Txileko Justizia eta Hezkuntza ministro izan zen Salvador Allenderen gobernuan Jorge Tapia Valdes. Gertutik aztertu izan du Boliviaren itsasorako irteeraren eskaeraren auzia. Besteak beste, La mediterraneidad de Bolivia y el factor peruano (Boliviako mediterraneotasuna eta faktore peruarra) liburua idatzi zuen 2011n. Zuzenbidean doktorea da, eta Santiagoko Talcako Unibertsitateko irakaslea. Peru eta Boliviarekin muga egiten duen Tarapaca eskualdeko gobernadorea izan zen.
Boliviak Txileren aurka joko du Hagako nazioarteko auzitegira. Arrakasta izango al du?
Kontuan eduki behar da Bolivia itsasorik gabe geratu zela, ez hainbeste 1904ko itunarengatik, baizik eta Peruk eta Txilek 1929an sinatutakoarengatik. Hartan zehaztu zuten ezingo ziotela beste herrialde bati lurrik eman, elkarren baimenik gabe. Dudarik gabe, hitzarmen horren galtzaile nagusia Bolivia izan zen. Txile, itxuraz, gaizto eta inozo moduan geratu zen; eta Peru, geopolitikoki eta diplomatikoki, irabazle nagusia izan zen. Giltzarrapo klausula horrek Peruren esku utzi zuen Boliviaren itsaso irteeraren aferaren irtenbidea.
Zergatik?
Irtenbide posible bakarra hauxe delako: Aricatik Peruko mugarainoko pasabide bat sortzea, eta itsasaldetik goi ordokirainoko lurraren kontrola Boliviari ematea: Boliviako korridorea.
Peru irteera horren aurka al dago?
Historiak hala erakutsi du. Izan ere, horrela Txilerekiko muga galduko luke, eta muga hori «guztiz santutzat» jo zuen Augusto Leguia Peruko presidente ohiak, giltzarrapo klausularen bultzatzaile nagusietakoak. Txilek ezin du onartu korridore bat zabaltzea hegoalderago, bere lurraldearen jarraipena moztuko liokeelako; eta Boliviak, berriz, ez du onartzen bere lurraldearekin lotuko ez den edozein eremu. Beraz, aurreneko galderari erantzunez, zer argudio eramango du Boliviak Hagako auzitegira? 1904ko hitzarmenaren mugak berrikusteko beharra? Hitzarmen horrek zuzenbidearen eta nazioarteko politikaren baldintza guztiak betetzen ditu. Beraz, ukiezina da, ez bada nahi arriskuan jarri mugak zehazten dituzten nazioarteko hitzarmenen balioa. Evo Moralesek guztiz itxitako bideetatik ibili nahi du, burujabetza osoaren berreskuratzea aldarrikatuta.
Beharbada, Txile presionatu nahi du, alde biko negoziaziora ekartzeko?
Baliteke, baina kasu horretan kontuan hartu beharko luke Bogotako Hitzarmenak aukera kentzen diola 1949 baino lehenagoko auziak planteatzeko. Halaber, giltzarrapo klausulak tarte oso estua uzten dio, pentsaezina baita Nazioarteko Justizia Auzitegiak Txile ez ezik Peru ere behartzea Boliviarekin irteera bat bilatzera. Beraz, ekimenak ez du arrakasta izateko aukerarik, iraganeko bide amaituetan sakontzea besterik ez baitu planteatzen.
Non egon liteke irtenbidea?
1982ko Itsasoaren Konbentzioaren ondorioz sortutako nazioarteko araudi berriak aukera ematen du itsasorik ez duten herrialdeen arazoa konpontzeko. Luciano Mardones Cappanerarekin egindako liburuan ondorioztatu dugu alde guztiek aintzat hartu behar dutela ezingo dutela lortu eskatzen duten guztia. Aldi berean, kontuan hartu beharko da 150 urteko gatazka bat ez dela urte eta erdian konponduko. Bestetik, 1904ko Itunaren balioa onartu beharko da. Zintzotasuna, pazientzia eta irteera aurkitzeko borondatea da edozein negoziazioren oinarri. Aldi berean, arrakasta izateko, ez bada onartu nahi hiru aldeen arazo baten aurrean gaudela, gutxienez aitortu beharko da Boliviak eta Txilek iritsiko duten akordioa Peruk ere onartu beharko duela. Alde horretatik, gure proposamena da lurraldearen zati bat uztea burujabetza funtzionalaren pean lehen fase batean, eta 25 urteren ondoren Peru ere batzea akordioari.
Zer deritzozu Txileren jarrerari?
Uste dut profesionaltasun diplomatiko eza eta handikeria direla Txileren jarreraren ezaugarriak, Boliviarenak bezala. Horregatik, beharrezkoa da bi herrialdeek jarrera eta hizkera aldatzea, eta Bacheleten gobernuaren garaian hasitako 13 puntuko agendaren bideari berrekitea. Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) El Salvadorren egindako batzar orokorrean Txilek aitortu zuen arazo bat dagoela Boliviarekin. Orain arte, beti ukatu izan du hori. Horrek etorkizuneko negoziazio gardenagoen bidea errazten du.
Txileko gizarteak gero eta jarrera irekiagoa dauka Boliviari itsasorako irteera bat errazteko, ezta?
Berriki argitaratu den inkesta baten arabera, herritarren %64,2 Boliviari itsasorako irteera bat ematearen alde daude, baina burujabetzarik gabe. Historikoki zentro-ezker laikoaren eta sentsibilitate militaristarik gabeko sektore akademiko eta intelektualen eskaera izan da hori. Beraz, onerako aldaketa dago. Arazoa mahai gainean jartzen du inkestak, ordea: Boliviak alde batera utzi behar du burujabetzaren aldarrikapena. Burujabetza partekatuaren edo funtzionalaren kontzeptu berriak hasi behar dira lantzen. Ez da erraza izango. Izan ere, hiru herrialdeak elkarren etsaitasunean hezi dira. Txileri dagokionez, egoskorkeria horrek erraz dezake beste konfederazio peru-boliviar bat sortzea, XIX. mendekoa baino sendoagoa, gainera.
Arazoa ekonomikoa al da?
Arazoaren zati bat burujabetza nazionalaren kontzeptua ulertzeko moduan dago. Baina badaude beste oztopo batzuk ere, adibidez historia ulertzeko eta irakasteko modua. Peru eta Boliviako herritarrei erakutsi diete Txile herrialde harro, oldarkor, inperialista eta militarista bat dela. Txiletarrek, berriz, sumatzen dute historiaren munstro bat balitz bezala begiratzen dietela. Bi ikuspegi horiek elkarren mesfidantza elikatzen dute etengabe.
Jorge Tapia Valdes. Txileko Justizia ministro ohia
«Aricatik Perura arteko lurren kontrola Boliviari ematea da irtenbide bakarra»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu