Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Argiak eta ilunak

Une erabakigarri batean daudela onartzen dute palestinarrek, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruaren hitzaldiaren ostean. Aldi berean, ordea, NBEn aurkeztuko duten ekimenaren gaineko argitasun falta salatzen dute askok.

Ane irazabal
Ramala
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Txistuak eta klaxon hotsak entzun ziren Palestinako kaleetan, Mahmud Abbasek ostiralean eman zuen diskurtsoaren ostean. Azken asteotan, ahalegin berezia egin du PAN Palestinako Aginte Nazionalak, estatuaren egitasmoarekin eszeptiko agertu den gizarte palestinarraren babesa eskuratzeko. Egunotan, 194. estatua dioten eranskailuak eta Palestinako banderak ematen ibili dira eskoletan, unibertsitateetan eta kultur etxeetan. Orain, sostengua erakusteko sinboloak kalera atera dituzte zenbaitzuek.

Eskubide osoko estatu kide izateko eskaera egiteko erabakia ofizialki iragarri du Abbasek, eta badirudi ez dagoela atzera bueltarik. Hilaren 23an, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian defendatuko du ekimena, eta ondoren Segurtasun Kontseilura igorri.

Hitzaldiaren osteko erantzunen zain, «poztasuna» erakutsi dute PANeko politikariek, bainalasaitasuna igorri nahian dabiltza. Nabil Shaath Al Fata alderdiko Batzorde Exekutibo Zentraleko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko Batzorde Exekutiboko kidea izan da lehena hitz egiten: «Hau ez da jokoaren amaiera, sinesten dugu Israelen abilezian negoziazioen mahaira itzultzeko».

Palestinarrak, ordea, datorren asteko gertaeren esperoan daude, kalean nekez entzun daiteke beste gairik. Gizartea zatituta agertu da ekimenaren inguruan.

Aziz Dueik, Palestinako Batzorde Legegileko presidentea eta Hamasek Zisjordanian duen ordezkari nagusiena, zuhur mintzatu zaio BERRIAri: «Mugimendu garrantzitsua da Palestinako eskubide nazionalen onarpena ekar dezakeelako, baina lehenago, garrantzitsuagoa iruditzen zait Palestinako fakzio politiko guztien arteko batasuna lortzea. Bestela, egitasmoak ez du palestinarren osotasuna ordezkatuko».

Zisjordanian da Luisa Morgantini Europako Parlamentuko lehendakariorde ohia, eta hark ere «pauso garrantzitsu» moduan definitu du erabakia. Haren ustez, estatu askok gatazkaren inguruan duten jarrera aldatuko du aitortzak: «Palestina estatu bat izango da, ez auzian dagoen lurralde bat. Halere, ez da irtenbide bakarra, okupazioak bere horretan jarraituko duelako».

Ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Nazioarteko legedian aditua den Valentina Azarov abokatuak ere hala ikusten du: «Jokoaren natura aldatu nahi du Abbasek, eta ondorio guztiak esku artean izanda doa Segurtasun Kontseilura. Estatuaren aldarrikapena lortzen bada, estatu batek beste baten eskubide bortxaketak salatuko ditu. Kategoria ezberdin bat da». Alta, aitorpenaren gaineko puntu asko argitzeko daudela aitortu du Azarovek.

Alabaina, PANek informazio gutxi eman du datorren ostiralean NBEn aurkeztuko duen testuaren inguruan. «Segurtasun arrazoiak» direla medio, txostena sekretuan mantentzea erabaki dute ordezkariek. Nassar Ibrahim idazle eta ekintzailearen esanetan, eztabaida ez da NBEra joatea ala ez joatea, zein estrategiarekin doazen jakitea baizik. «Iraileko egitasmoak Osloko Akordioekin hasi zen bake prozesu hutsalaren inguruko hausnarketaren ondorioa izan beharko luke. Badirudi, ordea, krisian dagoen Palestinako buruzagitzak azken karta jokatu nahi duela».

