askok joera hori erakutsi du agintzen duenean hilotzari erauz dakizkiokeela gorputz-atalak, baldin eta pertsona horrek, bizi zen bitartean, kontrako borondaterik adierazi ez bazuen. Lege aurreikuspen hori, ordea, hilotzetik hartutako organoei bakarrik dagozkio; ez, ordea, bizien arteko dohaintzei. Bizien arteko organo dohaintzaren auzi latza konpontzeko, berriz, hezur muina nahiz giltzurrunak, kasu, irtenbide ausart bezain eztabaidagarria proposatu da azkenaldi honetan. Organo trafikoaren jatorrian herrialde aberatsek duten organo demanda eta herrialde txiroen errekurtso eskasia dagoenez, esplotazio iturri hori errotik zuzentzeko, atzerritarrei organoak transplantatzea debekatu beharko litzateke. Alegia, estatu bakoitzak autarkikoa izan beharko luke gai honetan; herritarren organo eskea bere mugen barruan konpondu, estatu bereko herritarren organoetara joz, eta ez Hirugarren Munduko txiroen lepotik.

Proposamenak ez du, agerikoa denez, arrakasta izateko aukera handirik, baina, dudarik ez da, estatuen autarkia ezarriko balitz, orain ez bezalako modu batera arautuko liratekeela dohaintzak Europako herrialde aberatsetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.