Arma industriaren interesak ordezkatzea egotzi dio Etxe Zuriak erriflearen erakundeari

AEBetako Erriflearen Erakunde Nazionalak urteroko biltzarra egingo du gaurtik igandera, Texasko eskolako hilketa gertatu eta hiru egunera. Suzko armen erabilerari buruzko akordio bat egin nahi dute demokratek errepublikanoekin.

Emakume bat Uvalden, tiroketaren biktimak omentzeko memorialaren ondoan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 27a
14:13
Entzun

Amerikako Estatu Batuetako ikastetxe batean 21 hildako eragin zituen tiroketa bat gertatu eta hiru egunera egingo du NRA AEBetako Erriflearen Erakunde Nazionalak urteroko biltzarra, gaurtik hasita igandera arte, Houstonen (Texas); hain zuzen, estatu horretako herri batean, Uvalden, hil zituen 18 urteko gazte batek hemeretzi adingabe eta bi irakasle, pasa den asteartean. Eta horren guztiaren harira, AEBetako Gobernuak leporatu dio erakundeari arma industriaren interesak ordezkatzea. «Ez ditu ordezkatzen armak eduki arren neurriak hartu behar ditugula uste dutenak», nabarmendu zuen, atzo, Karine Jean-Pierre Etxe Zuriko bozeramaileak, prentsa agerraldi batean. Joe Biden AEBetako presidentea bihar da Uvaldera joatekoa.

Bozeramaileak adierazi zuen erriflearen erakundearen eta «bere aliatuen» jarrera «lotsagarria» dela, argudiatuta trabak jarri dituztela «bizitzak salbatuko dituzten» eta armak komunitateak «izutzen» dituzten pertsonengandik urrun mantentzeko neurriak sustatzeko orduan. NRAk ohar bat plazaratu du Uvaldeko gertakarien ondoren: «Houstonen gertakari horiez hausnartuko dugu, biktimen alde otoitz egingo dugu, gure abertzaleak aitortuko ditugu, eta konpromisoa hartuko dugu ahalegin handiagoa egiteko gure eskolak tokia seguruak izan daitezen».

Biltzarrera joatekoa da, esaterako, Donald Trump 2017 eta 2021 artean AEBetako presidentea izandakoa. Greg Abbott Texasko gobernadorearen ere biltzarrean hitz egitekoa zen, baina ohar baten bidez jakinarazi du, gaur, ez duela parte hartuko. NRAren webgunearen arabera, erakundeak bost milioi kide ditu.

Alderdi Demokratak suzko armen kontrolari buruzko bozketa bat egin nahi du ekainean AEBetako Senatuan. Hori jakinarazi zuen, atzo, Chuck Schumer demokraten goi ganberako buruak. Horrekin lotutako bi ekinbide jada onartu dituzte Ordezkarien Ganberan, baina Schumerren esanetan, oraindik ez dute eman horiek Senatura eramateko pausoa, aurretik akordio bat negoziatu nahi baitute errepublikanoekin. Schumerrek adierazi zuen «oso eszeptikoa» dela horren inguruan, baina baduela itxaropena bi aldeak adostasun batera heltzeko, eta, modu horretan, «egiazki murrizteko AEBetako indarkeria armatua».

Kritikak Poliziari

Eta astearteko tiroketarekin berarekin lotuta, Texas Hegoaldeko Polizia Departamentuak ziurtatu zuen, atzo, erasotzaileari inork ez ziola aurre egin Robb eskolara sartu behar zuenean. «Argitaratu da segurtasuneko agente batek susmagarriari aurre egin ziola sartzen ari zen bitartean. Baina ez da egia», adierazi zuen departamentuko buru Victor Escalonek, atzo, agerraldi batean. Polizia kritikatua izaten ari da, leporatuta beranduegi erreakzionatu zuela.

Escalonek zehaztu zuen, gainera, Salvador Ramos erasotzailea baino lau minutu geroago heldu zirela aurreneko patruilak eraikinera, eta ordubete geroago hil zutela. Kazetariek galdetu zioten eta zergatik ez zuten lehenago egin erasotzailearen aurka, baina ez zien galdera horiei erantzun. Joaquin Castro Ordezkarien Ganberako diputatu demokratak eskatu dio FBIri gertatutakoa ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.