«Gardentasun falta»

Palestinako erakunde zibilak dira ekimenarekin kritikoen agertu direnak, eta salatu duteherritarrak kontuan izan gabe hezurmamitu dela proiektua. Agiri batean azaldu dute ostiraleko hitzaldiak eskariaren inguruko azalpen gutxi eman zituela eta «gardentasun falta» nagusi dela. Hilaren 23a baino lehenago «eztabaidaren muina» diren ideia nagusiak ongi argitzeko deia egin diote Abbasi. Iheslarien auzia nola planteatu den eta estatu berriak PAEk NBEn duen ordezkaritza aldatuko lukeen jakin nahi dute sinatzaileek.

«PAE da mundu zabaleko palestinarron egiazko ordezkari bakarra, eta estatuaren aldarrikapenak ez luke bere statusa aldatu behar», dio Gazako, Zisjordaniako, Israelgo eta diasporako palestinar entzutetsuek kaleratu duten adierazpenak.

Agiri horren sinatzaileetako bat da errefuxiatu palestinarren aldeko Badil elkarteko Akram Salhab. «Abbasek esan duen guztiak ez du inolako garrantzirik, NBEn palestinarrak nork ordezkatuko dituen argitzen duen arte. Hitzaldian, palestinar guztion ordezkari gisa izendatu du bere burua, baina ez ditu aipatu lurralde okupatuetatik kanpo bizi diren herritarrak. Badirudi denbora irabazi nahian ari dela», adierazi dio BERRIAri.

Ildo horretan, Palestinako ezkerreko zenbait taldek, giza eskubideen aldeko Taradut erakundeak eta Israelgo alderdi komunistak egitasmoaren aldeko adierazpena sinatu dute, Palestinako auziaren inguruko puntu nagusienak ukitzen ez direlako. Nagusiki, iheslarien itzultzeko eskubideari egin diote azpimarra.

Bat eginez

Nolanahi ere, inor gutxi ausartu da publikoki ekimenari ezezko borobila ematera. «Baina arduratuta egoteko eskubidea dugu», dio Jamal Jumak, Stop the Wall (Harresia Gelditu) kanpainaren koordinatzaile eta herri komiteetako kideak. «Ilun samarra iruditu zitzaidan Abbasen hitzaldia, eta horrek nahasmena handitu besterik ez du egiten. Ez digu azaldu 1967ko mugen barruko Palestina zer den beretzat. Geuk ere NBEra joan nahi dugu, jakina; baina zeintzuk dira horretarako baldintzak?».

Ekimenaren aldeko ahotsak, berriz, ugarituz doaz herrialde arabiarretan zein nazioartean, eta manifestazioak antolatzen dabiltza giza eskubideen aldeko zenbait erakunde. Larunbatean, Kalkilia eta Kalandian (Zisjordania) egin ziren lehen agerraldi jendetsuenak. Datorren astera begira, nazioarteko elkartasun kanpaina bultzatu nahi dute hainbat estatutan, eta ziur aski, ekimenaren aldeko ekintzak ugalduko dira mundu mailan.

Baina manifestaziorik handiena hilaren 21ean espero da Ramalan, PANek milaka pertsona deitu baititu hiriko kaleetara. Abbasek era lasai eta baketsuan kalera irteteko dei egin zien ostiralean herritarrei. «Zurrunbilo diplomatikoan sartu aurretik, jendetza batu eta babesa sentitu nahi du PANek», adierazi du George Rishmawi bake ekintzaileak.

Oraindik, ordea, zaila da egitasmoak palestinarren artean duen babesa neurtzea, gertaeren bilakaera nolakoa izango den esperoan baitaude herritarrak. Agian froga esanguratsua izango da asteazkeneko manifestazioa. Oraingoz behintzat etxafuegorik ez Palestinako kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.