Ekialde hurbila

Argindarrik gabe geratzear dago Gaza, Israelek ezarritako blokeoagatik

Gazako zentral energetiko bakarra erregairik gabe dago, igandetik. Argindar faltak ospitaleetan nahiz azpiegituretan «eragin larriak» eragin ditzake.

Gaza eta Israelen arteko muga. EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 17a
19:38
Entzun

Gazako konpainia elektrikoak atzo ohartarazi zuen lurraldeko zentral energetiko bakarra «larri» dagoela erregai faltagatik, eta bihar itxi lezake zentrala, Israelek erregaia sartzeko blokeoa kentzen ez badu. Bihartik aurrera elektrizitaterik gabe utz ditzake Gazako ia bi milioi biztanleak, Israelgo Yedioth Aharonoth egunkariak jasotako jakinarazpen baten arabera.

Aurreko astetik, Gazak salgaientzat duen Karem Shalom sarbide bakarrak itxita dirau, Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroaren aginduz. Horrez gain, arrantzarako eremua murriztu zuen hemezortzi itsas miliatik hamabost miliara. Bada, igandetik, arrantzatzea ere debekatu du. Neurri horiei lurraldean erregaia sartzeko debekua gehitu zaio, eta hala, hornidura elektrikoa are gehiago murriztu zaio Gazako lurraldeari, herrialde osoa argindarrik gabe uzteraino.

Gazako zentral elektrikoak lurralde osoan kontsumitzen den elektrizitatearen %35 ekoizten du, eta beste guztia Israeletik eta Egiptotik inportatzen dute. Halere, erregai eskasiagatik Gazan bizi diren palestinarrek sarritan itzalaldiak pairatu izan dituzte. Orain erregaia lurraldean sartzea debekatuta dutenez eta elektrizitate planta bakarrak energia sortzeari uzten badio, herrialdeak argindarra soilik egun erdiz izango luke, modu irregularrean: palestinarrek sei orduan izango lukete elektrizitatea erabilgarri; datozen hamabi orduetan, ordea, argi mozketa pairatuko lukete; eta hurrengo sei orduetan berriz itzuliko litzaieke. Zafer Melhem Palestinako Energia eta Baliabide Naturaleko presidenteak adierazi duenez, hornidura elektrikoak «%75eko defizita» izango du baliabide faltagatik. Gauzak horrela, herritarren bizi baldintzak gehiago oker litezke. Egun, bi milioi herritar bizi dira Gazan, eta horietatik erdia baino gehiago pobrezia mugaren azpitik daude, Munduko Bankuak emandako datuen arabera.

Israelek hartutako neurri zorrotzek Palestinako komunitatea sutu dute. Azken egunetan hainbat manifestarik protestak egin dituzte bi herrialdeen arteko mugan, Israelek palestinarrei 2007az geroztik ezarritako blokeoa altxatzeko exijitzeko eta giza laguntza mugaz zeharka dezan.

Egoera larri horri SARS-COVID-19 birusak gizartean eragin duen ondorioa gehitu behar zaio. Palestinako agintariek martxoaren 5ean ezarri zuten «larrialdi egoera», koronabirusaren lehen kasuak erregistratu ziren unean. Mail Alkaila Palestinako Osasun ministroak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan beste 456 kasu atzeman dira, 23 herritar daude zaintza intentsiboetan, eta horietatik bost arnasa hartzeko makinarekin konektaturik daude. Birusa Palestinan sartu zenetik, orotara, ia 22.000 herritar kutsatu dira, eta 121 lagun hil ditu. Bestalde, argindar faltarengatik, besteak beste, ura punpatzeko eta urak tratatzeko arazoak izango lituzkete, eta zentralaren itxierak hezkuntzan nahiz azpiegituretan eragina izango luke.

Pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoek aurretik zuten krisi ekonomikoa are luzeago eta gogorrago pairatzea eragingo duela salatu du Fawzi Barhoum Hamaseko bozeramaileak. Oro har, elikagai edo finantza laguntzak asko murriztu zaizkie. Bestalde, Israelek Gazari ezarritako blokeoarengatik «isiltasuna» kritikatu du.

Erasoek ez dute etenik

Israelgo armadak Gazako hainbat gune bonbardatu ditu, enegarrenez. «Israelgo tankeek eraso egin diete Hamas erakunde terroristak Gazan dituen hainbat helburu militarri, Gazak Israelgo lurraldeetara jaurti dituzten suziriei eta puxika lehergaiei erantzunez». Hala adierazi du Israelgo armadak ohar bidez. Zauriturik egon den ez du berririk eman.

Aurreko astetik Israel Gazako hainbat gune bonbardatzen ari da, tartean, Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Agentziaren eskola bat leherrarazi zuten. Bestalde, Gazatik Israelera puxika bidez bidalitako dozenaka lehergaiek 31 sute eragin zituzten atzo. «Bi lurraldeen arteko gatazka baretzeko xedez», Egiptoko segurtasuneko ordezkaritza baten bisita izan dute Hamaseko agintariek gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.